Alizia Fernandez Huarte, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslea eta hikhasitarra.
Kurtso berria estreinatzen dugun honetan, irakasle berriengan pentsatzen dut. Urtero kopuru handitxoa dugu gure eskolan. Leku guztietatik datoz, gehienak urrunetik, eta kotxean ordu asko pasa beharko dituzte, edo herrian pisu bat alokatu. Etorkizun ziurgabearekin, askotan ez baitakite zenbat denboraz egongo diren lanpostu horretan. Haien azalean jarriz, zer pentsatuko ote duten galdetzen diot neure buruari, haien nahiak zein diren eta ikasturte honengandik zer esperoko duten. Egia esan, imajinatzen dut: gogoan dut oraindik ere, duela urte batzuk, zuzendari berrien iraileko formazioan, galdera horren erantzuna paper batean idazteko eskatu zigutela. Ia guztien erantzuna berdintsua izan zen: “Giro polita izatea”. Hitz sinple horiekin.
Ni, hori idatzi nuen bakarra izango nintzelakoan, baina nire kezka ez zen batere originala izan. Emaitzekin, metodologiarekin edo kalitatearekin loturikoak espero nituen. Ustekabean, ordea, hitz desberdinak erabilita ideia bera errepikatu genuen. Eta ikasleek eta familiek kezka bera dutelakoan nago.
Izan ere, denok dakigu, giroak baldintzatzen dituela espero ditugun beste desio horiek: kalitatearekin, emaitzekin edo metodologiarekin loturikoak.
Hala ere, gure barnean lehentasuna izan arren, kuriosoa da orokorrean ez dela kontuan hartzen, eta merezi duen denbora, tresnak eta lekuak ez direla bermatzen. Harreman onak per se sortuko direla espero dugu, eta astroen edo zortearen eskuetan uzten ditugu. Baina ZAINTZAK presente egon beharko luke gure eskoletan, eta hori ez da bat-batean sortzen, kontzienteki bultzatu behar da.
Arnastu egiten da lehenengo egunetik: pertsona berriekin lehenengo kontaktua izatean, harreran, haren kezkak eta beharrak asetzean… Hurrengo egunetan ere usaintzen da: espazioetan, antolamenduan, laneko baldintzetan, hitz egiteko moduetan.
Inor bakarrik ez sentitzeko talde lan kooperatiboa bermatu behar da, kohesio dinamikak eginez, pertsona bakoitzaren indarguneak probestuz eta taldeko partaide baliotsua sentiaraziz. Asko hitz egin, ideiak partekatu, hausnartu. Hori guztia esatean ez naiz soilik irakasleez ari, hezkuntza komunitateko pertsona guztiez baizik.
Ez da perfektua izango, arazoak sortuko dira, kontu batzuk ez baitaude gure esku. Astroen esku agian; administrazioaren esku, gehienetan. Baina ez eman, mesedez, denbora galdutzat. Mereziko du.