HEZKIDETZA
Halaxe diosku Chimamanda Ngozi Adichi idazle nigeriarrak Hik Hasik euskarara ekarri zuen liburuxkan: mutil zein neska, emakume zein gizon, guztiok izan behar dugula feminista mundu hau hobetzeko. Euskal Herriko ikastetxe askotara heldu da liburuxka, irakasle zein ikasleengana, eta tresna egokia dela aitortu dute modu xume eta goxoan genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko.
Suedian 2005eko abenduan 16 urteko ikasle guztiei liburu honen ale bana ematea erabaki zuen hezkuntza agintaritzak. Hik Hasik 2017an argitaratu zuen euskaraz, eta geroztik hainbat ikastetxetan erabili dute liburuxka hezkidetzaren eta generoaren gaia lantzeko. Idazleak bere bizitzako pasarteak kontatzen ditu modu xume eta lasaian, baina agerian utziz eguneroko bizipen horiei darien jarrera matxista. Ia oharkabean pasatzen diren ohiturak, erabakiak eta jarrerak argitara ateratzen ditu, eta horien aurrean jarrera feminista izateko deia egiten du, jakitun izanik ez dela erraza eta denon beharra dagoela. Lupa lana egiten du liburuxkak, eta zirimiria bezala ideia feministekin bustitzen du irakurlea. Durangoko Kurutziaga ikastolan Hik Hasik liburuxka argitaratu eta berehala eskatu zituzten ale batzuk. Idoia Marin irakasleak dio urte hartan sortu zela DBHko ikasleen artean talde feminista eta bertako kideei oparitu zizkietela. “Taldea sortu berria zen eta ikasleek kontzientzia handia zuten. Inplikazio handiz abiatu ziren eta ikasteko gogotsu zeuden. Liburuxka euren formakuntzarako ekarpen gisa ikusi genuen eta jakin-min handiz hartu zuten”. Aurten gauza bera egiteko asmoz eskatu dituzte liburuxkak, eta irakurri ondoren taldean bildu eta tertuliak egiteko asmoa dute. “Interesgarria deritzogu irakurri ondoren elkarrekin hitz egitea eta ekarpenak partekatzea”. Gainera, hezkidetza da ikastolaren ardatzetako bat eta urte osoan zehar egiten dituzte jarduerak. “Beldur barik lehiaketan ‘Handitan bide eginez’ lanbideei buruzko lanarekin saria irabazi zuten”, dio Marinek. Irungo Vicente de Paul ikastetxean ere Hezkidetza plana badute, berrikusten ari dira uneotan eta Berdintasun plana ere berritua dute. “Horrez gain, ikas-komunitatea sortu dugu gure ikastetxean eta horren barruan ikasleekin tertuliak martxan jartzeko asmotan gara”, kontatzen du Jorge Legüina zuzendariak. “Hori guztia lantzeko egokia izan daiteke liburuxka. Erreferentzia onak nituen eta eskaera egin dugu”. DBHko geletan eta liburutegian jarriko dituzte eskuragarri.
Lanketa aukera anitzak
Bilboko San Adrian institutuan irakurketa-gelako proiektua ireki berri dutela dio Ander Lantaron idazkariak. “Bertan hainbat liburu jarriko ditugu ikasleen eskura eta tartean Chimamandarena, egokia ikusi dugulako eta Hezkidetza batzordea egiten ari den lanaren osagarri delako”. Irakurketa-gelan liburuak izango dituzte ikasleek eta irakurtzera soilik joan ahal izango dira, ezingo dute mugikorrekin edo ordenagailu eramangarriekin sartu. Iurretako Juan Orogigoitia institutuan ere antzeko proiektu bat dute esku artean, “Hamabost minutu leitzen” izenekoa. DBHko geletan irakurtzeko txokoak antolatu dituzte eta ikasleen eskura jarritako liburuen artean batzuk puntu moredunak dira. Hezkidetza batzordeko Ventura Kortazar, Unai Zuazua eta Maribi Perez arduratu dira puntu moredun liburuak jartzeaz, eta horien artean Guztiok izan beharko genuke feminista jarri dute. “Hasieran irakurgai modura jarri dugu eta hik hasi I 266. zenbakia. 2022ko martxoa I 25 ondoren, ikasturteak aurrera egin ahala, lanketa bat egiteko asmoa dugu”. Gasteizko Mendebaldea BHIn martxoaren 8an gela guztietan banatu zituzten liburuxkak, “nerabeei gaia gerturatzeko oso modu egokia delako liburu honen irakurketa”, Elena Garmendia Hezkidetza Batzordeko arduradunaren ustez. Ikasgai bakoitzaren denboraren lehen hamar minutuak irakurtzera bideratu zituzten, “eta horrela, ikasleak ez ezik, irakasle guztiak inplikatu ziren”. Donostiako Zurriola ikastolan DBH3-ko ikasleek 3. hiruhilekoan Chimamandaren liburuxka izango dute langai Etika ikasgaian. Amaia Dones DBHko koordinatzaileak azaltzen du modu horretara ebaluatu egingo den gaia izango dela, “eta horrek gaia sakonago lantzeko aukera emango digu”. Gelan irakurri eta elkarrekin komentatuko dute, eta Etikako irakasleak gaira hurbiltzen, idazlearen lekuan kokatzen eta enpatizatzen lagunduko die ikasleei. “Agian ez zaie erraza egingo irakurtzea, baina motza eta arina da, testigantza errealak dituena eta teoria ere baduena”. Sestaoko La Salle Nuestra Señora de Begoña ikastetxean liburuxkak interesa piztu du. “Baina ikasleekin lantzen hasi aurretik, koordinatzaileek eta irakasleek irakurtzeko eskatu dugu”, dio Rober Cidad zuzendariak. “Lehendabizi guk geuk egin nahi dugu lanketa eta aurrera begira, gustatzen bazaigu, ikasleekin lantzeko gehiago eskatuko ditugu”. Gauza bera egin dute Uharte-Arakilgo San Miguel HH eta LHko ikastetxean. Amaia Mendizabal irakasle eta zuzendariak dioenez, “nik neuk argitaratu zenean irakurri nuen eta oso interesgarria iruditzen zait. Halere, zalantzak genituen LH6-ko ikasleek irakurtzeko egokia izango ote zen, normalean DBHkoei ematen zaielako. Orduan, klaustrokide guztiontzat eskatu ditugu eta geuk irakurriko dugu. Ondoren, liburuxkari buruzko tertulia egingo dugu”. Esperientzia baloratu ostean erabakiko dute aurrera begira zer lanketa egin dezaketen. Skolae proiektua ere lantzen ari dira eta gustura daude egiten ari diren lanketarekin. Ikastetxe hauetan denetan hainbat ekintza egiten dituzte martxoaren 8an, barrura zein herrira begira. Baina lanketa horretaz haratago joan nahi dute Guztiok izan beharko genuke feminista liburuxkarekin.
Generoaren eta hezkidetzaren gaia lantzeko aukera asko ematen ditu Chimamandaren liburuxkak.