Presaka bizitzeak ondorioak ditu haurren heziketan eta garapenean, eta horretaz jabetzen eta neurria hartzen lagun diezaguke Mindfulnessak. Virginia Belategi Azpiri Mindfulnesseko espezialistak eta formatzaileak dio haurrekin ariketak egiten hasi aurretik, gurasoa dela baretasuna bilatu eta egoeraren kontzientzia hartu behar duena.

Gurasoak presaka eta korrika gabiltza eta horren ondorioz umeen eta gazteen artean ezinegona areagotu da. Seguraski giltzarria helduon martxa jaistea da baina ez da erraza”. Virginia Belategi Mindfulnessean adituaren hitzak dira, Hik Hasi aldizkarian argitaratu zuen Nola lagun dezake Mindfulnessak hezkuntzan? artikulukoak. Deskribatzen duen egoera hain erreal horretan, eta jakinda martxa jaistea zein zaila den, Hazi Hezik galdetu dio ea Mindfulnessak nola lagun dezakeen etxean haurrekin bizitza patxada sanoagoaz hartzen: “Tiritarik ez eskatu —erantzun du Belategik—; bizi dugun presari eta estresari tiritak jartzea baino hobe dugu, ahal dela, erritmoa jaisten saiatzea. Mindfulnessa barrutik kanporako prozesua da, ez da kanpoan adabakiak jartzean; jolasak, ariketak edo meditazioak egin ditzakegu umeekin, baina barrutik krispazioan bizi bagara, Mindfulnessak ez du ezer asko konponduko. Benetan balio duena egiten ari garen horren kontzientzia hartzea da; gure abiadaren kontzientziak lagunduko digu eguneroko erritmoa jaisten”.

 


Mindfulnessa: 
eraldaketa barrutik hasten da

Mindfulnessa Ekialdeko tradizioetan oinarritutako praktika bat da, eta bere jatorria Budismoan koka dezakegun arren, diziplina hau mendebaldera ekartzean eduki erlijiosoez hustu eta praktika guztiz laikoa bihurtu da. Norbere burua lasaitu eta orain eta hemen gertatzen ari denarekin konektatzera bideratutako era askotako ariketak ditu oinarri. Mindfulnessaren praktika nagusia jesarritako meditazioa da. Mindfulnessak planteatzen duena oso bide xumea da, baina aldi berean sistema osoan eraldaketa handia ekar dezakeena: bakoitzaren barrukotasunari begiratzea da proposamena, besteekin eraikitzen ditugun harremanen abiapuntu moduan.
Mindfulnessa arreta osoa moduan itzuli izan da, baina jatorriz ingelesez, hitz arrunt gisa, kontzientzia esan nahi du, egiten dugun horren kontzientzia osoa edukitzea: “Momentu bakoitzean gure barrenean arreta zerk eskatzen digun jabetzen laguntzen digu Mindfulnessak: burutazio asko ditut? Min fisikoren bat daukat? Zer esaten ari zait gorputza? Nondik dator sentitzen ari naizen emozioa edo zirrara?”. Gurasook landu dezakeguna gure barruan gertatzen denarekin konturatzea da, Belategiren aburuz, eta hainbat ariketa eta teknika daude kontzientzia hori lantzen lagundu diezaguketenak etxean, seme-alaben adinaren eta premien arabera.


 

Gakoak: kontzientzia eta gurasoen presentzia
Umeekin zer egin edo familian Mindfulnessa nola landu dezakegun galdetuta, heldua jartzen du beti abiapuntuan Belategik. “Eskifaia garrantzitsua da, baina norabidea markatzen duena kapitaina da. Gurasoa etxera ailegatzen denean haserre baldin badago, nahiz eta umeak lasai egon, guraso horrek umeak aztoratzea lortuko du azkenean. Gurasoa da etxeko giroaren oinarria jartzen duena, baretasuna eta lasai egote hori eskaini behar dituena”. Horretarako, norbere lasaitasuna bilatu behar du lehendabizi helduak. “Helduak ikusten badu ez duela asmatzen, har ditzala 5 minutu bere onera etortzeko; haurrek berehala igartzen dute noiz gauden geure lekutik kanpo; geure lekura itzultzeko behar dugun denbora hartzen dugunean, haurrak ere lasaitzen eta kokatzen joango dira”. Hori da, Belategiren ustez, gurasoon erantzukizun nagusia: “Gure seme-alaben ongizateak zuzeneko lotura dauka geure egoera animikoarekin eta emozionalarekin. Gu ongi gaudenean, eurak ongi daude; eta gu txarto gaudenean, nahi dugun jarduerarik onena prestatuta ere, ez dugu lortuko umeak bare eta gustura egotea. Hezkuntzan irakasleei esaten diet eurak direla erreferente eta eraldaketarako tresna nagusi eta etxean gurasoak gara oinarria. Beraz, norberak ikusi behar du zer behar duen bere baretasuna lortzeko, estrategiak, teknikak eta ariketak aldatu egiten direlako pertsona batetik bestera”.
Norabidea finkatzeko kontzientzia beharrezkoa bada, presentzia da heziketaren beste hitz klabea, Belategiren arabera, Mindfulnessean, etxeko patxada eskuratzeko: “Gakoa ez da umeei Mindfulnesseko audio zoragarri bat jartzea; umeekin egotea da inportantea; badakigu momentu guztietan ezin dugula umeekin egon, gauzak dauzkagu egiteko eta eskubidea dugu atseden hartzeko, baina jardueraren bat proposatzen diegunean, pentsa dezagun baita ere nola partekatu eurekin: elkarrekin eginez, aurretik prestatzen edo ondoren komentatzen”.

Egote horrekin batera, entzuteari ere garrantzia ematen dio Belategik: bai gurasoen eta seme- alaben arteko harremanean; bai bikotean eta baita anai-arreben artean ere: “Asko praktikatu behar dugu elkar entzutea. Dinamika terapeutiko bat da: hitz egiten duenak kontatzeko daukanari buruz hitz egiten du eta entzuleak entzun egiten du, iritzirik eta epairik eman gabe. Galtzen ari gara entzuteko gaitasuna”.

Haurren mugimenduan ere arreta jartzen du Belategik: “Haurrei asko gustatzen zaie mugitzea. Eta mugitu ondoren, interesgarria da mugimenduaren kontzientzia hartzea, gorputzean kontzientzia jarriz; nola dago eskua, nola dago gorputz adar hau mugimenduaren ondoren? Min handia ez baldin badaukagu, askotan ez dugu jakiten gorputza nola dagoen”. Gorputz kontzientzia landu egiten da eta, Belategiren arabera, gurasoak gara jakinduria hori bideratzen lagundu behar diegunak eta gorputzarekin, pentsamenduarekin eta euren emozioekin lotuago egoteko tresnak eman behar dizkiegunak; “gure gorputzaren egoera identifikatzeko bideak erakutsi behar dizkiegu, jolasen bidez, mugimenduaren bidez eta zentzumenen bidez”. Zentzumenetatik oso urrun joan gara, Belategiren aburuz: “Zentzumenak eta gorputza dira zentratzen lagunduko digutenak. Burua etorkizun hurbilean zein urruneko iraganean egon daiteke… baina gorputza beti eta soilik orainaldian dago: orain eta hemen; beraz, gorputzera etortzeak buruko zurrunbiloa geratzen lagunduko digu”.

Badaude teknikak baretasuna lantzeko, hala nola, meditazio gidatuak. Baina, oroz gain, arnasten ikasteari lehentasuna ematen dio Belategik: “Behar den bezala arnasten ikasiko bagenu, egunerokotasunean arazo asko saihestuko genituzke”. Arnasa lasaitzen dugunean, geu lasaitzen gara. “Beti funtzionatzen du honako honek: jarri esku bat tripan eta bestea bularrean, eta hartu arnasa. Heldua bera has dadila: sorbaldak behera, tripa kanpora eta putz. Sakon arnasa hartzen hasten garenean, erregulatu egiten gara, eta heldua erregulatzen denean, umeak erregulatu egiten dira. Gu aztoratuta baldin bagaude, haiek ezin dute erregulatu”.

Mindfulnessak baretzen laguntzen du eta baita egin behar dugun ekintzan zentratzen ere, adibidez, ikasketetan eta lanetan aktibatzen: “Mindfulnesseko ariketak onak dira arreta aurrean dugun eginkizun horretan zentratzeko. Ariketek eta teknikek laguntzen dute eta burua gauza konkretu horretan diziplinatzen dute. Pentsamenduak eginkizunetik joaten direnean, teknikak landuz, gero eta entrenatuago egongo naiz berriro pentsamendua eginkizunetara ekartzeko”.

Bukatzeko, Belategiren esanetan, kontua ez da etxean Mindfulnesseko ariketa edo praktika batzuk txertatzea, horren aurretik, kontzientzia osoa hartzea litzateke gakoa, eta horri laguntzeko ariketa batzuk txertatzea litzateke hurrenkera. “Gakoa ez da buruko mina daukagula eta pastillak hartzea; osasuna lantzea da interesatzen zaiguna. Gai honetan, berdin: lasaitasuna eta etxean zentratuta egotea landu nahi badugu, hori ez dugu ariketa bilduma batekin lortuko. Ariketekin bost minutuko eragina lortuko dugu. Baina lasaitasuna lantzea beste gauza bat da: arnasaren bidezko erregulazioa praktikatzea, etxeko ohitura onak sustatzea (loa, jana, agendak ez saturatzea) eta, oso garrantzitsua, elkar-entzutea dira gure egunerokotasunerako altxorrak”.

 


Egunero zaindu beharreko hiru une 

Jaikitzea: Eguna presaka hasi ordez, haurrak esnatu aurretik, gurasoak beretzat denbora hartzea proposatzen du Belategik, “benga eta goazen horiek guztiak saihesteko geuretzat denbora hartu behar dugu goizetan; eguna ongi hastearen edo gaizki hastearen aldea dago geure jarreraren baitan”. Ondoren, gosaria zaintzea ere garrantzitsua da Belategiren ikuspegitik eguna ongi hasteko: “Mindfulnessari buruz hitz egiten dugunean osasun psikoemozionalari buruz hitz egiten ari gara, eta horretarako zer jaten dugun ere garrantzitsua da, ez soilik zelan jaten dugun. Janari prozesatuak estresarekin lotura du, eta azukrea gosarietatik atera beharko genuke eguna ongi hasteko”.

Jatorduak: “Jatorduak une garrantzitsuak dira etxeko giroa zaintzeko. Jatea, 10 minututan egiten dugun asetze fisiologiko bat baino gehiago izan beharko litzateke. Elkarrekin eta lasai elikatzeko unea da. Lehen jatorduek erritu kutsu handiagoa zuten: denok mahaian egon arte ez ginen jaten hasten, jana bedeinkatu egiten genuen, eskerrak eman eta jan egiten genuen. Molde horiek gaur egun batzuentzat lekuz kanpo egon badaitezke ere, mahai gainean dugun jan horregatik eta prestatu duen pertsonari eskerrak ematea eta denok batera jaten hastea ohitura onak dira. Eskaini denbora jateari eta murtxikatzeari, eta sentsazioak partekatu”.

Oheratzea: Etxe askotan ohera joateko momentuak ere estres une bilakatzen dira, nekeak haserrea baitakar: “Ohera joateko errutinak ezartzea garrantzitsua da, eta errutina horiek ariketak izan daitezke: liburu bat irakurtzea izan daitekeen moduan, ohean gaudela meditazio txiki bat egitea aberasgarria da. Horretarako, garrantzitsua da gurasoak ere bare egotea, gurasoa aztoratuta baldin badago, ez dugulako haurra erlaxatuko”.