‘EMARIAK, EMAKUMEEK HISTORIAN ZEHAR EGIN DITUZTEN EKARPENEN BILDUMA’ ARGITARATU DU KALAKAK, GURASOEN ETA IRAKASLEEN BIDEZ EMAKUME ERREFERENTEEN BERRI EMATEKO.
Zein helbururekin erabaki duzue liburu hau argitara ematea?
Helburu nagusia liburua eskuratzen duen pertsonari emakume erreferenteen berri ematea da, euskaraz pentsatua eta garatua izan den euskarri baten bidez. Gaur egun testuliburuetan agertzen diren erreferenteetatik %75 gizonezkoak dira, horrek dituen ondorioekin: haur eta gazteek soilik erreferente gizonezkoen berri dute. Amaieran ariketak txertatu ditugu, irakurketaz harago doan baliabide pedagogikoa osatu nahi izan dugulako, irakurtzeaz gain, lantzen diren gaien inguruan familian edo ikasgelan jarduteko.
Liburuan 12 biografia jaso dituzue. Zein irizpide izan dituzue kontuan hautaketarako?
Historian zehar, arlo desberdinetan aditu eta aritu izan diren emakume guztiak biltzea ezinezkoa denez, honako irizpideak erabili ditugu aukeraketa egiteko orduan: 1) emakume ezezagunak izatea; 2) euskaldunak eta nazioartekoak bilduma berean egotea, emakumeen ekarpenak isil-tzea eta baztertzea mundu mailako gertakaria izan delako; 3) garai, lan-arlo eta herri desberdinetakoak izatea, aniztasuna bermatzeko, ez baita gauza bera emakumea izatea XII. mendean edo XXI.ean, ezta Nigerian edota Estatu Batuetan jaiotzea ere, edota lan-arlo feminizatuetan edota maskulinizatuetan lanean aritzea.
Hausnarketarako ere bidea irekitzen dute biografiek, familian edo ikasgelan haurrekin batera irakurtzeko modukoak dira?
DBH edota Batxilergoko ikasleek irakurtzeko moduko biografiak dira, eta txikiagoei guraso edo irakasleek helarazteko modukoak. Biografia laburrak dira, beraz, erraz irakur-tzen dira eta horren helburu nagusia emakume bakoitzak egindako horrekin geratzea da. Lehenik eta behin helduok barneratu behar ditugulako eduki hauek —gu geu ez baikara hezkuntza berdinzale batean heziak izan—, gerora gure inguruan ditugun haurrei kontakizun moduan hauen berri emateko.
Zer-nolako garrantzia du neska gazteei emakumeen lorpenen erreferentziak emateak?
Neska eta mutilentzat da garrantzi-tsua emakumeen lorpen eta ekarpenen berri izatea. Neskek ikus dezaten eurak ere astronomo, biologo, futbolari edo beste edozein arlotako profesional izan daitezkeela, eta mutilak ohar daitezen neskek eurek egiten dituzten gauza berak egiteko gaitasuna dutela. Aldiz, kirolari, politikari, enpresari, etab. gizonen izenak soilik dakizkigu, euren lorpenen berri bakarrik dugu eta horrek nesken autoestimuan eragin negatiboa du, baita beren etorkizuneko planetan ere: ‘Nola izango naiz ba ni suhiltzaile neska izanda?’. Emakumezko erreferenteen berri emanda horrelakoak saihestu nahi ditugu.
Gizartean kontzientzia feminista zabaltzen lagun dezake?
Gure helburuetako bat hori da eta lortzen ari garela dirudi. Liburua jaso eta irakurri duten emakume eta gizon batzuek jadanik esan digute begiak irekitzen lagundu diela bildumak.
Nola eta non eskura daiteke liburua?
Liburua online eskura daiteke gure webgunean: kalaka.eus/denda, eta salmenta puntu fisikoen berri gure sare sozialen eta webgunearen bidez jakin dezakezue.