Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta harrera-egoitzetan bizi diren haurrei eta nerabeei afektibitatezko sareak eskaintzeko helburua du Baketik Fundazioaren Izeba proiektuak. Aisialdia harrera-etxeetan bizi diren adingabeekin partekatzeko prest dauden familiak bilatzen dituzte, egoera zaurgarrian dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko. 

Baketik Fundazioak koordinatzen du Izeba proiektua. Zer da, zehazki, eta zer helburu du?
Izeba proiektua tutoretzapean dauden haur eta nerabeen izeba edo osaba izateko eta haien bizi kalitatea hobetzen laguntzeko prest dauden pertsona edo familien sarea da. Baketik Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako mentoretza sozialeko programa bat da eta bere helburu nagusia tutoretzapean dauden haur eta nerabeei afektibitatezko pertsona edo familia erreferentziak eskaintzea da eta, funtsean, harreman sozial berriak eskainiz, haur eta nerabe horiei bizimodu hobe bat izaten lagundu nahi da. Familiarik ez duten edo familiarekin bizi ezin diren haurrei eta nerabeei familiako goxotasuna eta sendotasuna eskaintzea da proiektuaren funtsa.

Baina beste helburu jakin batzuk ere baditu egitasmoak. Izan ere, Izeba proiektua erantzukidetasun sozialeko eredu batetik abiatzen da gizarte mentoretzaren bitartez, kalteberatasun-egoeran dauden adingabeen harreran, arretan eta inklusioan lagundu nahi du, horien ardura duten erakundeekin lankidetza sustatuz. Horrez gain, gizartean elkartasun- eta konpromiso-kontzientzia sortzea ere helburu du programak eta haur eta nerabe horienganako jarrera gizatiarragoa zabaltzea bultzatzen du, beldurrari, aurreiritziei eta etiketa kolektiboei indarra kentzen saiatuz.  Izan ere, bakarrik dauden adingabe migratzaileek sarritan topo egin behar izaten dute aipaturiko jarrerekin.


Zer-nolako familiek har dezakete parte proiektuan?
Izeba proiektuan hainbat profiletako pertsonek har dezakete parte, izan bakarka zein familian. Boluntariotza programa bat da eta parte hartzeko baldintza bakarra gutxienez adin nagusiko erreferentziazko figura bat egotea da. Hortik abiatuta, pertsona bakarra izan daiteke, bikote bat zein familia bat, haur batekin edo nerabe batekin harremana sortuko duena. Familia diogunean, edozein familia mota izan daiteke, tipologia edo profila edozein izanda ere bilaka daiteke izeba.

Behin proiektuan murgilduta, pertsona bakarra izan edo bost kidez osatutako familia bat izan, guztiak Izeba familiak dira gure proiektuarentzat, guztiek izeba-osaba rola betetzen dutelako. Familiek borondatez hartzen dute parte, baina konstantzia beharrezkoa da, erreferentzia eskaintzea haurrei eta nerabeei, hor daudela sentiaraztea. Familia eredu natural eta osasuntsu bat falta dute harrera-pisuetan dauden haur eta nerabeek, eta familiek horixe eman diezaikete.

Zer-nolako haurrek eta gazteek parte hartzen dute? 
Oro har, tutoretzapean dauden eta harrera egoitzetan bizi diren 8 eta 17 urte bitarteko haurrek eta nerabeek parte hartzen dute. Arrazoi desberdinengatik euren familiarekin bizi ezin duten pertsonak dira, eta familiako esperientziarik ez daukatenak. Parte hartzeko oinarrizko bi baldintza bete behar dituzte haur eta nerabe horiek: lehenengoa, parte hartu nahi izatea da, programa boluntarioa baita haientzat ere. Bigarren baldintza da pertsona edo familia mentore bat izateak modu positiboan laguntzea haur edo nerabe horren garapen indibidualean.


Goxotasuna, sendotasuna, afektua... erreferentziazko familia bat ondoan izatea eta familia giroan egoteko aukera eskaintzen diete familiek haurrei eta nerabeei


Zein dira Izeba programan parte hartzen duten familia boluntarioen eginkizunak? 
Modu sinplean esanda, ikasketak direla-eta, adibidez, gurasoengandik urruti bizi den iloba batengandik hurbil bizi den osaba/izeba baten antzeko funtzioak betetzea: beragatik kezkatzea, denbora eskaintzea eta laguntza eta goxotasuna ematea. Horrela, parte hartzen duen haur eta nerabe bakoitzak, harrera-lekuaz gain, erreferentziazko familia bat ere izango du bere inguruan; hezitzaileez gain, euretaz arduratu nahi duten familiak izango dituzte ondoan. Era horretan bizi-proiektu duin bat egiteko aukera gehiago izango ditu.

Asteburuetan, asteburuero, astean zehar… nola antolatzen dira familiak eta haurrak eta gazteak? 
Proiektuan harreman guztiak ezberdinak dira. Izeba familia bakoitza bere ilobarekin nahi duen bezala antolatzen da, harrera-etxearekin adostuta eta bakoitzaren prestasunaren eta beharren arabera. Baldintza gisa, proiektuak astean behin edo hamabostean behin elkartzea eskatzen du, harremana modu egokian elikatzeko ezinbestekoa da maiztasun bat mantentzea, baina elkartu daitezke arratsalde batean mendi buelta bat eman eta meriendatzeko, edo asteburu osoa elkarrekin familian pasatzeko. Garrantzitsua da ulertzea erreferentzia eta kalitatezko une berezienak momentu arruntak partekatzen ditugunean gertatzen direla: kirola egitean, txango batean edo elkarrekin kozinatzen eta afaltzean.

Orain arteko esperientziatik, zer ematen diete familia boluntarioek haur eta gazte horiei? 
Goxotasuna, sendotasuna, afektua... erreferentziazko familia bat ondoan izatea eta familia giroan egoteko aukera eskaintzen diete familiek. Harrera-pisuetan hezitzaileekin bizi dira eta egoera horietan zaila da esklusibitatea sentitzea. Beragatik kezkatzen den pertsona edo familia bat ondoan izateak eta boluntarioki, familiek hala nahi dutelako, haurrei eta nerabeei denbora eskaintzeak, maitasun momentu horiek, pertsona horien autoestimua eta autopertzepzioan eragiten dute zuzenean. Gizarte-mentoriako programetan labur-labur esaten den moduan, familiek haur eta nerabe horiei honakoa ematen die: garrantzitsua izatea garrantzitsua den norbaitentzat. Norbait ondoan edukitzea merezi dutela sentitzen dute.

Eta familiek zer onura nabarmentzen dute? 
Harreman guztietan bezala, eman eta jaso egin behar da. Izeba familia gehienek errealitate eta egoera desberdinak ezagutzeko eta beren aletxoa jartzeko aukera nabarmentzen dute. Oro har, izeba familien inplikazioa oso handia da.

Zer-nolako harreman afektiboak sortzen dira programan parte hartzen dutenen artean? 
Familien eta haurren eta nerabeen arteko harremanak modu artifizialean hasten diren arren, poliki-poliki harremanak natural bilakatzen dira. Familia askorentzako proiektuko iloba, familiako beste kide baten modukoa da eta familiako momentu bereziak haiekin partekatu nahi dituzte: familia bazkariak, ezkontzak edota oporrak.

Haurrentzat eta nerabeentzat izeba familia euren bizitzako ezaugarri garrantzitsu bihurtzen da, albisteak (onak zein txarrak) beraiekin partekatu nahi izateak, esate baterako, hori erakusten digu. 18 urteen bueltako hilabeteak, adibidez, larritasun handiko uneak izaten dira nerabe horientzat, eta une horietan izeba familiaren laguntza eta babesa izateak asko laguntzen die urduritasun eta bakardade une horietan. Hori dela eta, kasu gehienetan, harremanak mantendu egiten dira ilobek 18 urte betetzen dituztenean.

Parte hartu nahi duten familiek laguntzarik edo gidalerrorik jasotzen al dute? 
Parte hartzen duten familiek formazio bat egin behar izaten dute harremana hasi baino lehen. Harremana martxan jartzean, Baketik Fundazioko eta ilobaren harrera-etxeko profesionalen laguntza jasotzen dute harremanaren ibilbide guztian zehar; koordinazioa eta lankidetza oso garrantzitsuak dira. Horrez gain, topaketak, planak eta formazioak antolatzen dira proiektuko parte hartzaile guztientzat.

Duela gutxi egin duzue Izeba programakoen topaketa. Nola joan da?  
Maiatzaren 20an egin genuen 2023ko Izeba Topaketa. Donostiako Jesuiten ikastetxean elkartu ginen 70 lagun, Izeba familia, iloba eta Izeba proiektuko Baketik-eko lantaldeko kideak. Helduentzako hitzaldi eta solasaldi bat antolatu genuen eta haurrek eta nerabeek surf eta skate ekintzak izan zituzten. Bazkari batekin amaitu genuen eguna. Parte-hartzaileek eskertzen dute esperientziak partekatzeko une horiek izatea eta haurrak eta gazteak ere gustura etortzen dira topaketetara.