Miren Camison | Praktika filosofikoan aditua
Kritikoak eta euren kabuz pentsatzeko gai diren seme-alabak nahi ditugu eta horretan laguntzen du praktika filosofikoak. Haurrei
galdera egokiak eta ziztagarriak eginez eta ariketa filosofikoak, ludikoak eta artistikoak proposatuz, haurrak arrazoitzeko gai izanen dira. Arizmendi ikastolak eta Filosofia Faktoriak denon eskura jarri duten 'Kio eta Gus' materialak horretarako balio du.
Haur filosofiako euskarazko lehen materiala sortu duzue Arizmendi ikastolak eta Filosofia Faktoriak elkarlanean. Zer gabezia betetzera dator materiala?
Aspaldian ikusten genuen haur filosofiako euskarazko materialen hutsunea eta gabezia hori betetzen hasteko argitaratu ditugu bi material: Matthew Lipman-en Kio eta Gus haurrentzako eleberri filosofikoa, eta eleberria lantzeko Munduaren aurrean harritzen irakasleentzako gida. Euskaratzeaz gain, pedagogikoki egokitu ditugu.
Haur filosofia lantzeko direla aipatzen duzu. Zer da haur filosofia? Filosofiak zertara gonbidatzen ditu haurrak eta gazteak? Zer gonbite mota luzatzen die?
Haur filosofia haurrekin eta nerabeekin filosofia egitean edo filosofia praktikatzean datza. Beste modu batera esanda, filosofiako edukiak eta metodologia haurren adinari eta heltze prozesuari egokitzen zaizkion hezkuntza proiektua da haur eta gazte filosofia. Beraien kabuz, modu kritikoan eta sortzailean pentsatzera gonbidatzen ditu, besteekin taldean gogoeta eginez elkarrizketa eta ikerketa filosofikoaren testuinguruan.
Lanketa hori egiteko sortu zuen metodologia Matthew Lipmanek?
Hala da. Haur eta gazte filosofiaren mugimenduaren aitzindari eta erreferente nagusia da Matthew Lipman filosofo estatubatuarra. 90eko hamarkadan haurrentzako filosofiako curriculum zabala sortu zuen, 3 urtetik 18 urtera artekoentzat. Guk argitaratu dugun Kio eta Gus ikasmateriala Matthew Lipmanen obra klasikoa da eta, hasteko, 8-10 urteko haurrentzat zuzendua dagoen eleberria aukeratu eta euskaratu dugu.
Zein da, zure ustez, Matthew Lipmanen eta Kio eta Gusen ekarpenik eta berrikuntzarik nagusiena?
Hasteko, haurrei bizitzarako garrantzitsuak diren hainbat gai mahaigaineratzen dizkie, norberak bere kabuz edota elkarrekin pentsatzeko. Gai horien artean naturaren filosofia dago: animaliak, ekologia, natura... Bigarrenik, zentzumenen gaineko hausnarketak aurki daitezke: ikusmena, usaimena, dastamena, ukimena, entzumena... Zentzumen guztiek daukate gogoetarako espazio berezi bat. Hirugarrenik, esango nuke familiaren eta lagunen arteko harremanak garrantzi handia duela materialean, eta baita bertan pizten diren sentimenduek ere; alegia, harreman horiek sortzen dituzten sentimenduek eta horien ondorioek. Eta azkenik, elementu berezi bat ere aipatuko nuke: eleberriaren momentu batean Platonen egiari, ongiari eta edertasunari buruzko galderak egiten dituzte eleberriko pertsonaiek. Hor, ezkutuan, ideia sokratiko eta platonikoak modu dibertigarrian plantetuta aurki daitezke.
Gidaliburuak filosofia haurrekin nola lantzen den erakusten du; adibidez, nola egin galdera filosofikoak eta ziztagarriak, beraien pentsamendu kritikoa, sortzailea eta enpatikoa barnetik kanpora azaleratzeko
Gai horietaz hausnartzeko eta, bide batez, praktika filosofikoa lantzeko eleberria protagonista batzuen istorioetan oinarritzen da.
Halaxe da. Protagonistak fikziozko bi haur dira. Gusek pertzepzioaren desgaitasun bat dauka, ez du ongi ikusten. Baina, halere, munduan murgiltzeko duen gaitasunaz harro dago eta ez du bere buruaz gupidarik. Kiorekin dituen elkarrizketetan sendo agertzen da. Haur biek mundua esperimentatzeko eta ulertzeko duten modua ez da berbera eta haurrak ikuspegi desberdin horietaz konturatzen dira eleberria irakurri ahala. Pasarteak irakurri ondoren —familia osoan ozen eta txandaka irakur daitezke— haurrei eskatzen zaie zehaztea zer iruditzen zaien interesgarria irakurtzen ari diren pasartean. Horrek elkarrizketarako gaiak izendatzeko aukera ematen du eta gai horien inguruan gidaliburuan agertzen diren ariketak, elkarrizketak eta ikerkuntza proiektuak egin daitezke. Lanketa horretan pentsamendu trebetasunak indartzen dituzte haurrek.
Eleberriarekin batera Munduaren aurrean harritzen irakasleentzako gidaliburua argitaratu duzue. Gurasoentzat ere baligarria da?
Bai, zalantzarik gabe. Kio eta Gus ikasmateriala bereziki Lehen Hezkuntzako 2. ziklora bideratua dago, baina nire esperientziaren arabera, materiala hezkuntza ez-formalean, aisialdian, ludoteketan... ere landu daiteke, eta etxean ere irakurri eta landu daiteke.
Zer gako erakusten dizkie gidaliburuak haur filosofia praktikan jarri nahi duten gurasoei? Edo beste modu batera esanda, seme-alabak kritikoak izan daitezen nahi duten gurasoei zer tresna eskaintzen dizkie?
Metodologikoki filosofia haurrekin nola lantzen den erakusten du. Adibidez, nola egin haurrei galdera filosofikoak, ziztagarriak, beraien pentsamendu kritikoa, sortzailea eta enpatikoa barnetik kanpora azaleratzeko. Horretarako, ariketa filosofikoak, ludikoak eta artistikoak proposatzen ditugu. Gidaren bukaeran Lipmanek idatzi ez zuen atal berri bat dago, neronek idatzia, artearen bidez haurrak pentsatzera gonbidatzen dituena.
Haur eta gazte filofosofia hezkuntza proiektua ikasgelan edo ikasgelatik kanpo landu nahi duten irakasleei, gurasoei edo interesa duten pertsona guztiei prestakuntza ikastaro bat egitea gomendatuko nieke. Nire ustez, interesgarria da ikastaroa egitea bai filosofia edukietan sakontasun gehiago edukitzeko eta baita elkarrizketa filosofikoa eta metodologia filosofikoa praktikatzeko, edonora eraman baino lehen. Lehenengo guk geuk esperimentatzea eta bizitzea lagungarria da, ondoren haurrekin eta nerabeekin beste leku batzuetara modu natural batez eramateko.
Nola eta non eskura daiteke Kio eta Gus materiala?
Kio eta Gus materiala modu autogestionatuan argitaratu dugunez, Arizmendi ikastolako edo Filosofia Faktoriako webgunera idatziz eska daiteke. Norbaitek zalantzaren bat baldin badu ikasmaterialaren inguruan edo metodologia edukiaren inguruan, mezu bat bidal dezake Filosofia Faktoriara eta gustu handiz erantzungo diot.