Naroa Jaio Jaio Iurretako Orobigoitia BHI-ko batxilergoko 1. mailako ikaslea 

Iraila hasi eta horrekin batera klaseak hasi dira. Aurten Batxilergoa hasi dugu eta, nahiz eta, hasiera batean nire aukera izan den, ez dakit benetan nik nahi izan dudalako aukeratu dudan. “Batxilergoa izateak asko laguntzen du”, “leku askotan Batxilergo titulua eskatzen dute”, “lana aurkitzea errazago egingo zaizu”. Bizitza osoan esaldi horiek entzuten ditugu eta horrek erabat baldintzatzen gaitu. 

Batxilergoan hiru bide nagusi ditugu: zientifikoa, humanistikoa edo artistikoa. Horiexek dira gure etorkizuna erabakiko duten bideak. Batzuek oso argi izaten dute eta arazorik gabe aukeratzen dute; beste batzuek, ordea, ez dute hain erraz izaten. Nik egindako aukeraketa, adibidez, ez da erraza izan, ez nekielako etorkizun batean zer izan nahi nuen. Oraindik ere ez dakit baina, beno, aukeraketa egina dago. 

Lehenengo astea egin dugu eta, jada azterketa batzuk jarri dizkigute. Oraindik ez dugu eman beharreko guztia eman eta irakasleak ez digu guztia erakutsi, baina beno, ikasturteko “planninga” egina dago eta horretara moldatu behar gara, nahiz eta, nire ustez, alderantziz izan beharko litzatekeen; gure erritmoa errespetatuz hobeto barneratuko genituzke gauzak. 

Beste alde batetik, emandako materia guztia ez daukat oso argi nork aukeratzen duen edo zeren arabera aukeratzen den. Ez dakit gure iritzia eta gure nahiak kontuan hartzen ote diren. Ulergarria da oinarrizko gauza batzuk jakin behar izatea eta hori denok ikasi behar izatea, baina zein puntutaraino da beharrezkoa ematen den guztia? 

Nik uste dut DBHn edo Batxilergoan ikasle askoren helburua ez dela ikastea edo gauzei buruz jakitea izaten, irakasgaia gainditzea baizik. Berdin du nola, baina garrantzitsuena gainditzea izaten da. Tranpak egin, ondokoari “txibatu” eta beste edozer gauza egiten dugu nahi dugun notara heltzeko. Ez daukagu motibaziorik eta, nire ustez, hori falta zaigu. Mila gauza daude aldatzeko eta ez da egun batetik bestera gertatuko, baina lehenbailehen hasi behar dugu horretan. Guztiok nahi duguna kontuan hartu behar da eta motibazioa piztu. Horrela, klaseak benetan baliogarriak izango lirateke eta klasean emandako teoria geure bizitzan praktikan jarriko genuke.