Irati Goikoetxea, Axular Lizeoko DBHko irakaslearen artikulua.

 

Ez da kasualitatea: zerbait gaizki egin dugunean, badakigu gaizki egin dugula. Are gehiago, askotan momentuan bertan konturatzen gara, baina isilik geratzen gara. Eztarrian korapilo moduko bat agertzen zaigu. Eta orduan agertzen dira: “ez da hainbesterako izan”, “besteek ere egin dute”…  Eta batzuetan, zuzenean: “ni ez naiz izan”. Zergatik da hain zaila “barkatu, ni izan naiz” edo “barkatu, oker nago” esatea? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste akatsa onartzea, egitea bera hain arrunta denean?

Noiz bihurtu genuen akatsa arazo? Txikitatik erakusten digutela esango nuke. Ez esplizituki beti, baina bai etengabe. Zerbait ondo egiten dugunean sari moduko bat jasotzen dugu; irribarre bat, hitz politen bat, nota on bat… Gaizki egiten dugunean, aldiz, isiltasuna, begirada edota keinu errukitsuak. Ezinegona sortzen zaigu, besteen onarpena izango ote dugun galdetzen diogu geure buruari eta horrek barnean ditugun sentimenduak eta emozioak mugitzen dizkigu. Txikitatik.

Bartzelonako eskola bateko moja batek irribarrea atera zidan porrota ikaskuntza dela esan zuenean. Ez dakit hain urrutira joan behar dugun, baina beti sinetsi nahi izan dut akatsetatik ikas daitekeela.

Bizi garen munduan, ordea, denok saiatzen gara, nolabait, perfektuak izaten. Nork ez ditu bere akatsak ezkutatu izan noizbait, epaitua izango den beldurrez edo itxura mantendu nahian? Eta zer gertatzen zaigu barnean? Nola sentitzen gara? Ez al gara garen horretatik urruntzen? Agian arazoa ez da akatsak egitea, akatsak estali nahi izatea baizik, ahulezia gisa hartzen ditugulako. Pentsatu al dugu noizbait akatsa onartzeak zer eskatzen duen? Ez al da ba, ausardia ahuleziaren aurkaria?

Pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen akatsa gure egunerokoan txertatuta egongo balitz. Ziurrenik giro osasuntsuagoak sortuko genituzke, bai lanean, bai harremanetan eta baita geure barnean ere. Presio txikiagoarekin biziko ginateke. Eta, agian, zoriontsuago.

Beraz, hurrengoan, eztarrian traba hori sentitzen duzunean, gelditu une batez. Arnasa hartu eta saiatu akatsa onartzen. Ez da erraza izango, baina mereziko du. Izan ere, ez gaitu akatsak definitzen, haiekin egiten dugunak baizik.