Haurraren benetako beharrak aurretik ezartzea.
Haurdunaldiko azken hiruhilekoan ohikoa izaten da haurraren etorrerarako gauzak prestatzen hastea eta etxea egokitzea. Joxe Ramon Mauduit psikoterapeutak merkatuko gailuen aurretik haurraren benetako beharrak ezartzea gomendatzen du; gauzak jarri ordez, kentzea.
Bat-batean sortzen den estres baten modukoa da: “Dena prest izan behar dut haurraren etorrerarako!” eta tripa handiko emakumea haurraren logela prestatzen hasten da, etxea garbitzen, edota pintatzen. Haurdunaldiaren azken etapan gertatzen da eta badu izena: Habiaren sindromea da. Aurki etorriko den haurrari lekua egin nahi dio amak etxean, eta datorkion aldaketari aurre hartu nahian, garbiketan, pintaketan edota erosketan hasten da. Gainera, merkatua sindrome horri erantzuteko prest dago, benetako beharretatik harago, merkatuak mobiliario eta dekorazio premia handiak sortzen ditu gurasoen sindrome hori baliatuz.
“Erosi, jarri, apaindu…-ren ordez, Joxe Ramon Mauduit psikologo eta psikoterapetuak habia prestatzeko garaian jarri beharrean kendu egin behar dela dio, materialki hitz eginaz. Ados dago etxea “prestatu” egin behar dela haurraren etorrerarako, baina ez merkatuaren zentzuan, apaindurei eta gailuei dagokienez, haur jaioberriaren benetako beharrei erantzuteko baizik. Etxea “prestatzeko” garaian, beraz, piskoterapeutaren aburuz etxearen egiturak eta diseinuak umearen mugimendua, konfiantza eta autoestimua garatzen lagundu dezan pentsatu behar ditugu. “Kontzeptu kontua da: detaile gutxi batzurekin haurraren mugimendua mugatu egiten dugu edo bultzatu”. Mauduiten arabera, haurraren mugimendua errespetatzeak, hezte-prozesua errespetatzea esan nahi du, bere zentzu zabalean: “Hazten ari den gorputzak mugimendua behar du. Haurra bere gorputza eta gorputz horren gaitasunak esploratzen hasten da oso txikitatik. Horretarako gorputz horrek ezinbestekoa du mugitzea”.
Kontzeptu kontua da: detaile gutxi batzurekin haurraren mugimendua mugatu egiten dugu edo bultzatu.
Haur jaioberriaren etorrerarako baino gehiago, hasiera batean, etxea guraso berrientzako “prestatu” behar dela dio Mauduitek, “ama bera da etxea eroso aurkitu behar duena”. Izan ere, hasierako hilabeteetan haurra ez da gehiegi mugituko eta gurasoen besoak izango dira gehienetan bere habia. Gero, mugitzen hasiko denean, kanpoko espazioak haurraren barruko beharrari erantzun behar diola dio Mauduitek: “Barruak eskatu egiten dio mugitzeko, baina, kanpokoak konfiantza eskaini behar dio, ez dezala minik hartu. Mugitu ahal izateko baldintzak eduki behar ditu haurrak etxean”. Lurra egokitu behar da, Mauduiten arabera, etxeko zorua. Izan ere, mugitzen hasten denetik, lurrarekiko kontaktuan dago haurra. Espazio oso garrantzitsua izango da lurra berarentzat, lau hankatan dabilela gaitasun motorea garatzen ari baita. Gero, salto egitea eta lurrera erortzea gustatzen zaio haurrari, baina horretarako minik hartuko ez duen lekua behar du. Zorua, ordea, gogorra eta hotza izan liteke, egurrezkoa edo baldosazkoa baita; arazo hori lastaira batzurekin konpon liteke, adibidez. Lurrean eroso sentitzen bada, haurrak uzten zaion espazio zabal guztian zehar esploratuko du, bere kabuz. Gurasoei ere lurrean egoteko gomendioa egiten die Mauduitek:
Etxera etorri eta lurrean etzan, zure gorputzari kasu egin, luzaketak egin eta arnasa sakon hartu. Kanpoko gora-beherak utzi eta etxeko giroan sartzeko modua da.
Lehenengo, egongela eta sukaldea
Etxeko eremuei dagokienez, haur txikiaren beharrei erantzuteko, haren gela baino gehiago, etxeko beste eremu batzuk “prestatzea” gomendatzen du psikologoak, hala nola, egongela edo sukaldea, haurrak helduak dabiltzan lekuan ibili nahiko baitu. Eremu horiek biak, ordea, ez dira normalki haurraren mugimendurako eta “esplorazio senerako” egokituak egoten, eta izatekotan hori “prestatzeko eta aurreikusteko” gomendatzen du psikoterapeutak. Izan ere, haurrari erakargarriak irudituko zaizkio helduek erabiltzen dituzten gauzak. Bi gomendio ematen ditu Mauduitek: haurrak erabiltzeko modukoak diren gauzak, erabiltzen utzi; erabiltzeko modukoak ez direnak, bere begi-bistatik kendu. “Adibidez, liburuak ukitu eta esploratu nahi izaten dituzte haurrek, eta ‘ezetz’ eta ‘ezetz’ esaten badiegu, ez dute bakerik izango. Liburu bat ukitu dezan eta esplora dezan uztea ideia ona izaten da, behin esploratu, bota edo dena delakoa egin duenean, ez du normalean berriro beharko”. Argitxoak eta botoiak dituzten gailuen kasuan, edo arriskutsuak, apurtzeko modukoak edo baliotsuak diren kasuetan eta helduak haurrek erabiltzea edo ukitzea nahi ez badu, debekatzea baino egokiago litzateke haurraren begi-bistatik kentzea:
Mugimenduak eta deskubritzeko nahiak eskura dituen gailu guztiak ukitzera eramango dute haurra, eta espazioa haurrarentzat egokitzeak, gurasoen eta haurraren arteko tentsio-une horiek saihesten lagun dezake.
Haurraren logelari dagokionez, haurraren etorrerari loturiko ilusioa gorpuzten da askotan berau prestatzen hasten garenean. Hori jakinik, logela merkatuaren arauek gidatuta prestatu ordez, haurraren beharren arabera diseinatzea aholkatzen du psikoterapeutak. Izan ere, haurra jaio aurretik prestatzen da normalki bere gela, helduen gustuen arabera. Mauduiten hitzetan, haurrak etxean mugitzeko eta adierazteko nahikoa espazio baldin badauka —egongelan, adibidez—, logela ez du hainbeste beharko mugitzeko edo ibiltzeko, “izatekotan ere”, logela lo egiteko, gauzak gordetzeko eta bere intimitatea edukitzeko beharko du haurrak. Oheari dagokionez, arriskuak saihestea eta autonomia eskaintzea lehenetsi beharko lituzke haurra bere gelan lo egiten hasten denean, horretarako, ohea lurretik ahalik eta baxuen jartzeak lagunduko luke.
Logela, era berean, haurraren gauzak gordetzeko lekua izango da. Haurra “nireanireanirea” hasten den etapa horretan bere gauzak eskura izatea garrantzitsua da psikoterapeutaren arabera, “seguritatea ematen dioten gauzak behar ditu gelan garai horretan”, dio Mauduitek. Horrez gain, bere gauzen kokapena lantzen hastea inportantea da, eta bere gauzen antolaketan eta jasotzean haurrak parte hartzea.
Alabaina, haur txikia datorrenerako, kasu askotan beste haur bat edo bi badaude dagoeneko etxean, eta baita haur txikiarena izango den gelan ere. Haurride nagusiarentzat espazio emozionalaz gain espazio fisikoa urra lezake beraz, haur txikiak, ezaugarri hori zaintzea eta kontuan izatea gomendatzen du Mauduitek, eta egoerari buelta ematea, hau da, nagusia inplikatzea txkiena gelan inkoporatzen, bera ez dadin baztertua sentitu:
Neba-arreba nagusiaren espazioa erabat ez inbaditzea inportantea da txikiena iristean.