Hezitzaileen arlo pertsonala eta profesionala ez nahasteko, harremanak eta taldea egituraz pentsatu eta zaindu behar dira.

 

Hezitzaileen arteko harremanak izan ditugu hizpide Hik Hasiren Haur Hezkuntzako jardunaldietan, Susana Martinez Eskurtze BHIko irakasle eta ProCCko kidearekin eta Jordi Mateu CAIEVeko formatzaile eta Ca L’ Aulet eskolaren sortzailearekin. Hezitzaileen arlo pertsonala eta profesionala ez nahasteko, harremanak eta taldea egituraz pentsatu eta zaindu behar direla ondorioztatu dute hizlariek.

 

Lan tresna norbera du irakasleak eta harremanak eta komunikazio-gaitasuna izango ditu baliabide. Beraz, hezitzailearen lanbideak berekin dakar arlo pertsonalak eta profesionalak denbora guztian elkar ukitzea. Gainera, taldean lan egiten dugu hezkuntzan, eta taldeekin, etengabe besteekin eta norbere buruarekin. Beraz, taldean lan egitea, harremanak zaintzea, norbere burua berrikustea edota alderdi pertsonala eta profesionala ongi uztartzea hezitzaileen lanean beharrezko diren neurrian, berariaz zaindu eta pentsatu behar dira. Hezkuntzan hain funtsezkoa den eta hain gutxitan ahoskatzen den gai horri, hezitzaileen arteko harremanei, eskaini zizkien Hik Hasik, hain zuzen ere, aurtengo Haur Hezkuntzako jardunaldiak, azaroaren 15ean Bilbon eta 16an Donostian. Susana Martinez Eskurtze BHIko irakaslea eta ProCCko kidea, Prozesu Zuzentzaile Komunitarioak metodologian aditua eta formatzailea eta Jordi Mateu aholkularia, formatzailea CAIEV formazio elkartearen eta Ca L’ Aulet eskolaren sortzailea izan ziren hizlariak.

Egituraz eta aurretiaz zaindu behar dira hezitzaileen arteko harremanak eta hezitzaileen taldea. Susana Martinezek adierazi zuen moduan, taldea eta talde-lana eraiki egin behar dira, eta horretarako lehenik eta behin, taldeaz eta talde-lanari buruz ditugun kontraesanak mahai gainean jarri behar ditugu: “Alde batetik, gure gizartean oso ondo baloratzen da talde-lana eta idealizatu egiten da, baina beste alde batetik, gutxietsi egiten dugu talde-lana eta nahiago izaten dugu bakarka eta geure kasa lan egin, besteekin koordinatzeak zailtasunak eta denbora galtzea ekarriko dizkigutela uste dugulako. Taldean lan egiten hasteko, taldean pentsatzen hasi behar dugu eta talde bat izatearen kontzientzia eraiki behar dugu”.

Balore indibidualistak sustatzen dituen gizarte ereduan bizitzeak dakartza, hasteko eta behin, taldean lan egiteko zailtasunak eta oztopoak, Martinezek adierazi zuenez: “Gizarte eredu kapitalista honek sortzen duen gizaki eredua ez da kooperatzailea, horregatik, egunerokotasunean taldean lan egiteko zailtasunak aurkitzen ditugu. Kooperazioa, taldea eta talde-lana eraiki egin behar dira, ez dira suposatutzat eman behar. Taldean lan egitea ez da abiapuntua, taldean lan egitea helburua da”.

 


Partaidetzarako denbora hartu behar dugu, eta gaitasun asko landu behar dira parte hartzeko eta partaide sentitzeko, entzuteko, hitz egiteko eta adierazteko

Susana Martinez, ProCCko kidea


 

Espazioa eta denbora eskaini behar zaizkio taldea eraikitzeari eta talde-lana sustatzeari, Martinezen arabera: “Taldean lan egiteak ekartzen dizkigun ondoezak espazio informaletan askatzen ditugu askotan, pasilloetan edo kafe-garaian kexatzen gara. Partaidetzarako denbora hartu behar dugu, eta gaitasun asko landu behar dira parte hartzeko eta partaide sentitzeko, entzuteko, hitz egiteko eta adierazteko”. Denboraz eta espazioaz gain, tresnak eta metodologiak behar dira taldea eta talde-lana eraikitzeko, eta beraz, harremanak zaintzeko. Ildo beretik, Mateuk ere taldean lan egitea berariaz landu behar dela aldarrikatu zuen, abiapuntu moduan: “Eskola batean, gauzak nork bere kasa egiteko kulturatik hezkuntza ekintza kolektibo moduan ulertzeko kulturara pasatu behar dugu. Hau ez da nik nire haurrekin egiten dudan lan bat, hau proiektu pedagogiko kolektibo baten barruan egiten dugun lana da, eskolan ezarritako ordena sistemiko batean egiten dena, eta bakoitzak bere zereginak ditu eta eskolan mekanismoak ditugu zeregin horiek burutzeko”.

“Andereño superwoman-aren eredutik,  hau da, guztia dakien eta guztia modu indibidualean egiten duen hezitzailearen eredutik, taldearen bidelaguntzarako espazioen eredura pasa behar dugu”, adierazi zuen Mateuk. Haren aburuz, eskolak egituraz ongi zaindu behar ditu ordena sistemikoa, langile bakoitzaren rolak eta zereginak eta eskolako irizpide eta oinarri pedagogikoak. “Gure lanbidea lanbide guztietan ederrena da, norbere burua behatzea eta berrikustea eskatzen baitu etengabe. Hazkunde pertsonal ikaragarria eskaintzen digun lana da, bestea zaintzeko, aitortzeko eta eusteko jarrera izatera gonbidatzen gaitu gure lanak, eta horrek pertsona moduan hazten laguntzen digu”. Baina era berean, erronkaz beteriko lanbidea da hezitzailearena: “Hezitzailearen laneko erreminta norbera da, ni neu naiz nire lan-tresna, horrek berak arlo pertsonala eta profesionala nahastera eramaten gaitu askotan, eta hori ongi bideratzea erronka garrantzitsua da eskoletan. Demagun: norbaitek —zeregin hori dagokiolako— haur batekin izan dudan jarrera bat zalantzan jartzen badit, edo gertatu dena azaltzeko eta gaiaz elkarrekin hausnartzeko eskatzen badit, erraza da solasaldi horrek arlo pertsonala ukitzea. Berez, pertsona hori ez da ari ni zalantzan jartzen, ez nire izaera, ezta nire balioa ere, eskolan adostuak eta partekatuak dauzkagun irizpide pedagogikoen gaineko hausnarketa edo berrikuspena proposatzen ari zait. Komunikazio horiek ez badira ongi lantzen, gure nortasunean erasotuak senti gaitezke, nahiz eta lankidearen iruzkina irizpide pedagogikoen araberakoa izan”. Eskolako hezitzaileok norabide berean eta kolektiboki jardun nahi baldin badugu, beharrezkoa da harreman pedagogikoen gaiari heltzea, “baina askotan ez da egiten, kultura faltagatik, presengatik edo gai delikatua delako, eta gaia ongi landu eta enkoadratu ezean, hezitzaileak minduta geldi daitezke”.

 


Hezitzailearen laneko erreminta norbera da,horrek berak arlo pertsonala eta profesionala nahastera eramaten gaitu askotan, eta hori ongi bideratzea erronka garrantzitsua da eskoletan

Jordi Mateu, CAIEVeko formatzailea


 

Proiektu hezitzailea, abiapuntu eta helburu

Mateuren ikastetxean, Gironako Ca L’ Aulet eskola bizian, berariaz eta egituraz lantzen dituzte hezitzaileen arteko harremanak. Eskolako proiektu pedagogikoaren lehen helburua eta xede nagusia haurrei nor bere buruarekiko harremanean, kideen artean eta hezitzaileen eta haurren arteko harremanean bidelaguntza eskaintzea da. Bizitzen ikasteko bidean, hezitzaileen lehentasun nagusia haurrei gaitasun gizatiarrak garatzen laguntzea den neurrian, hezitzaileen arteko harremanak eta baita haurrekiko harremanak ere eredu eta eredugarri izan behar dira Ca L’ Auleten. Horretarako, oinarri pedagogikoak eta irizpide pedagogikoak ezartzen dituzte abiapuntuan.

“Eskolan adostua eta partekatua den proiektu hezitzailea daukagu eta horrek oinarri batzuk ezartzen ditu; horien arabera erlazionatzen gara haurrekin eta horien arabera sortzen ditugu ikasketarako testuinguruak”, adierazi zuen Mateuk. Hezitzaile guztiek oinarri eta irizpide horien gaineko formazioa jasotzen dute eta formazioari jarraipena egiten zaio ikasturtean zehar. Zuzendaritza-taldeaz eta etapetako koordinatzaileez gain, ikuskariaren figura daukate eskolan, hain zuzen ere, prozesuetan hezitzaileei bidelaguntza eskaintzeko. “Eskolako irizpide pedagogikoak kolektiboan lantzen dira, talde dinamiken bidez, bilerak eraginkorrak izan daitezen. Helburuak argitutakoan, erremintak jartzen ditugu irizpide horiek gauzatu ahal izateko. Baina ‘hauek dira irizpide pedagogikoak’ esatea ez da aski hezitzaile bakoitzak horiek integratu eta gauzatu ahal izateko. Ondoren irizpide horien gaineko formazioa eskaintzen zaie; baina hori ere ez da aski, eta prozesu bat egiten da hezitzaile bakoitzari bidelaguntza eskaintzeko. Horrela joango gara ikasten, ikuskariak galdera bat egiten digunean ez dela ari gure arlo pertsonalean sartzen eta ez dela ari gu aldatzen saiatzen eta epaitzen, soilik partekatu ditugun irizpide pedagogikoak gauzatzeko tresnak garatzeaz ariko dela ulertuko dugu”. Irizpide pedagogiko horien arabera egingo dituzte, adibidez, familiekin bilerak, edo eskainiko diote haurrari bidelaguntza emozionala egoera bakoitzean, edo modu batean edo bestean jokatuko dute jarrera disruptiboen aurrean... “Eskolako hezitzaile guztiok irizpide horien arabera funtzionatu behar dugu, eta irizpide horien jarraipena etengabea izan behar da”.

Martinezentzat ere taldea eta harremanak ongi zaintzeko, lanerako ikuskapena oso elementu garrantzitsua da: “Besteek ispiluaren funtzioa egin diezagukete, beti ere gure nartzizismoa eta autoestimua ondo ulertzen bada, apur bat ondo badago, koltxoi moduko bat behar baitugu gure baitan besteak egiten dizkidan ekarpenak kritika edo zapuzte pertsonal gisa ez hartzeko, eta ulertzeko guztiok daukagula zeregin komun bat. Horretarako funtsezkoa da irizpideak argi izatea, konpondu ez ditugun gure arazoak umeen gain ez jartzeko”. Superbisiorako edo ikuskapenerako espazio horiek pertsona-taldeekin lan egin behar duten guztiek beharko lituzkete: “Taldeetan jende asko elkartzen da eta gauzak gertatzen dira, baina ez daukagu espaziorik gertatu diren gauza horien gainean hitz egiteko”.

Hala ere, harreman pedagogikoak zaintzeak ez du beti bermatzen hezitzaileak ez mintzea: “Horrek guztiak ez ditu gatazkak deusezten, eta ez du saihesten norbait gaizki sentitzea maila pertsonalean, kuestionatua sentitu delako; ez du hori kentzen, baina ezinegonak ordenatu egiten ditu testuinguru profesionalean —azaldu zuen Mateuk—. Hezitzaile bakoitzak lanketa pertsonala egin behar du eskolako irizpide pedagogikoak integratzeko, eta bere burua berrikusi behar du irizpideren bat integratzeko zailtasunen bat daukanean eta bere prozesua landu behar du iruzkin bat jasotzen duenean mintzen baldin bada; gu hor ez gara sartuko. Guk espazioak sortuko ditugu kohesiorako, atxikimendua lantzeko eta gai horiei guztiei buruz hitz egiteko”. Praktika gogoetatsuaren proposamena jarraitzen dute: “Autoebaluzioa tresna garrantzitsua da irizpideen integraziorako”.

 

Rolak, distantziak, autonomia eta berrikusi beharreko kontzeptuak

Taldeetan —eta beraz, baita hezitzaile taldeetan ere— rolak hartzen eta banatzen dira. “Bakoitzak rol bat dauka sisteman, baina rol horrek ez du ezer adierazten pertsona horren balioari buruz —zehaztu zuen Mateuk—. Nik zuzendariaren rola daukat, beste batek, ikuskariarena... eta rol bakoitzari ardura batzuk dagozkio. Garrantzitsua da eskolan dauzkagun rolak behatzea eta doitzea hezitzaile taldeko pertsonek espazio horretan euren talentuak garatzeko aukerak aurkitzea”.

 


Garrantzitsua da eskolan dauzkagun rolak behatzea eta doitzea eta hezitzaile taldeko pertsonek espazio horretan euren talentuak garatzeko aukerak aurkitzea

Jordi Mateu, CAIEVeko formatzailea


 

Egiturak eta ordenak lagundu egingo dute alderdi pertsonala eta profesionala bereizten. Baina bereiztea gauza bat da eta “disoziatzea” bestea, Martinezek zehaztu zuen moduan. “Guk PRoCCn alderdi pertsonala eta profesionala ez ditugu disoziatzen, zaila da ulertzea haurren garapenaren bidelagun on bat izatea baina bizitza pertsonaleko harremanetan eskasa izatea. Distantzia operatiboa behar dugu: lan egiten ari garen objektu horrekiko distantzia bat hartu behar dugu, gurea den hori bestearengan ez proiektatzeko. Gure lana ongi egiten uzten digun kontzeptua da distantzia operatiboa. Nirea zer den eta berea zer den bereizten jakitea autonomiaren elementu garrantzitsu bat da, autonomoak gara beste gauza batzuekin batera, distantzia hartzen baldin badakigu. Aldiz, nahastuta baldin bagaude, hor autonomia gutxi dago. Horregatik insistitzen dugu hainbeste formazio pertsonalean; hezitzaileak bere burua berrikusi behar du etengabe: haserrea norena da, nirea da ala berea da? Musuaren edo besarkadaren beharra norena izan da?".

 

Teoriaz gain, tresnak eta espazioak behar dira

Harremanak zaintzeko, espazioak eta denborak eskaini behar dira ikastetxeetan, taldea eta talde-lana eraikitzeko bezala. ProCCk diseinu oso bat eskaintzen du elkarrekin hausnartzeko espazio horiek sortzeko. Martinezek taldea eraikitzeko eta taldeaz hausnartzeko hainbat tresna aurkeztu zizkien hezitzaileei: “Taldeaz hausnartzeko tresna garrantzitsu bat da espazioaren antolakuntza. Bilera bat egiten dugunean, biribilean jezartzeko eta elkarri begiratzeko aukera izatea garrantzitsua da”. Horrekin batera, enkoadraketa aipatu zuen: “Bilera bat egiteko zenbait alderdi tekniko zaindu egin behar dira: bilera horren helburua zentratzea eta argitzea garrantzitsua da. Baita bileraren iraupena aurrez zehaztea eta denborak zaintzea eta betetzea ere”.

Guztiak partaide sentitzeko, guztiek hitza hartzea garrantzitsua da, eta horretarako, ProCC gurpila aurkeztu zuen: “Biribilean jezarrita gaude eta hitzak zirkulatu egin behar du. Askotan bileretan rolak errepikatu egiten dira eta isilik dauden pertsonak beti daude isilik eta hitz egiten dutenak betikoak dira, eta rolak ez dira mugitzen. ProCC gurpila biribilaren ordenean doa eta, beraz, badakigu noiz egokituko zaigun hitza hartzea”. Harremanak zaintzea eta taldea, talde-lana, partaidetza, parte izatea eta parte sentitzea teoriatik harago, formazio pertsonalaren, praktika gogoetatsuaren, ikuskaritzaren eta tresnen bidez lortzen dela nabarmendu zuten bi hizlariek.

 


300 hezitzaile jardunaldietan

 

Hik Hasiren Haur Hezkuntzako jardunaldietan, orotara, 300dik gora hezitzaile eta hezitzailegai elkartu ziren, Bilboko BBK aretoan eta EHUren Donostiako campusean. Hik Hasiren hurrengo formazio-jarduerak urtarrilean izango dira: Hik Hasi laborategiaren barruan Alvaro Beñaranek eta David Castrillok eskainiko dituzte formazioak, eta urtarrilaren 18an Arizmendi ikastolara egingo da bisita pedagogikoa. Estoniara bidaia pedagogikoa antolatu du Hik Hasik udaberrirako.