12-16 urte bitarteko gaztetxoekin euskara sustatzeko helburuarekin antzerki musikalean oinarritutako diziplina anitzeko ikuskizun originalak antolatzen ditu urtero Jaso Ikastolak. Aurten, hamargarren urteurrena ospatuko du, Sutan ikuskizunarekin. Gai sozialak ardatz harturik, irakasgai asko lantzen dituzte STEAM metodologiaren bidez, baina, oroz gain, ikasleengan maila pertsonalean eta sozialean duen onura nabarmentzen dute musikalaren koordinatzaileek.

Paperak guztiari eusten dio, eta nonahi irakur dezakegu edonolako proiektu batek STEAM metodologiari jarraitzen diola; edo ikaskuntza-zerbitzuen metodologiaren araberakoa dela; hezkuntza emozionala zaintzen duela; diziplinartekoa dela; parekidea dela; euskaratik egiten dela… eta abar luze bat. Badira, ordea, proiektu batzuk benetan egikaritzen dituztenak halako baieztapenak. Jaso musikala proiektua ezaguturik, helburu zein bitarteko horiek guztiak betetzen direla ikusten da. Ez paperean, oholtzan baizik; edo, are gehiago, oholtzarako bide-prozesuan. Ikusi egiten da, aditu, sumatu proiektuan parte hartu duten ikasleen adierazpenetan: “Pertsonalki, aldaketa ekarri dit musikalak; esperientzia berriak bizitzea eta lana, baina gustura egindako lana”. “Musikalak neure buruarengan konfiantza izaten eta neure burua ezagutzen lagundu dit. Nire bizitzarekin zer egin ez nekien momentu batean, zentzua eman dio”. “Esperientzia emankorra izan da, gauza asko ikasi ditugu, gauza teknikoak ere bai; aktoreen mundua ezagutu dugu, abeslarien mundua ere ezagutu dugu, eta arlo pertsonalean, harreman bereziak egin ditugu. Oso ikaskuntza-prozesu berezia dela pentsatzen dut”. Hunkiturik eta eskerturik mintzo dira ikasleak Jaso musikalak eman dienaz galdetzean. 

Hori guztia hamar urteko prozesuaren emaitza da, goitik begiratuta ikusten dena. Aurten, hamar urte beteko baitira Iruñeko Jaso ikastolak lehen musikala oholtzaratu zuenetik. Baina hastapenak oso xumeak izan ziren, behetik gora, urratsez urrats eraikitako proiektua izan baita Jaso musikala. Imanol Janices Gorputz Hezkuntzako irakaslearen buruan hasi zen egosten proiektua, eta Irantzu Zabaltza Lehen Hezkuntzako irakaslearen laguntzarekin ondu da ibilbidea (tartean hainbat irakasle izan dituzte laguntzaile, eta gaur egun, Idoia Asiron irakaslea eta Eva Lopez de la Hoz ikasle ohia ere proiektuaren koordinatzaile dira): “Gorputz Hezkuntzako ikastorduetan, acrosport saioak egiten genituen DBHko ikasleekin, taldeetan banandurik akrobazia-koreografiak prestatzen zituzten. Ikasle trebeenak talde banatan bereizten nituen, maila artistiko handiena zutenek eta motibatuen zeudenek besteengandik tira egin zezaten. Baina neure buruari galdetu nion: ‘Zer gertatuko litzateke trebeak diren ikasle guztiak elkarrekin jarriko banitu, eta, gainera, ikasgaian motibaziorik ez duten dauden batzuk eta trebeak izan daitezkeenak ere txertatuko banitu motibatuta daudenekin?’”. 

Lehen emaitza acrosport koreografia luze bat izan zen, DBHko 2. eta 3. mailakoen artean ikastolako areto nagusiko tatamiaren gainean egin zutena, “zegoenarekin” moldatuta; Disneyren pelikula baten egokitzapen xume bat egin zuten. “Segituan konturatu ginen proiektu honek aukera hezigarri handiak zituela”, dio Janicesek. Eta urratsak egiten hasi ziren, Euskal Herriko areto handietako eszenatokietara eraman dituen ibilbidearen lehen urratsak. Aurten, Islandiara eramango ditu, nazioarteko antzerki-hezkuntza jardunaldietara. 

Akrobaziak bakarrik landu beharrean, ikasleek izan zitzaketen beste gaitasun batzuk uztartzea izan da Jaso musikala arrakastara eraman duen gakoa, kantatzeko gaitasuna, dantzarako… baina soinu edo argiztapen teknikarako, gidoiak idazteko edota ikasleen komunikaziorako gaitasunei ere atera diete etekina. “Casting moduko batzuk egin genituen, nahi zuenak parte hartu zezan kantuan, akrobaziak egiten, aktore-lanetan, dantzan… Berehala konturatu ginen oso erreminta garrantzitsua geneukala esku artean, baina baita ere, ohartu ginen, ikastolako aretoa txikiegia zela emanaldiak egiteko”. Lehendabizi, Iruñeko kontserbatorioko antzokian galdetu zuten, ikastolaren ondoan baitago, baina antzokia akustikoa denez, ez zien balio, eta ondoren, Barañaingo auditoriumean galdetu zuten. “Aukerak biderkatu zitzaizkigun han: teknikariak daude, eta azpiegitura profesionala. Berehala, gure ikasleak hango langileekin hasi ziren lanean, kalitatezko azpiegiturarekin. Bat-batean, ikastolako emanaldiko akrobazia berdinek, argiztapenarekin eta soinu profesionalarekin janztean, musikal itxuroso eta jantziaren forma hartu zuten”. “Emaitza oso ederra eta ikusgarria da, baina oso behetik gora egindako lana izan da hamar urte hauetan egin dugun guztia, eta musikal bakoitzaren atzean dagoen prozesu guztia ere urratsez urrats zaindua da”, zehaztu du Zabaltzak. 

Zuk zeuk sortzen duzunean zerbait, inplikatu egiten zara. Eta inplikatzen bazara, ikaskuntza-prozesua gertatu egiten da. Eta hor dago gakoa. Nik uste dut hori izan beharko litzatekeela prozesu pedagogiko guztien egitura. Sortu, zeure sentitu, inplikatu eta ikasi

Imanol Janices

Ikasleen motibazioa, ikaskuntzarako ardatz 

Lehen musikala Txanpon baten truke izenekoa izan zen: euskal mitologian eta marinelek baleen ehizara egin beharreko bidaietan murgildu zen ikastetxea. Ikasleen ideietatik abiaturik, irakasleek osatu zuten gidoia; bost mikrofonorekin egin zuten funtzioa, eta 30 foku erabili zituzten. 43 ikaslek hartu zuten parte musikalean. “Hurrengo urtean, pilaka aurkeztu ziren castingera, baina ikusi genuen hiru irakasleren artean ezin genuela 50 pertsonatik gorako taldea kudeatu, eta tamaina horri eutsi diogu ordutik —castingera aurkezten den ikaslerik ez da funtziotik kanpo gelditzen bi urtez jarraian—. Gaur egun, 22 mikro erabiltzen ditugu, ia ehun foku… eta gidoia eurek idazten dute. Dimentsioa asko handitu da”, adierazi du Janicesek. Lan egiteko moldea, ordea, ez da hainbeste aldatu, Zabaltzak kontatu duenez: “Lehendabizi eskola-orduak dira, curriculuma eta maila akademikoa besteek bezalaxe jarraitu behar dute musikaleko haurrek; prestaketak eta entseguak egiteko euren denbora librea baliatzen dute, jolastorduetan, asteazken arratsaldeetan eta hilabetean igande batez”. 

Metodo bat eskatu die horrek guztiak; bost lantalde dituzte: multimedia-taldea (gidoia eta gidoi teknikoa idazten dituena); abeslari eta aktoreena; dantzari eta akrobaten taldea; musikarien eta eszenografiaren eta eszena-tresneriaren taldea. Ikasleek, gainera, euren familiak erakarri dituzte proiektura, eta familien lantaldeak ere antolatu dira atrezzoa sortzeko, jantzitegia atontzeko edo ekarpena egin dezaketen alorretarako. 

Prozesua aurrera eramateko metodoa definitzen joan diren neurrian ohartu dira, konpetentzia artistikoez eta teknikoez gain, zientzia-aplikazioak eta beste alor ugaritakoak lantzen ari zirela musikala prestatzen ari ziren neurrian: “Ikuskizun batean pertz batetik kea ateratzeko behar izan genuen izotz lehorra erabiltzeko, adibidez, zientzia-aplikazioak egiten ari ginen; edo ingeniaritzako nozioak behar genituela ikusi genuen, poleak erabiliz eszenografia zintzilikatzeko; atrezzoko lanak egiteko oso beharrezko genituela kalkuluak, neurriak eta matematiketako aplikazioak; gidoia egiten dutenek literatura lantzen dutela eta baita sormena ere; gorputz-hezkuntzari loturik, gorputz-adierazpena lantzen dutela, bai dantzan, aktore-lanetan, kantatzen, musikan, akrobazian”, kontatu du Janicesek. Horretarako, STEAM metodologia aplikatzeaz gain, aparteko prestakuntza behar izan dute bai ikasleek eta baita arduradun-lanetan ibili diren irakasleek ere, arazo zehatzei erantzuteko: “Gu geu ere bidean ikasten joan gara. Unean-unean behar izan ditugun prestakuntzak egin izan ditugu, adibidez, teknikariak etortzen dira argiztapenaren diseinuaren inguruko ikastaroak ematera; edo kartelak egiteko prestakuntza jaso dugu, eszenografia egiteko, dantzarako…” 

Motibazioa da musikalak egin duen ibilbidearen arrakastaren beste gakoetako bat, behetik gora doan kohete baten moduan. “Ikasleak euren gustuko lantaldeetan sartzen dira. Bakoitzaren gaitasunetatik ikaragarrizko motibazioa etortzen da, eta hori da gakoa”, azaldu du Janicesek. “Plataforma bat eskaini diegu ikasleei euren gaitasunak aurrera ateratzeko, eta, askotan, hezkuntzan hori izaten da arazo, irakasleok ez dugula sinesten benetan gure ikasleen gaitasunetan. Guk sinesten badugu, orduan benetan laguntzen diegu”.

Motibaziotik dator lana; motibaziotik dator autonomia, erantzukizuna eta ardurak hartzea, bai eta konpromisoa garatzea ere. Ikasleei zein irakasleei maila pertsonalean “asko” ematen dien proiektua da musikala: “Guretzat gure tripetatik atera den seme-alaba bezala da, eta ikasleek ere euren ume sentitzen dute, hor ikusten da euren motibazioa”, azaldu du Janicesek. Zuk zeuk sortzen duzunean zerbait, inplikatu egiten zara. Eta inplikatzen bazara, ikaskuntzaprozesua gertatu egiten da. Eta hor dago gakoa. Nik uste dut hori izan beharko litzatekeela prozesu pedagogiko guztien egitura. Sortu, zeure sentitu, inplikatu eta ikasi”. 

Beste gakoetako bat: kalitatea 

Jaso musikalaren hamar urteotako ibilbidearen beste ezaugarrietako bat kalitatea da, edertasuna eta ikusgarritasuna nabarmentzen dira. Ikaskuntza-prozesuari loturik, kalitatearekin lan egiten ikastearen onura nabarmendu du Janicesek. “Prozesu guztian zehar kalitatearekin lan egiten ikasten dute, bai kartelak egitean, baita eszenografian eta gainerako maila guztietan ere. Horrek balio erantsia ematen dio euren ikaskuntza-prozesuari”. 

Kalitate hori nabarmentzen da, baita ere, musikalaren bueltan sortzen diren giza harremanetan. Horiek zaintzeaz arduratzen da, bereziki, Zabaltza: “Oso garrantzitsua da harreman aldetik ikastolan sortzen ari garena. Maila guztietako kideak askoz ere gehiago erlazionatzen dira musikala martxan jarri genuenetik, laguntasun handiko harremanak egiten direlako maila desberdinetako kideen artean, eta hori DBH osoan islatzen da”. Arlo pertsonalean ere asko lagundu die ikasleei musikalak, bereziki zailtasunak zituzten ikasleei. “Oso-oso lotsatiak diren ikasleei; gabeziaren bat dutenei, barneko aldaketa bereziak edo prozesuak bizitzen ari direnei; gaitasun handikoei; bullyinga bizi izan dutelako beste ikastetxe batetik etorri diren ikasleei… artearen bitartez laguntasun bereziak egiten lagundu die”. Ia gaitza zen lotsa gainditzetik protagonista izatera iritsi diren ikasleen adibidea jarri dute: “Gure aurrean castinga bizkarrez egitetik 1.500 lagunen aurrean abestera pasa dira”. Nabarmentzekoa da, baita ere, musikalari esker, mutilek arteekiko zuten ikuspegia aldatu egin dela ikastolako soziologian: “Hemen, musikalean parte hartzea ongi ikusia dago, artea denontzako dela ikusi dute, baita oso profil maskulinoko ikasleek ere”, esan du Janicesek. 

“Balioetan hezten duen proiektua da musikala”, nabarmendu du Zabaltzak, bai sortzen diren giza harremanengatik, baina baita lantzen dituzten gaiengatik ere. Beti gai sozialak aukeratzen baitituzte, ondoren landu eta taularatzeko. Aukeraturiko gai hori lantzeko unitate didaktikoak prestatzen dituzte, musikala ikustera etorriko diren ikastetxeek aurrez edo ondoren ikastetxean landu ahal izateko. Ikaskuntza-zerbitzuen filosofia dago unitate didaktiko horien atzean. “Ikaskuntza-zerbitzu bat eskaintzen dugu, ikasleek gidoia sortzeko gai sozial bat aukeratzen dugu beti —helburu pedagogiko bat dugulako ikusleentzat—, eta gai sozial horrekin unitate didaktikoak sortzen ditugu; ondoren, musikala ikustera datozen ikastetxeetara zabaltzen dute, aldez aurretik musikalari lotuta dagoen gaia landu dezaten”. Iazko musikala, Ximur, Alzheimer gaitzaren ingurukoa izan zen, eta Espainiako Neurologia Elkartearen babesean egin zituzten unitate didaktikoak. Aurtengo musikalak, Sutan izenekoak, berriz, genero-parekidetasuna izango du ardatz. 

Sorreratik gaur arte, musikalaren helburu nagusietako bat euskarari loturikoa da. “Horrelako esperientzia bat biziz, ongi pasatzen duten esparruetan euskaraz egin dezaketela ikusten dute, eta euren arteko harremanetarako hizkuntza gisa erabiltzen dute”. Euskararen kultur ondarearen erabilera garatzea eta sustatzea ere helburu dute. “Proiektu honekin, etorkizuneko euskal sortzaileak sortzen ari gara, etorkizuneko euskal ekoizleak, eta baita etorkizuneko euskal ikusleak ere”. 

Azken emaitzaren ikusgarritasunetik harago, arlo pertsonalean ikasleei eman diena nabarmentzen du Zabaltzak proiektutik, eta “sortzeko prozesuan izaten diren hezkuntza-egoerak”. Antzeko hitzak ditu Janicesek musikala gustuko eredu izan dezaketen ikastetxeentzat: “Prozesu bat dela esanez itxiko nuke solasaldia. Goitik ikusten den guztia oso polita da, baina jaitsi gaitezen: hau prozesu bat da. Ikaskuntza-prozesu handi bat da guztiontzat. Horretara iritsi ahal izateko, lehendabiziko pausoa eman behar da. Bidaiak hainbat pauso ditu. Lehen pausoa norberaren ikastetxeko gimnasioan ikuskizun bat sortzea da, motibatuta dauden ikasleentzat, haiek dituzten trebeziak bultzatuz. Horixe da gakoa”.

Balioetan hezten duen proiektua da musikala

Irantzu Zabaltza