ALDERDI POLITIKOEK GUTXITAN BEZALAKO ADOSTASUNA ETA BORONDATEA ERAKUTSI DUTE HEZKUNTZA BLINDATZEKO EAE-N: HEZKUNTZA HITZARMENA JORRATZEKO NAHIA ERAKUTSI DUTE.
Hau da ikasturtea. Gakoa da abiatu berri dugun ikasturte hau. Hau akordioaren ikasturtea izan behar da, bai bederen Euskal Herriko zati batean, EAEn. Borondatea bada, nahia bada, beraz, ondo bidean, akordioa izango da. Azken bi ikasturteak hezkuntzakoak ez ziren gaiek markatu zituzten, pandemiaren ondorioz. Protokoloak, kontingentzia-planak, termometroak, gel hidroalkoholikoak, distantziak eta maskarak izan ziren hizpide eta lerroburu. Oraindik ere hezkuntza beste eremu gehienak baino zorrotzago murriztuta dagoen arren —bereziki Hego Euskal Herrian— bestelako gaiek hartu dituzte ikasturte berri honen hasierako solasaldiak: hezkuntza gaiek. Alderdi politikoek egin dituzte lehen urratsak, eta ia erabateko sintonia agertu dute: euskal hezkuntzaren kalitatea bermatuko den eszenatoki batera igarotzeko hitzarmena behar dela aldarrikatu dute Eusko Legebiltzarreko alderdi ia denek, hain zuzen ere, hezkuntza alderdikerietatik at egon dadin, bat datoz alderdiak. Hain aurreratua ikusten da bidea, ezen Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk urtebete aurreratu duela hitzarmenaren ondorenerako pausatua dagoen hezkuntza legea, 2022rako. Sintonian mintzo dira EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos. “Adostasunerako aukera handiak” daudela erakutsi dute. Une honetan alderdien artean dagoen giroa oso ona da”, adierazi du Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak. Hezkuntza hitzarmena lortzeko “borondate osoa” agertu dute EH Bilduk eta Alderdi Sozialistak, “marra gorririk gabe” egingo duela gogoeta aurreratu du EH Bilduk. Alderdi Popularra eta Ciudadanos koaliazioa da sintoniatik urrun dabilena. EH Bilduk Hezkuntza Proposamena jarri du mahai gainean: Hezkuntza sistema publiko burujaberantz izenekoa. Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzura egongo den hezkuntza sistema burujabea osatzea du helburu: euskalduna, hezkidetzailea, inklusiboa, parte hartzailea, laikoa, doakoa, herritarra eta publikoa (Galdeidazu atalean aurkeztu du proposamena EH Bilduko programa arduradunak). Badira proposamen gehiago, oinarritik sortuak, hala nola, Plaza Hutsa plataformaren (H)arian dokumentua, EHIGE eta HEIZEren Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar txostena, LAB sindikatuaren Hezkuntza burujabea iruten txostena; Ikastolen Elkartearen Endekalogoa, edota Hik Hasiren Hezkuntza Proposamena. Eusko Ikaskuntzak Liburu Zuria helburu abiatu duen prozesua ere helduleku garrantzitsua izango da. Eta badira aurrekariak. 15 urte bete berri ditu Oinarrizko Hezkuntza Akordioak. Hezkuntza eragileak eta sentsibilitate politiko ugarik adostasunetara iristeko gaitasuna erakutsi zuten 2006an. Nazio Garapenerako Biltzarrak osatutako Hezkuntza Batzordeak bultzatu zuen akordioa eta hezkuntza alorreko eragile eta ordezkari ugarik sinatu zuten. Orain beste urrats bat egiteko unea da. Alderdi politikoei dagokie, baina ez haiei bakarrik, hezkuntzaz gogoeta partekatu eta adostasunetara iristeko garaia du hezkuntza-komunitateak. Hau da unea.
Etorkinen euskalduntzea, hizkuntzaren berreskuratze-estrategia, orokor, planifikatu eta ofizial baten baitan ez bada egiten, urteak eta urteak segi dezakegu dirua eta energia xahutzen, baina ez dugu gure hizkuntza normalizatuko
Edurne Alegria