TOPIC TOLOSAKO TXOTXONGILO ZENTROKO PEDAGOGIA ARDURADUNA DA, ETA ARTE TERAPEUTA, ETA IRAKASLEA IZANA. BAINA KARMELE CRUZ, BEREZIKI, SORTZAILEA DA, TXOTXONGILOLARITZAN IRUDIMENTSUA, BAINA BAITA BIZITZAN ERE, EGUNEROKOTASUNEAN. JOLASTEN JARRAITZEN DUEN SORTZAILEA.

Gozatzeaz gain, haurra mundua entseatzen ari da, Karmele Cruzen arabera, txotxongiloekin jolasten ari denean; mundua ulertzen eta bere barne mundua ezagutzen. Helduari ere gonbidapen bera egiten dio, alfonbra gainean jarri eta jolas dezala.

Hitzez azaltzeko gai ez dena adieraz dezake umeak txotxongilo-jolasaren bidez, eta mundu errealean ulertzen ez duena ere uler dezake. Zer garrantzia du jolas sinbolikoak?
Haurren mundu-ulertzea ez da intelektualizaziotik pasatzen eta, normalki, gauzak hitzez azalduta baino errazago ulertuko ditu ipuin bateko metafora batean; horregatik dituzte hain gogoko ipuinak, bertan baitago ulertu beharreko guztia.

Txotxongilo lan bat ikusten ari den haur batek  gauza asko barnera di-tzake modu horretan, bizirik dauden izaki batzuen majiak bilduko baititu, haien unibertsotik askoz ere gertuago dagoen mundu batek, alegia. Mundu erreal eta irrealaren arteko zubi-lana egiten dute txotxongiloek, eta haurren sinbolizatzeko eta jolasteko gaitasuna garatzen dute: trapu bat otso bihurtu eta horrekin disfrutatzeko aukera ematen die haurrei.

Nola laguntzen dio jolasak haurren garapenari?
Haur batek,  jaiotzen den momentutik, bestearekiko banaketa prozesu bati aurre egin behar dio bere izatea munduan ulertzeko, eta prozesu horretan frustrazioari aurre egin beharko dio. Gauza guztien kontrolik ez duela ulertu beharko du, adibidez, eta bere buruaren jabe egiteko lehen pausotxoak eman beharko ditu. Horretarako, sinbolizatzeko gaitasuna gara-tzen lagunduko dioten objektuetan oinarrituko da: momenturen batean aurre egin beharko dio bakardadeari ez baitu lortuko ama, aita, edo dena delako bere ondoan izatea beti, baina izango du objekturen bat, panpintxo bat, mantatxo bat... zeinetan jasota sentituko den; alegia, frustrazio hori jasotzen eta absentzia hori eramangarriago egiten lagunduko dion objek-tu edo aurre-sinbolo bat.

Bestearekiko eta munduarekiko sor-tzen joango den distantzia horretan sortu ahal izango du jolas espazio hori, bertan sinbolizatzeko gaitasuna, eta jolasteko gaitasuna garatuko ditu. Modu sinbolikoan aritzea ahalbidetuko dio jolasak: Panpin bat —trapu zatia—  otso bihurtzeko gaitasuna emango dio, gauza zehatzetatik haratago joatekoa, alegia. Eta sinbolizatzeko gaitasun horrek emango dio bizitzaren hainbat aspektu asimila-tzeko aukera.

Arte espresio guztien bidez garatu daiteke sormena, baina txotxongilolaritzak zer ezaugarri ditu?
Txotxongilolaritzak baditu berezko ekarpen batzuk: errealitatetik oso gertu dago, margo batek ez bezela, oraina baitu, orain eta espazio erreal batean gertatzen den gauza bat baita. Bestalde,  arte espresio ezberdinak biltzen ditu: plastika, narrazioa, eskultura... Identitateak lantzen ditu txotxongilolaritzak, ahotsa duten eta errealitatean dauden pertsonaiekin aritzen da, beraz, gugandik oso gertu kokatzen den errealitate bat ere bada.

Txotxongiloekin jolastea, alfonbra gainean panpinak biziaraztea, alegia, haur batentzat mundua entseatzeko modu bat izango da, jolasaren beharrezko espazioa, eta bertan probak egin ahal izango ditu bere garapenean kokatzen ari diren faktoreekin: beldurrak, bizitzan eman beharreko erantzunak, frustrazioak… Jolasean gertatzen den horretan sartu eta atera ahal izateko aukera emango dio haurrari, trapua otso edota trapu izateko aukera; eta bera otso izateko aukera ere bai. Haur batentzat errazagoa izango da zuzenki baino, bere otsoari gertatzen zaizkion gauzetaz hitz egitea.

Limiteak, pistak edo ereduak behar ditu haurrak sortzeko, ezta? “Askatasun osoa” eman nahi izatea, ez da lagungarri?
Askotan uste dugu haur bati nahi duena egin dezala esatea komenigarria dela, baina haurrek, helduek bezala, limiteak ere behar dituzte. Demagun, mahai gainera material pila atera ondoren hauxe esaten diegula haurrei: “Nahi duzuena egin dezakezue, nahi duzuenarekin, nahi duzuen bezala, eta nahi duzuen denbora hartuz: hasi”. Izango da aurrera egiten duen ausartik, baina orokorrean, ilimitazio horrek, haurrak erabat izutuko ditu, gu geu izutuko ginatekeen bezala. “Baina nola egiten da?”, galdetuko dute segituan, “zerekin?”, “zer?”... Ez diegu abiapunturik ematen, ez prozesuan  ibiltzeko argibiderik, ez eta amaieraren horizonterik isladatzen.

Nonbaitetik hasi behar dugu, eta aukerak beti infinitoak direnez, aukeraketak egiten ditugu, denborarekin gauzak limitatzen ditugu, amaierak zehazten ditugu… Haur bati lagundu egin behar zaio prozesu horretan, askatasunean bere segurtasuna garatzen joateko. Gakoa da limite horiek non jartzen ditugun. Haur bati esan diezaiokegu: “Egin ezazu ile gorridun amona bat, oso pozik dagoena eta begi urdinak dituena, hau hemen itsatsiz, hemendik moztuz eta ondoren honela mugituko dena, eta hauxe egingo duena”. Litekeena da haur bati  ez interesatzea egin beharreko per-tsonaia. Eta limiteak, kasu horretan, irudimenean jarriko genituzke, horren garapenari jaramonik egin gabe. Aldiz, beste modu batetara egin dezakegu limitatze prozesua. Esan diezaiekegu: “Nahi duzuen pertsonaia sor dezakezue, baina mahai-txotxongilo bat izango da gaur, denbora honetan egingo duguna; mahai txotxongilo baten estruktura honela egiten da”. Hasteko puntu bat emango diegu, eta amaiera bat ere bai, baita prozesuan lagungarri izango dituzten gako teknikoak ere. Nahi dutena nola egin dezaketen azal diezaiekegu. Limite estruktural horietan oinarrituta, haurrek haien irudimena garatzeko aukera osoa izango dute: estruktura berarekin, nahi adina pertsonaia eta izaera sor baitezake; haurrak  leku seguruan sentituko dira irudimenari hegalak libre utziz.

Limiteak, beraz, ez dira txarrak, beharrezkoak baizik, eta argiak izan behar dira, gainera. Kontua da zertan jartzen ditugun, irudimenean edota irudimena eutsiko duten azalpen tek-nikoetan, adibidez.

Helduen zer jarrerak lagun dezake irudimen hori lantzen eta garatzen? 
Haur baten jolasa duen seriotasunarekin hartu behar da: entzun eta ikusi egin behar da haurren irudimenean gertatzen dena, hor baitago beti benetan gertatzen ari zaiona. Jarrera okerrena jolasten ari den haurra denbora galtzen ari dela pentsatzea da; umearen komunikatzeko modu zuzena baita jolasa. Eta lagundu egin behar zaio horretan: limiteak jarriz behar baditu; oraindik jaso ezin dituen eremuetara ez bultzatuz; denborak errespetatuz, eta gai bagara eta guk geure esparru hori garatu badugu, hots bizitzan sortzaile izateko jarrera badugu, haiekin komunikatuz: hau da, haiekin benetan jolastuz.

Irudimenari bidea uztea garrantzi-tsua da haurrek horren bidez bizitzan erantzun sortzaileak emateko segurtasuna lortuko dutelako, bizitza gauza zehatzetatik haratago metaforikoki ere ulertzeko edota eraldatzeko gaitasuna emango dielako. Haur batek, bere irudimenari jarraiki, pertsonaia bat asmatu eta istorio bat asmatzen duenean, bere irudimenean murgiltzen denean alegia, honi gertatzen zaizkion abentura eta desbenturen bidez proba ezberdinak egin ahal izango ditu, eta ikasitakoa transferitu ahal izango du, metaforikoki, bere bizitzara.

Etorkizunean ere heldu sortzaileak izateko bidea da irudimenarena, eta, beraz, bizitzaz disfrutatzeko eta bizitzari (erlazioei, gertatzen zaizkigun gauzei) erantzun sortzaileak emateko aukera emango diguna. Alegia, hobeto bizitzeko aukera.


Eta zerk oztopatzen du?
Irudimenari hegoak mozteko aukera asko dago: izan daiteke sormena pauso zehatz batzuk jarraituz egin beharreko plastika ariketa zehatz batekin konfunditzen delako, edota, prestatuta ez dauden haurrak askatasun osora bultzatzen ditugulako. Izan daiteke jolasean ari direla eta zerekin jolasten ari diren helduoi gustatzen ez zaigulako, heriotzarekin adibidez.

Heldutan sormena edo sortzaile izatea bizi jarrera bat dela diozu, ez dagoela zuzenki arte sorkuntza bati lotuta. Zertan laguntzen du sortzaile izateak?
Bai, sortzaile izatea bizitza osoan zehar luzatuko den jarrera bat izango da, baina askotan entzuten dugu “ni ez naiz sortzailea, ez daukat irudimenik”. Sortzaile izatea ez dago zuzenki txotxongilolari izatearekin, margo-tzearekin, musika egitearekin edota dantzaria izatearekin lotuta. Horiek sormenari ematen zaizkion espresio bideak dira. Baina sortzaile izan daiteke bat eguneroko bizitzan, sormenezko erantzunak ematen dituelako erlazioetan, bere bizitzeko moduan, edota bizitza modu sormentsu batean bizi eta disfrutatzen duelako.

Haurraren jolas-espazioa, beraz, sinbolizatzeko gaitasuna eta metaforikoki aritzeko gaitasuna emango dion irudimenaren esparru emankor hori, bizitza osoan zehar iraungo duen espazioa izango da, eta panpin jolasa zena, adibidez, beste gauza batzuk bihurtuko dira: gertatzen zaigun gauza zehatzetik haratago bidaiatzeko aukera emango digu, eta bizitza modu aberasgarriago baten jaso eta honi erantzuteko aukera emango digu. Demagun liburu bat irakurtzen ari garela, jolas espazio horren jarraipenik gabe irakurritako hizkietaik haratago ez genuke disfrutatuko. Aldiz, jolas espazio deitzen dugun horren garapenari esker, irakurritakotik metafora asko barneratuko ditugu, eta baliteke, gure bizitza errealera transferitzea. Hori da irudimenaren edota jolasaren helduon espazioa: irakurtzen edota ikusten edo gertatzen zaigun horretatik haratago ikustea, eta horretatik ikastea.

Arteak berak, bai txotxongiloak, baina baita musikak, dantzak, plastikak…haurraren (eta pertsonaren) osasuna hobetu dezake, ezta? Batetik, gaitzak prebenituz; eta bestetik gaitz horiek dituzten haurrekin gaitzak arinduz, edo eramangarriago eginez.
Artea, sorkuntza, jolas sorzailea modu zabalean ulertuta,  osasunaren alde egitea da beti. Denok dauzkagu gure zailtasunak bizitzan: ez da inor guztiz sanoa edota guztiz gaixoa. Oreka mantentzean dago bizitzaren gakoa,  nukleo osasungarriak indartzea eta ez hain osasungarri diren horietan transformazioak egitea edota gutxienez, kontuan hartzea.

Zailtasun batzuk bizitzak berak dakartza. Pertsona osasuntsu batek, alegia, sormen esparru hori garatu duen pertsona batek, beti edukiko du deskantsu eremu hori egoerak kudeatzeko. Baina ez bakarrik margo-tzen duelako, margo bat begiratu eta disfrutatzeko gai delako baita ere. Ez bakarrik musika egiten duelako, baizik eta musikarekin bidaiatzeko aukera emango diolako bere buruari. Jarrera bat dela ezin ahaz dezakegu, musika egiten ere, adibidez,  jarrera ez sor-tzaile bat izan dezakegulako.

Arte espresabideak lan  eremu bezala hartzen baditugu, sortze espazio hori zabal dezakegu: garatu duenak aprobetxatu egingo du bere zailtasunak modu metaforikoan azalduz eta kudeatuz, margo baten bidez, txotxongilo baten bidez, narrazio baten bidez... Hau da, gai izango da komunikazio horretan aritzeko. Garatu ez duen haurrak jarrera ezberdinak izango ditu: beharbada ez da oraindik jolasteko gai izango, trapua trapu izango delako oraindik berarentzat eta sinbolizatzeko zailtasunak izango dituelako; edo trapua beti otso izate horretan galduko delako. Kasu hauetan, jada, ez gara prebentzio sanotik arituko, baizik eta gune horien desorekatik. Hemen, jada, profesionalekin kontatu behar da. Kasu horietan lehenengo jolas eremuan aritu ahal izateko pausuak eman beharko dira. Eta behin aritzeko kapaz direnean, dakarten horrekin guztiarekin lan egin. Esparru ezin hobea izango da modu profesionalean eraldaketak egiten joateko, baina ezin horiek egin aldez aurretik joan etorriko bide hori ezin egin denean. Trapua otso, eta otsoa trapu bihurtu ezin denean, alegia.