Ikasleak kolegiora eta edozein ikastetxetara etortzen direnean, irakasleon lehen helburua haiek ikas dezaten da. Horretarako, nire ustez, irakasgaia bera bigarren mailako kontua da, eta irakaslearen eta ikasleen arteko harremana da garrantzitsuena. Harremana ez bada ona, ez bada ulerkorra eta goxoa, ikaslea itxi egingo da eta ez da ikasketarik egongo. “Maite dut irakaslea eta ondorioz maite dut irakasgaia”, hori izaten da ikasleek egiten duten ekuazioa; urte hauetako guztietako nire bizipenak hori erakutsi dit.

Ez gaude lagun izateko; arauak ezarri eta bete egin behar dira, baina ikasle bati ohar bat egiten badiot jarreragatik, uler dezala ongi zergatik egiten diodan. Ez badago bion artetik ulermenik, zaila da ikasle hori lasai egotea gelan, eta, gero, ez da motibatua. Motibazioan, eta gero, beraz, emaitzetan, eragin zuzena du irakaslearekiko harremanak. Horrek ez du esan nahi denek emaitza bikainak lortuko dituztenik, baina ikaskuntzaren helburua denek aurrera egitea denez, klima goxo batek ikasleengan eta gela osoaren ikas prozesuan izango du eragin ona.

Bizi izan dut kontrakoa. Eta ikusi dut ikasleek beldurra izatea irakasleari. Horrelakoetan irakasleok robotak bezala sentitzen gaituzte, sentimendurik gabeak, tronpatzen ez garenak, ulertzen ez dugunak… eta haiek ere beldurra hartzen diote gelan tronpatzeari, ulertzen ez dutena galdetzeari… Autokritikoak baldin bagara eta ikasleekin zuzen jokatzen baldin badugu, geu ere tronpatzen garela erakusten baldin badiegu, denon mesedetan ari gara. Ikasleek ez dute autoritarismorik behar, autoritatea behar dute. Ikasleek ez dute maite “horrela da eta horrela da eta punto”, “eta punto” horrek niri ere ez dit balio, ez bizitzan eta ezta irakasle bizitzan ere. Orekaren atxematea da zailena. Ikasle batzuek ez dute aski ahotsa hartzen; beste batzuek gehiegi. Muga atxematea da zailena.

Guk Seaskan eta kolegioan gure ikasle ohiekin harremanetan jarraitzen dugu, eta niretzat bizipenik goxoena da ikasle ohiak ikusi eta etortzen direnean, lasai, harreman sano batean, hitz egitera. Harremana mantentzen da. Hori beste sistema askotan agian ez dute, eta hori plazera dela erranen nuke.