Iban Zaldua Gonzalez | Idazlea

Zaila da gomendatzea zein kultur produktu “konpartituekin” asmatuko dugun gure haurrekin: guk bi alaba dauzkagu eta nahikoa ezberdinak izan dira biak, gustuei dagokienez. Hemen aletuko ditudanekin, nolabaiteko aholkuen “batez bestekoa” osatzen saiatuko naiz. 7-8 eta 11-12 urte arteko umeengan pentsatuta daude, gutxi gorabehera, beti ere gurasoren batekin irakurtzeko edo ikusteko.

Liburuetan, nik saga luzeen alde egingo nuke, hots, adibidez –eta euskaraz dauzkagula aprobetxatuta– J.K. Rowlingen Harry Potter saila (zazpi liburuki, Elkar argitaletxeak 2000 eta 2008 artean kaleratu zituenak) eta J.R.R. Tolkienen Hobbita (Igela, 2008) eta Eraztunen Jauna (Txalaparta, 2002). Bai, badakit, neurri batean, epe oso luzerako proiektua dela –guk ez genuen lortu amaitzea, zer esanik ez!–, eta, bestalde, horien bertsio zinematografikoek liburuak “jan” edo ezabatu dituztela haurren imajinariotik, baina ulertarazten badiegu –ikusi badituzte, eta gustatu bazaizkie– xehetasun gehiago topatuko dituztela bertan eta liburua-beti-dela-pelikula-baino-hobea, edo –ikusi ez badituzte– agintzen badiegu filma bakarrik liburua elkarrekin irakurri ondoren ikusiko dugula, kontua ondo baino hobeto atera daiteke. Ildo horretan, imajinatzen dut literaturaren beste klasiko –laburrago– batzuekin jokatu daitekeela, orobat –guri ez baitigu denbora eman–, hala nola Robert Louis Stevensonen Altxor uhartea (Elkar, 2008), Jules Verneren Mikel Strogoff (Elkar, 2014) eta Lewis Carrollen Alizia lurralde miresgarrian (Pamiela, 2015). Liburuen irakurketa konpartitua abagune ona izan daiteke, gure semea edo alaba bere kabuz irakurtzeko pixka bat “alferra” baldin bada, bide horretan animatzeko, adibidez, berari utziz orrialde bat ozen irakurtzen, guk beste bat –edo beste bi– irakurtzearen trukean.

Komikien irakurketa praktikatu dugu, halaber, gurean. Kasu honetan euskarazko eskaintza ez da, tamalez, liburuena bezain zabala, eta guk gaztelaniazko gure komikiteka pertsonalera jo dugu ia esklusiboki; gogoan hartu, edonola ere, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria eta sail bereko albumak –horietako batzuk agian nerabeentzat, haurrentzat baino– aukera aproposak izan daitezkeela. Gure esperientziaren arabera, oso ondo funtzionatzen dute super-heroien komikiek, –gurean– Marvel etxekoek bereziki: X-Taldea, Lau Izugarriak eta Spider-man, zehazki, 1960ko eta 1970eko hamarraldietako bertsio klasiko-primigenioetan (argitaletxe anitzek atera dituzte; azken urteotan Panini Comicsek egin du lan hori). Egia da generoaren ikuspuntutik dekonstrukzio lan pixka bat –edo asko– egin behar dela horiekin guztiekin –ez, ordea, Asterix edo Tintinekin baino gutxiago, zeinen euskal bertsioak baitaude–, baina biolentzia maila ez da eguneko bertsioetan bezain gordina, gidoilariek asmakuntza itzelak egin zituzten eta, gainera, –DC etxeko super-heroienek ez bezala, Superman eta Batman eta abar, badakizue– eguneroko bizitzari buruzko hausnarketa eta dilema gehiago aurkezten dituzte, umore dezente txertatuz aldi berean. Elisabetta Gnonek sortutako W.I.T.C.H. sail italiar jatorrikoa, sorgin gazte batzuen ingurukoa eta manga estilotik gertu marraztua, nahiko arrakastatsua izan da gurean (bildumak Planeta Junior argitaletxeak plazaratu zituen 2000ko hamarraldian, Hegoaldean behintzat).

Beste komiki sail bat, oso ona nire ustez –eta euskaraz egon beharko lukeena lehenbailehen– Jeff Smithen Bone da, ezpata eta aztikeriazko mundu nahiko tolkiendar batean gertatzen dena baina, zalantzarik gabe, umore gehiago duena, eta pertsonaia femenino boteretsuxeagoak (Espainian Astiberrik kaleratu zuen 2006-2009 artean, 9 liburukitan; Frantzian, Delcourt argitaletxeak). Beste bat, pixka bat gordinagoa baina oso gustukoa izan dutena, hala elkarrekin nola –geroago– bakarka (ber)irakurtzeko, Thorgal saila da, zientzia-fikzioa eta abentura erdi arotar-bikingozalea nahasten dituena (Frantzian honezkero 48 album daude argitaratuta, Le Lombarden eskutik, 1980 eta 2015 bitartean; Espainian Norma argitaletxearenetik, oraingoz 43 liburuki); lehenengo hogeiak dira, zalan-tzarik gabe, onenak.

Filmei dagokienez, aspaldi dugu ezarrita etxean gure artean “zinema alabekin” deitu ohi dugun saioa, ostiral edo larunbat gauetan egiten duguna pizza jan bitartean, eta zinemaren klasikoak ikusten saiatzen gara, beti ere kontuan hartuta orain, DVD, ordenagailu eta telebista kate guztiekin, gure seme-alabek haientzat pentsatutako –eta perpetratutako– produktu piloa ikusten dutela, baina, baby boomekooi ez bezala, apenas tokatu izan zaiela western bat edo dramoi bat ikustea, soilik bi telebista kate zeudenean gertatu ohi zitzaigun bezala –Hegoaldekooi behintzat–. Hemen ere, betikoa: euskarazko pelikula eskaintza ez da oso handia, nahiz eta Euskal Encodings orrialdean halako batzuk aurki daitezkeen (http://marrazkiak.euskal-encodings.com/Pelikulak2.html) eta, jakina, Azpitituluak Euskaraz ekimenak egiten duen lan eskerga ere hor dagoen (http://azpitituluak.com); dena den, 11-12 urte bete arte, gure esperientzian behintzat, haurrak nahiko uzkurrak dira film azpititulatuekiko.

Guk denetik ikusi dugu urte hauetan zehar –150 bat, batzuk behin baino gehiagotan–, baina agian hobekien funtzionatu dutenak, gutxi batzuk aukeratzeagatik, hauek izan dira: Roman Holiday (William Wyler, 1953, Audrey Hepburn eta Gregory Peckekin, komedia erromantikoa par excellence), Rear Window (Alfred Hitchcock, 1954, James Stewart eta Grace Kellyrekin, suspentse etxekoia), The Man Who Shot Liberty Valance (John Ford, 1962, John Wayne eta James Stewartekin, western ilunabarrekoa), Blade Runner (Ridley Scott, 1982, Harrison Ford eta Rutger Hauerrekin, zientzia-fikzio etikoa) eta –nahiz eta agian horren klasikoa ez izan, oraindik– Little Miss Sunshine (Jonathan Dayton eta Valerie Faris, 2006, Abigail Bresley eta Greg Kinnearekin, bestelako “familia-komedia” bat). Filmak ikustea bezain inportantea izan daiteke, ondoren edo bitartean, haiei buruz hitz egitea, gertakizunetan ilun geratu diren alderdiak argitzeko eta, batez ere, komikietan bezala, genero eta etika kontuak eguneratzeko eta, ahal dela, eztabaida sortzeko.