Hain da sinplea, hain da oinarrizkoa, esateak  —hemen idazteak— ere ia lotsa ematen duela: haurra pertsona da, haurra hemen eta orain pertsona da. Baina esan beharra dago, oraindik ere. Herri hezitzaileei buruz egin dugun gai nagusian Lorea Agirre kazetari eta Oinherriko kideak dioen eran, “haurra ‘etorkizuneko pertsona’ kontsideratua izan da, etorkizuneko langilea... baina haurra bada izan, haurra bada pertsona, herritar/hiritar. Haurra ez da proiektu bat, osotasun bat da, helduak garen bezala”. Aitortza horrek, haurra pertsona dela esateak, barneratzeak, onartze horrek, haurrari eskubideak, iritzia, ekimena eta, finean, boterea aitortzea esan nahi du, etxean, eskolan eta herrian. Oinherri herri hezitzaileen mugimendua erakusten ari da gauzak egin daitezkeela beste era batera, egin egin behar direla beste era batera: haurrekin, haurren parte-hartzearekin, haurrak kontuan izanda, haurrak entzunez, denontzat.

Hain da sinplea, hain da oinarrizkoa. Haurra pertsona dela aitortzeak, begirada aldatzea exijitzen du. Funtsean harreman-ereduak aldatzea exijitzen du. Haurra pareko gisa trata-tzea, berdin. Baina helduok ez gaude ohituak. Nerea Mendizabal psikopedagogoak ematen digu zergatiaren giltzarria: “Guraso edo hezitzaile bezala esan izan zaigu autoritatea garela eta sinetsarazi zaigu boterea guk daukagula, eta, gainera, esan digute guk hezi behar dugula ume hori, ze ume hori hezi gabe dago eta forma eman behar zaio. Beraz, helduak uste du justifikatua daukala botere hori erabiltzea haurraren hobebeharrez”. Eta aurreraxeago aldarrikatzen du: “Umeak ez dira gutxiago; umeak pertsonak dira, gizakiak dira, eta beren beharrak dituzte, beren bizipenak eta emozioak”. Psikopedagogoak gauzak —harremanak— beste era batera egiteko helduleku bat eskaintzen digu elkarrizketa nagusian: Komunikazio Ez Bortitza.

Hain da sinplea, hain da oinarrizkoa. Baina ez da errespetatzen. Asier Baglietto Arremanitzeko soziologoak argitzen digu: “Prebentzio lana badago, baina sistematik beraien [haur eta nerabeen] lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean “zein dira zuen premiak?”... beraiek obeditzen ikasten dute, eta barneratzen duten mezua da ‘handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut’”. Hain da sinplea, hain da oinarrizkoa.

Gauzak beste era batera egiteko garaia da. Haurrei —eta “haurrak” diogunean “guztiok” diogu— entzutekoa; haurrekin, haurren parte-hartzearekin eta denontzat egitekoa. Etxean, eskolan eta herrian. 1989an onartu zen giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenaren barruan haurren eskubideen aldarrikapena. Bizitzarako eskubidea, babeserako eskubidea, garapenerako eskubidea eta parte hartzeko eskubidea aitortzen zaie haurrei aldarrikapenean. Hain da sinplea eta oinarrizkoa, betetzea besterik ez dela gelditzen.