Hik Hasi egitasmo pedagogikoak haurra erdigunean jarriko dituen eskola eta herri hezitzailea helburu, hezkuntza hobetzeko proposamena ondu du: Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak izenekoa. Dokumentua adosteko, urtebeteko hausnarketa egin dute sare guztietako irakasle eta hezitzaileek, eta hainbat adituk haien ekarpenak egin dituzte, horien artean, Mondragon Unibertsitateko, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, UEUko eta Baionako Unibertsitateko hainbatek. Gurasoei, herritarrei, irakasleei eta hezitzaileei, eskola eta institutuei, gertuko administrazioei eta hezkuntza eskumenak dituztenei zuzendua dago dokumentua.

Haurra, jaiotzen den momentutik interes, behar eta eskubide propioak dituen izaki hori, aintzat hartuko duen herria, aintzat hartuko duen jendartea eta aintzat hartuko dituen eskola posible dira. Pentsatzen jarrita, zer-nolako herri, jendarte eta eskola ditugu haurraren interes, behar eta eskubideak aitortzen eta osoki errespetatzen ez baditu?

Haurrarentzat eta etorkizuneko belaunaldi berrientzat onena helburutzat hartuta, eta aurrera begira jarririk, hezkuntza hobetzeko proposamen bat adostu du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak urtebeteko hausnarketa, eztabaida eta lanketaren ondoren, hezkuntza hobeturik, jendartea, komunitatea, herria ere hobetuko ditugulakoan: Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak. Sare guztietako hezitzaile eta irakasleek hartu dute parte heziketa ikuspegi hutsetik egindako ariketa libre honetan eta uniber-tsitateko irakasleen eta adituen ekarpenak jaso dituzte hezkuntza hobetzeko 10 gako jasotzen dituen dokumentuan.

Bi adarretan batzen dira Hik Hasik proposatzen dituen hamar gakoak: batetik, haurra bere osotasunean kontuan hartzeko proposamena egiten du, eta, bestetik, hezkuntzaren ardura herri osoarengan ezartzen du, Hik Hasiren ustez, hezkuntza, herri guztiaren, haurraren inguruko komunitate osoaren ardura izan beharko bailuke. “Haurra da jendartearen erdigunean dagoena, eta haurraren tamainako komunitatea herri justuagoa, parekideagoa, konfiantzan oinarrituagoa, kooperatiboagoa izango da”.

Haurra bada nor. Sinpleki. Horra hezkuntza hobetzeko proposamenaren lehen ardatzaren muina. Haurra badela nor aitortzeak eta haurraren nortasuna eta kultura aitortzeak hezkuntza- eta haziera-eredua eta baldintzak aldatzea —hobetzea— esan nahi du.

Hik Hasiren hezkuntza proposamenak herri hezitzailearen filosofiarekin bat egiten du marko filosofikoan, eta haurra ikusteko eran, eta balio horiek hezkuntza-proiektuetan eta eguneroko praktiketan txertatzea proposatzen du hezkuntza hobetzeko lehen gako bezala; hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea proposatzen du:
Haurraren kultura aitortzea eta errespetatzea. Parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaintzea. Aniztasunean berdin eta parekide izanez aritzea.
Ingurumenarekin bizitzen ikastea. Ingurumen kulturala zaintzea. Harremanetan, euskara lehenestea.
Elkarlanean aritzea, eta auzolana sustatzea. Komunitatean bizitzea.
Balioetan hezteak, halaber, nolako mundua eta nolako etorkizuna nahi ditugun irudikatzea esan nahi du.
Heziketaren helburu gisa, mundu hobe bat lortzea hartuko genuke. 
Mundua iraunkor bihurtzea: Naturarekin biziz, kultura-aniztasuna  errespetatuz, osasuna zainduz, elkartasuna landuz, taldeko egitasmoak indartuz…
Hezkuntzak herritar ardura-tsuak, irizpidedunak, kritikoak eta baikorrak sortzeko eta, norberak dituen dohainak ezagututa, jendartean ongi kokatzeko balio behar du.

Hik Hasiren hezkuntza proposamenak ideia filosofikoak bezala neurri zehatzak proposatzen ditu, haurren behar, interes eta eskubideak aitortu eta bermatzeko eta gizarte arreta-tsuagoa eta zaintzaileagoa susta-tzeko. Batetik, lehen urteei begirako hainbat neurri proposatzen ditu dokumentuak, haziera eta heziketa baldintzak hobetzeko, haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik:

Zaintza familiaren testuinguruan nahiz erakundeen eta haur-eskolaren testuinguruan gauzatu, oinarrizko helburuaren printzipio nagusia lehenestea eta berrestea: haurraren interesa. Haurren eskubideen barruan kokatu behar da hori, eta haur txikiaren garapen orokorraren mesedetan gauzatuko da.
Haurraren gurasoek lanuzte-baimen ordaindua luzatzeko aukera izatea, haurrak urtebete izan arte, gutxienez. 
Lehen hiru urteak bete arte, haurrak etxean zaintzeko eta hezteko erraztasunak ematea.
Aukera horren ordez edo osagarri gisa familiek harrera edo zaintza moduak aukeratuz gero, behar beste leku ahalbidetzea, eta ahalik eta harrera, zaintza edo heziketa onena eskaintzea.
Egoki litzateke kontuan hartzea Haur Hezkuntzarako Europar Sareak erreferentzia gisa hartzen dituen haur kopuruak, heldu bat 0-12 hilabete bitarteko 4 haurrekin egoteko, hau da, 1/4 erlazioa; 1/6, 12-24 hilabete bitartekoekin; 1/8, 2-3 urte bitartekoekin; 1/12, 3-4 urte bitartekoekin, eta, 1/16, 4 eta  5 urtekoekin.
Gizartean adin horri zuzentzen zaion eskaintzaren aurrean, ezinbesteko eta berehalako gogoeta publiko, sakon eta uniber-tsalari ekitea, haurren garapena bermatuko duten kalitatezko baldintzak azter daitezen.
0-3 adin-tarteko haurren garapenak dituen berezitasun propioak kontuan hartuta, aro hori ez dela hezkuntza hutseko aroa eta, are gutxiago, eskolaren aroa azpimarratzea; izatekotan ere, hezkuntzaren aurretiko garaiaren edo familiaren eta eskolaren arteko zubi garaia besterik ez da. 
0-3 adin-tarteak duen garrantzia kontuan hartuta, etapa horretan hezitzaile gisa lana egiteko prestakuntzan sakontzea, adin horietako haurren garapenaren ezagutzan batez ere.
Haur-eskoletako langileen lan-baldintzak eta soldatak Haur Hezkuntzako beste zikloetako langileenekin homologatzea. 
Kalitatezko arreta goiztiarra eskaintzea, haurren garapenean sor daitezkeen zailtasunen aurrean lankidetza egokia baliatzeko; eta profesionalak eta familiak elkarrekin lan egin dezaten bideak eskaintzea.
Herrian, haurrek eta gurasoek partekatuko dituzten espazioak eta jarduerak antolatzea, profesionalen laguntzarekin.

Eta, bestetik, nerabezaroari ere erreferentzia berezia egiten dio dokumentuak. Etapa honen garrantziagatik eta berezitasunagatik, arretaz eta txeraz tratatzekoa baita. Oinarrizko Hezkuntza osoa per-tsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea proposatzen du dokumentuak, eta nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabetzea.
Oinarrizko hezkuntza osoan, pertsonaren hainbat alderdiren garapena ahalbidetzea: ezagu-tzazkoak, emozionalak, etikoak eta sozialak. Haur txikienekin, ikasteko bitartekoa jolasa izatea, eta, handitzen ari diren neurrian, bizitza errealarekin lotuko duten egitasmoak lantzea.
Bigarren Hezkuntzan, heziketak pisu handiagoa hartzea. Ikasgaiak irakasteaz gain, bizitzen eta pentsatzen laguntzeko eta hezteko prestatutako irakasleak izatea.
Ikasgai bakoitzeko irakasle espezializatu bat izan beharrean, arloetako irakasle erreferenteak edukitzea.
Gorputz-heziketari, filosofiari eta adierazpenarekin lotutako arloei ordutegi zabalagoa eskaintzea. 
Euskal kultura lehenestea. 
Hautaprobak edota selektibitatea bezalako probak kentzea, ikasketa-prozesua modu desegokian baldintzatzen dutelako.
Ebaluazioak, oro har, zertan hobetu behar den ezagutzeko balio izatea, eta hobekuntza horretarako zer bitarteko jarri behar diren erabakitzeko. Per-tsonarengan eragina duen testuinguruaren ebaluazioa egitea, orain arteko kalifikazio-sistema bertan behera utziz eta une oro ikasleen autonomia zainduz, autoebaluazioa landuz.

Ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatzea helburuetako bat izan behar du gure eskolak, eta Hik Hasiren proposamenak pisu handia jartzen du puntu honetan. “Eleaniztun diogunean, esan nahi dugu gai izan behar dutela euskara, gaztelania ala frantsesa, eta atzerriko hizkun-tza bat bizitzako hainbat esparrutan egoki erabiltzeko. Euskaldun diogunean, euskara bizitzako hainbat esparrutan erabiltzeko gai izateaz harago, euskal kulturaz, historiaz, identitateaz eta berezitasunez jabetu behar dutela eta, jabetu ez ezik, horren guztiaren partaide sentitu behar dutela esan nahi dugu. Hemengo kultura-aniztasunean errotuta eta mundura zabalik egongo diren pertsonak hezi nahi ditugu”.

Irakasleak eta eskola
Hezkuntzak haurren interes, behar eta eskubideak aitortu eta errespeta ditzan, elikatu eta gaitasunak loratzen lagun dezan, ezinbestekoa da hezkuntzako profesionalen lana hobetzeko tresnak eskain-tzea. Gizarte hezitzaile batean, rol funtsezkoa betetzen dute hezitzaile eta irakasleek, eta beraz, profesional horien formazio, baldintza, prestigio eta praktika hobetzea lehentasunezko jotzen du dokumentuak. Hala aitortzen du hezkuntza hobe-tzeko proposamenaren bosgarren puntuak: “Irakasteak, zaintzeak eta hezteak duten garrantziagatik, ezin liteke edonor izan hezkuntzako profesionala. Beharrezkoak dira gaitasuna, prestutasuna eta prestakuntza”.
Irakasle Eskolan, Pedagogian, Psikologian eta unibertsitateko beste hainbat ikasketatan, ikasleen sarreran honako arlo hauek balioestea: ikasketa-mailaz gain, haurrekin aritzeko gaitasuna, jarrera, gizarte hurbilarekiko konpromisoa, enpatia, elkarlana, ardurak hartzeko prestutasuna...Maisu-maistrak eta irakasleak goi-mailako prestakuntza behar du, honako hauetan oinarritua: Haurtzaroaren Eskubideetan oinarritutako irakaskuntzan; Psikopedagogian eta soziopedagogian; Metodologia berrietan; Informazio eta Komunikazioen Teknologien arloan; Taldean lan egiteko, egoera berriei erantzuteko eta familiekin eta inguruko komunitatearekin harremanetan aritzeko gaitua egotea; Oinarrizko euskara hizkuntzan oso doitua, hizkuntza idatzian zein ahozkoan gaitua eta goi mailako erabilera izatea, ezinbestean.

Prestakuntzako zutabea ikaslearen garapen pertsonala izatea, betiere profilarekin lotuta.
Prestakuntzan, teoria praktikari lotuago egotea. Ikasleekin ari-tzea, ikastalde baten tutorearekin batera. Izan ere, bien artean aritzeak onurak ekarriko dizkio heziketa-prozesuari, eta bikote hezitzailearen abantailei probetxua aterako zaie. Horretarako, gomendagarria da unibertsitatea eta eskola elkarlanean aritzea.
Irakasle hasiberriek hezitzaileen taldeen laguntza izateko bideak sustatzea.
Ikaskuntza-prozesuetan, hobekuntza sustatzen duten faktoreei eta baldintzei buruzko ezagutza teorikoa eta praktikoa etengabe eraikitzen jarraitzea.
Eta irakasle eta hezitzaileen lana eta prestakuntza egokitzearekin batera, ezinbestekoa da hezkuntza gauzatzeko propioki sorturiko egitura hobetzea: Eskola, hain zuzen ere. Haurra osotasunean hartuko duen eskola, baina era berean, gizarte justuago, parekideago, konfiantzan oinarrituagoa, kooperatiboagoa, ekitatea eta kohesio soziala sustatuko dituena helburu hartuko duen eskola izan dadin hobekuntza beharrezkoa da. Hezitzaile, irakasle, aditu eta hausnarketa honetan parte hartu duten bestelako kolaboratzaile eta profesionalen ustez eta hezkuntza proposamen honetan jasotzen den eran, euskal hezkuntza-sistema berriak, helburu dugun sistema publiko bateratzailea sozial, malgu edo inklusiboak, hiru zutabe izan beharko ditu: Finantziazioari eta hezkuntza-eskuartzearen segimenduari dagokienean publikoa, administrazioari baitagozkio eskumen horiek. Bigarrenik, Ikastetxe bakoitzak autonomoa izan behar du bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko. Dokumentuaren bosgarren puntuak dioen eran, eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektu propioa izan behar du, eta gaur eguneko  —eta etorkizuneko— haurren eta jendartearen beharretara egokitzeko, egoki prestatutako zuzendaritza, ondo aukeratua, eta lantalde egonkorra behar ditu.

Herriak hezkuntzaren sustatzaile:
Ikastetxe hezitzailea ez ezik, herri hezitzailea behar dugu. Horixe da dokumentu honek proposatzen dituen hobekuntzarako gakoen bigarren ardatza. Komunitateak bere hezkuntza-arduraz jabetu behar du. Horretarako, ezinbestekoak dira udalerriko hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren erabateko inplikazioa, eta herriko gainerako eragileen partaidetza. Adibidez, guztien arteko lankidetzan herriko hezkuntza-plangintzak egin eta gauzatu beharko lirateke, zortzigarren gakoak dioen eran: “Uste dugu gertuko kudeaketak beharrak hobeto detektatzeko eta hobeto erantzuteko balio duela. Horretarako, udalek eskumenak eta bitartekoak behar dituzte hezkun-tzarekin lotutako gaietan. Herri bakoitzean, hezkuntza-plan bat egitea eta sustatzea udalarekin, herriko ikastetxeetako elkarteetako arduradunekin, hezkuntzako profesionalekin eta hezkuntzan interesa duten beste eragileekin. Dinamika horretan, pisu handia izan beharko lukete hezkuntzako profesionalek”.

Hezkuntza-planaren funtzioen artean, hauek azpimarratzen ditu hezkuntza-proposamenak:
Haurren interesak zaindu ahal izateko, herriko hezkuntza-, osasun- eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa bermatzea.
Herriko oinarrizko hezkuntza-ildoa edota curriculuma adostea eta garatzea.
Etorkin berriei begira harrera- eta egokitze-plan bat egitea, hau da, herrira iritsi berrien beharrei erantzutea. Haien egokitze- eta heziketa-beharrei erantzuteko, kontuan hartzea bai haiek eta bai herriko eragileak.
Herriko hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko koordinazio-lana egitea.

Hezkuntza, eskola, herri hezitzailea hobetzeko ezinbestekoa da antolaketa administratiboan ere hobekuntza egitea, denontzako modukoa, inklusiboa eta bateratzailea izan dadin, konfiantzan eraikia, parte-hartzearen erraztatzailea, gardentasunez bizia eta gertuko kudeaketan oinarritua. “Europan, gertuko gestioa ari da indartzen azken hamarkadetan hezkuntzaren esparruan, inber-tsioak hobeto kudeatzen direlako, jendeak hezkuntza-egitasmoa bereago sentitzen duelako, eta parte-hartzean eta demokrazian sakontzen laguntzen duelako”. Eredu horiez gain, bestelako antolaketa-eredu bat ere izan aproposa izan liteke, noski. “Antolaketak, funtsean, oinarrizko irizpide hezitzaileetan ados egotea ahalbidetu behar luke,  eta, bakoitzaren aniztasuna eta autonomia errespetatuz, herriko plangintza komuna egitea. Eredu horrek, hezkuntza formala (eskola), ez-formala (eskolaz kanpoko ikasketak) eta informala (etxea, aisialdia, kalea…) elkarrekin aritzeko bidea erraztu behar luke”.

hik hasik, denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema planteatzen du −Euskal Hezkuntza Sistema Publiko batera-tzaile, sozial edo inklusiboa esango genukeena−. Horregatik, benetako herri hezitzaile gisa, udalek serio hartu behar dute hezkuntza, eta gertuko administrazioei loturiko honako proposamen hau egiten du eskolentzat:
- Hezkuntza-eskumena duen administrazioak diru publikoz finantza-tzea, eta finantzaketa horren guztiaren jarraipena egitea.
- Eskola bakoitza autonomoa izatea bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, bai ildo edo estilo pedagogikoari dagokionez, bai ikastetxearen barne-antolaketari dagokionez. 
- Udalak herri-mailako hezkuntza antolatzeko eskumena izatea.

Honi guztiari forma emateko, hezkuntza hobetzeko, haurren, familien, jendartearen eta oro har hezkuntzaren benetako premiei erantzuteko, hobetzeko eta gaurko eta biharko beharrak asetzeko inbertsioa beharrezkoa da. Hezkun-tzari gizarte balio bezala duen garrantzia emango dion finantzaketa ezinbestekoa da. Hain zuzen ere, Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa dokumentu hau taxuzko finantzaketa aldarriarekin ixten da: Jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa izatea: “Herri baten garapenean hezkuntzak bete-tzen  duen zeregin garrantzitsuagatik, plangintzaren erdigunean kokatu beharko litzateke, eta inbertsio-lehentasunen artean aplikatu. Batez beste Europan erabiltzen den inber-tsio-irizpidera iristeko plan bat egin behar litzateke. Inbertsioa nabarmen areagotzea ekarriko luke horrek. Bestalde, antolaketa-eredu berriak eraginkorra izan nahi badu, ikasleek aukera izan behar dute plangintza komunean dauden edozein ikastetxetan matrikulatzeko, baldintza berberetan. Horrek berarekin dakar sortuko den eredu-bateratzailearen plangintzan dauden ikastetxe guztiek finantzaketa nahikoa jasotzea, oinarrizko hezkuntzan (0-18 urte) gutxienez; ekitatea (behar handiagoa duenari laguntza handiagoa eskain-tzea) eta herritarren arteko kohesioa izango dira horretarako iparrorra-tzak. Jarraipen gardena izan behar luke finantzaketa horrek”.