Arlo profesionalean erabiltzen ditudan ipuinen aukeraketa egiterko nire ardatzak  bi dira: euskara eta feminismoa. Egiari zor, aitortu behar dut etxeko ingurunean...

Arlo profesionalean erabiltzen ditudan ipuinen aukeraketa egiteko nire ardatzak bi dira: euskara eta feminismoa. Egiari zor, aitortu behar dut etxeko ingurunean ez naizela izan arlo profesionalean bezain zorrotza ipuinak aukeratzerakoan. Hala ere, saiatu naiz zenbait irizpide lehenesten. Txikiak zirela, euskal kulturan murgiltzeko intentzio osoarekin eta euskara etxeko hizkuntza bihurtzeko asmoarekin, ahalegin berezia egin dut haurrek eskuratzen zutena euskaraz egon zedin.

Haurtzaroan gaztelaniaz lokartu garenok liburuetara jo behar izaten dugu haurrak euskaraz lokartu nahi ditugunean. Horrek arrotz samar sentiarazi ninduen behin baino gehiagotan, ez bainuen atxikimendu berezia sentitzen abesten ari nintzen abestiarekiko. Saiatu naiz inoiz "los cochinollos ya estan en la cama..." eta nire haurtzaroko sehaska-kantak itzultzen baina... ene! Nahiz eta zirrara eta aldarte berezia sortu niri, hitzari erreperatuta konturatzen nintzen arlo profesionaleko irizpide asko ez zituztela betetzen eta, ondorioz, itzultzeko asmoa baztertzen nuen.

Euskarazko sehaska-kanta bilduma ederrak aurkitu nituen zorionez, arlo profesionaleko irizpideekin bat egiten zutenak, behinik behin. Esate baterako, Begira-begira eta Egizu lo liburuak erabili ditut askotan (zortzi idazleren artean osatutako liburuak biak, horietatik bakar bat baino ez emakumea, Miren Agur Meabe). Lehenak Elena Odriozolak egindako ilustrazio zoragarriak dakartza, eta bigarrenak, Eider Eibar ilustratzailearenak.

Niretzat ezinbestekoa da feminista izatea ere. Tira! Konformatzen naiz sexista ez izatearekin. Ez pentsa lan erraza denik. Emakumeen lanak aurkitzeko horien bila joan behar izaten da berariaz. Hala egin ezean, gizonezkoen lanak iristen zaizkizu esku artera ehuneko handi batean.

Mariasun Landaren Joxepi Dendaria, Partxela, Txan Fantasma, Kaskarintxo eta Galtzerdi Suizida askotan irakurri ditugu. Horietako ipuin batzuen sorrera oso gertutik bizi izan nuen, Mariasun gure tutorea baitzen eta, batzuetan, gerora liburu bihurtuko ziren idazlanen zirriborroak irakurtzen baitzizkigun ikasgelan. Eder askoa baita ere Oihana Esquirol Picabeak Gatuzain editorialarekin argitaratutako Esku Jokoak, eskuekin kontatzeko ipuinak. Ilustrazio ederrekin eta oso lagungarria den CD batekin dator liburua.

Adela Turin ere gure irakurgaien artean egon da: Arturo eta Klementina, Bonobo betaurrekodunen egiazko historia eta abar. Uxue Alberdiren Txikitzen zaretenean-ekin irakurri eta barre egiten genuen inguruko heldu ezagunak liburuko egoera xelebre horietan irudikatzen. Baita Luisa Aguilarren Tximeleta belarriak-
ekin ere, Fernando Rey Escalerak itzulia. 
Badira dibertimenduaz gain beste helburu jakin batzuei begira irakurri izan dizkiedan liburuak, hala nola, Arantxa Iturberen Nik eserita egiten dut...eta zer?, gure etxean ere eserita egiten baitugu denok txiza. Eskolara joaten hasi zirenean konturatu ziren praktika subertsiboa zela mutilek pixa eserita egitearena... ene! Gizartearen erdi batek eserita egin behar omen du txiza, baina beste erdiarentzat ez omen da posizio erosoa... Beraien egoera liburuan islatuta ikustea lagungarri egin zitzaien semeei. Helburu jakin batekin kontatu nien baita ere Tim Bowly-ren Jack eta heriotza (Xerezaderen artxiboa webgunean entzun daiteke Dorleta Kortazar kontalariaren ahotsean) eta oso interesagarria eta ederra iruditu zait galeraren inguruan 2020an Intza Alkain eta Janire Arroyok sortutako Hori ez galdu sekula album ilustratua.

Beraien kabuz irakurtzeko gaitasuna izan zutenean, Alaine Agirrek, Xabier Mendigurenek eta Belatzek osatu zuten Munstro Txikiak bilduma gogotsu irakurri zuten.

Asko erabili dugun beste liburu bat izan da Hatz-markak (Ttartalo). Haur txikiekin gauza bitxiak marrazteko aukera ematen duen liburua da. Urte batzuk geroago, Egin zure komikiak (Ibaizabal) jarduera liburua erabili izan dute.

Askotan eskatu didate "kontatu ahoz". Ondo asko bereizten zuten ahots gora irakurtzen zen ipuina edo euskarririk gabe ahoz eta bat-
batean kontatzen zena. Gustuko zuten ipuin kontalariak entzutea eta oso txikitatik Pello Añorgaren ipuin saioekin disfrutatu dute herriko liburutegian. Arreta handiz entzun izan ditugu baita ere, besteak beste, Ines Bengoa, Maite Franko, Nerea Ariznabarreta eta Itziar Rekalde.

Ikus-entzunezkoei dagokionez, nahikoak fidelak izan ziren hasieran euskararekin. Liburutegiari esker, Urtxintxa aisialdi taldearen Punpalaplan euskal jolasen bilduma DVDa eta Oskorriren eta Kukubiltxoren Do-re-mi Euskal herrian antzerkiaren DVDa ezagutu genituen. Sarri mailegua beste astebetez luzatu behar izaten genuen, ez baitziren nekatzen. Egia esan, zenbat harribitxi aurkitu dugu liburutegian? Eskerrik beroena herriko liburuzainei!

Hasierako ikus-entzunezko horiek beste askori eman zieten bidea: Pipi Kaltzaluze, Super Neskak, Horton, Robots, Totoro, Bederatzi eta beste askori. Horiek denak euskal encodings web-orrian aurkitu daitezke euskaraz. Mila esker, euskal encodings!

Kamaleoiak gara izeneko egitasmo interesgarri bat dago Tabakaleran. Txikiei eta helduei zuzendutako jarduera-programa honetan munduko animaziozko laburmetraia zoragarriak ikusteko aukera dago, eta ondoren, lantegi batean haur eta helduen artean animazio teknika desberdinen bitartez taldean laburmetraia bat egiteko aukera izaten da. Hainbat argazki tailerretan ere hartu dugu parte Tabakaleran. Vivian Maier argazkilariaren erakusketaren harira egin genuena dut bereziki gogoan.

Antzerkiari dagokionez, Anduriña Zurutuzaren Zirriborro antzezlanarekin asko gozatu genuen, sormen-
prozesuari buruz hitzik gabeko eta irudimenez beteriko bidaia. Glu-glu antzerki taldeak eskaini dituen zenbait obra gustura ikusi dituzte. Aipatu konpainiak klasikoen bertsio interesgarriak taularatzen ditu. Donostiako La Farandula mikro antzerki tabernan Cecilia Paganiniren Lolipop antzezlan laburra ikusteko aukera izan genuen. Mikro antzerkia izan arren, aitortu behar dut makro dibertimendua eskaini zigula esperientziak. Eta nola ez aipatu Gure Zirkua. Bi ikuskizunetan egon gara eta entretenimenduaz eta irribarreaz gain, malkotxoak sortzerainoko une hunkigarriak bizi izan ditugu.

Badago etxean erabiltzen dugun beste euskarri bat, egunkaria. Adibidez, Berria-ko Mantagorri gehigarriko Munduari adi atala oso egokia da haurrekin gai politikoez hitz egiteko.

Sinetsita nengoen haurtzaro osoan zehar eskainitako kultur esperientzia horien ondotik, euren jakin-minak eta kultur kontsumoak bide horretatik jarraituko zutela. Usteak erdi ustel! Nerabezaro-aurrea deritzon aro horretan sartu dira dagoeneko eta aukeratzeko autonomia gehiago dutenez, beraien nahiak azaltzen dituzte, gogotsu azaldu ere.

Alde batetik, esan behar dut ez direla irakurzaleak. Tira, argitu beharko nuke liburuak irakurtzeko oso zaleak ez diren arren, irrikiz irakurtzen dituztela euren gustuko youtuberrek idazten dituztenak. Gaztelaniaz, noski. Ingelesez ere saiatzen dira noizean behin. Ingelesa ikasteko balio omen die.

Bestetik, euskararen erabilerari dagokionez ere, gure usteak ez dira bete. Etxean babesa eta goxotasuna behar dutenerako eta eskolan erabiltzeko hizkuntza dela ulertu dute. Baina aisialdiko kultur kontsumoa egiteko orduan, gisa honetakoak entzuten ohitu naiz: “Jo!  gaur Wonder Woman normal ikusi nahi dut!”… Zer demontre?!... Normal?!… Gal Gadot gaztelaniaz entzutea normala al da?! Zer egin dut gaizki?

Feminismoaren begiradatik, berriz, zerbait lortu dut? Tarteka konturatzen dira ikusten ari diren hori matxista dela (ez dela gutxi), baina hala izatea ez da eragozpen eduki hori ikusten jarraitzeko.

Aitortu behar dut aukeratzeko autonomia gehiago duten garai honetan beraien aukerak ez datozela bat nik beraientzat aukeratuko nituzkeen gauzekin. Horrek barrenean gatazka sortzen dit: alde batetik, debekurako eta zentsurarako autoritatea aitortua dudalako etxean; baina, beste aldetik, nekez irudika dezaket zer ikusi, entzun edo irakurri nahi duen aukeratzeko eskubiderik ez duen pertsona libre bat. Gutxienez, istorioak entzun eta ikusteko plazera mantentzen dute oraindik; eta egunean zehar aurrenerabeak bihurtzen badira ere, oraindik gauetan nire ahotsaren beharra dute goxo lokartzeko, eta orduan, gutxienez, nire proposamenak aukeren artean dituzte. Izango ote du eraginik etorkizunean?