PANTAILAK AISIALDIAN BAZTERTUTA

Aisialdian pantailarik gabe bizitzea posible dela ikusarazteko 'Hamar egun pantailarik gabe' izeneko erronka egiten dute Ipar Euskal Herriko 12 eskolatan, horien artean Urruñako San Frantses Xabier eskolan. Horren berri eman zigun Eneko Jorajuria bertako irakasleak Hik Hasik antolatuta, azaroaren 20an Zumaian izan zen 'Pantailak 0-6an. Zertarako?' izeneko jardunaldian. 2017az geroztik, urtero egiten dute erronka eta helburu argia du: familiei aisialdian pantailak hobeto kontrolatzen eta bizimodu osasuntsuagoa hartzen laguntzea.

 

Animaliak etengabe mugitzen ari diren bitartean, gizaki txikiak gero eta gehiago esertzen dira, eta nekez kentzen dituzte begiak pantailatik. Zer pentsatua ematen duen esaldi horrekin eman zion hasiera Eneko Jorajuria Urruñako San Frantses Xabier eskolako irakasleak Hamar egun pantailarik gabe ekimenaren azalpenari. Datu argigarriak eskaini zituen Jorajuriak: Mendebaldeko haurrek 2 urtetik aurrera, hiru ordu ematen dituzte egunero pantailaren aurrean eta adinean aurrera egin ahala, ordu kopurua ere hazi egiten da: “Ama eskolan, haurrek 1.000 ordu inguru pasatzen dituzte aisialdiko pantailen aitzinean eta kopuru hori emendatzen da, urtez urte. Lehen Hezkuntzako haurrek 1.700 ordu pilatzen dituzte; eskolan pasatzen duten denboraren bikoitza pasatzen dute pantailaren aitzinean. Emaitza astronomikoak dira. Frantses Kardiologia Federakuntzak dio haurrak ez direla asko mugitzen: 40 urtetan gaitasun fisikoen % 25 inguru galdu dute. Beraz, berriro mugitzen hasi behar dugu eta pantailen aurrean ematen dugun denbora saihestu edo mugatu behar dugu”.

Ohitura hobeak hartzen lagunduz 

Nola lagundu ditzakegu haurrak eta nerabeak ohitura hobeak hartzen? Bada, Hamar egun pantailarik gabe moduko erronkak egitea izan liteke bidea. Hala azaldu zuen Jorajuriak: “Deskonexio digitala ariketa kolektiboa da eta emaitza harrigarriak ditu. Hainbat astez prestatu ondoren, haurrek eta nerabeek, gurasoek, anaiarrebek, irakasleek eta komunitateak lagunduta, hamar eguneko barau digitala egitea erabakitzen dute. Egun horietan ez da aisialdiko pantailarik (lanerako erabil daitezke) eta horren truke, haientzako hainbat jarduera antolatzen dituzte. Pantailarik gabeko erronkak dibertigarria izan behar du eta aurkari handien kontrako maila handiko partida gisa aurkezten dugu. Eta partida horretan, puntuak pilatzen doaz. Erronkak iraun bitartean bakoitzak bere egunkaria idatziko du. Irakasleek prestakuntza jarduerak egiten dituzte klaseetan, eta guraso boluntarioek amaierako festa prestatzen dute eta azken galdetegiaren erantzunak biltzen dituzte”. Irakasleek hainbat jarduera pedagogiko prestatzen dituzte ikasleek pantailetatik deskonektatzeko nahia eta ahala bereganatzen joan daitezen, eta, era horretan, pantailak euren bizitzan duen lekuaz jabetzen dira. Aisialdiko pantailen aurrean denbora gehiegi pasatzeak dakartzan ondorioak eta hori murriztearen onurak azaltzen dizkiete: “Euren bizi ohiturez ohartzen dira: jarduera fisikoa, loa, irakurketa… eta pantailarik gabe egitea gustatzen zaizkien jarduerak zerrendatzen dituzte. Baita norekin egitea gustatzen zaien ere. Bestalde, bideo joko bortitzek garunean eta portaeran nola eragin dezaketen ikasten dute. Haur handiagoei, pantailei eta haien atzean lan egiten duten profesionalei buruzko galderak egiten zaizkie. Zergatik kentzen diguten hainbeste denbora, zergatik nahi duten gure arreta maizago eta luzaroan bereganatu, eta nola jokatzen duten profesionalek horra heltzeko. Ikusten dute industriak ahaleginak egiten dituela gazteak bere menpe atxikitzeko eta adimen psikikoa zorrozten dute, adierazpen gaitasuna eta askatasuna lantzen dituzte, bere iritzia ematera gonbidatzen ditugu eta beste ikasleak pantailen kontsumoa kontrolatzen bultzatzeko argudioak prestatzera bultzatzen ditugu”, azaldu zuen Jorajuriak. 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin egiten dute erronka, bereziki egokia baita adin horietan: “Lehen egunean haur guztiak biltzen dituen zeremonia handi bat egiten dugu. Haurrek pantailak modu sinbolikoan deskonektatzen dituzte eta nagusienak kirolariz janzten dira desafioarekin sedentarismoaren kontra aritu nahi dugula ikusarazteko. Kontagailua ere ezartzen dugu, puntuak pilatzeko”.

Irakasleak eta gurasoak ere pantailarik gabe

Baina ikasleak ez dira pantailak hamar egunerako alboratzen dituzten bakarrak: “Irakasleek ere desafioan hik hasi I 264. zenbakia. 2022ko urtarrila I 25 parte hartzen dute, pantailak uztea ez diegu soilik ikasleei galdegiten. Eta gurasoek ere parte hartzen dute, hala nahi badute”. Balorazio ezin hobea egiten dute denek hamar egun horien ondoren: desafioaren ondotik gurasoen % 84k dio pantailen denbora hobeto kontrolatzen laguntzen diela eta % 97k eskolak erronka errepikatzea nahi izaten du. Irakasleen gehiengoak ere esperientzia oso erabilgarria dela uste du: % 96k uste du emaitza oso ona dela eta pedagogikoki onuragarria da gehiengoaren iritziz. Haurrak ez dituzte desafioan parte hartzera behartzen, nahi duenak parte hartzen du baina parte hartze tasa handia lortzen dute. Denek ez dute ez lortzen hamar egunez pantailak osoki baztertzea, baina % 80k zazpi egun bederen lortzen ditu, eta % 44k desafioa osatzea lortzen du. Onura handiak ekartzen ditu erronkak Jorajuriaren hitzetan: “Haurrek aisialdirako pantailekin denbora gutxiago pasatzen dutelarik, gizentasuna txikitzen da, eta jokabide bortitza eta kontsumorako joera murrizten dira. Era berean, publizitatearen eragina murrizten du, norberaren eta gorputzaren irudi positiboa sustatzen du eta pantailaren gehiegizko erabilera saihesten du”. Hamar egun. Ez da gehiago behar aisialdia beste era batera antola dezakegula ikusteko. Pantailek inguratuta bizi arren, beste modu batera bizi gaitezkeenaz ohartzeko.