Azaroaren 28an Bilbon eta azaroaren 29an Donostian. Bi egun horietan egingo dira airtengo Haur Hezkuntzako jardunaldiak gai honen bueltan: hezitzailea non haurra han.
Jardunaldietan jolas libreak eta mugimendu autonomoak haurraren garapenean duten garrantzia azaleratuko da. Eta egitura pedagogiko horietan hezitzailearen rolak zein izan behar duen argituko da.
Teresa Neira hezitzaile eta formatzaileak jolas librea eta mugimendu autonomoa konstruktibismoaren markoan kokatuko ditu. Konstruktibismoak ematen duen markoa eta kokapena funtsezkoak dira haurraren garapenerako. Berau ezagutzeak eta aintzat hartzeak haurraren garapena errespetatzea dakar. Horregatik da garrantzitsua mugimendu autonomoan eta jolas librean konstruktibismoaren ardatzak kontuan izatea.
Albaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogia terapeutikoan lizentziatua hezitzailaren lekuaz eta funtzioaz arituko da. Bidelaguntzeko estrategiak eta tresnak proposatuko ditu. Nola bidelagundu jolas librean eta mugimendu autonomoan, harremanetan oinarrituz baina haurraren interesak eta autonomia errespetatuz? Galdera horiei erantzungo die.
Ondoren, bi esperientzia ezagutzeko aukera egongo da: Arbizuko (Nafarroa) Kattuka haur eskolan hezitzaileek nola lan egiten duten jolas librearen markoan eta Zaldibiako (Gipuzkoa) Lardizabal herri eskolan nola kokatzen den hezitzailea mugimendu autonomoan.
