Filosofoen antzera, haurrek jakin-min itzela dute, norbere izateaz, ingurukoez eta errealitateaz.
3 urteko haur batek 250 galdera egiten ditu egunean, batez beste. Filosofoen antzera, haurrek jakin-min itzela dute, norbere izateaz, ingurukoez eta errealitateaz. Haur Filosofiak jarrera filosofikoa sustatzen du elkarrizketen bidez, eta etxerako ere tresna baliagarria da, haurrek modu autonomoan eta kritikoki pentsatzen ikasteko.
Ama, Trump gaiztoa baldin bada, zergatik aukeratu du AEBetako jende gehienak bera? Nork erabakitzen du zer dagoen ondo eta zer dagoen gaizki? Ondo dagoena, beti dago ondo, ala batzuetan ez dago ondo?...".
Ongiari eta gaizkiari buruzko galderak; gizakiari buruzkoak, sorreraz eta amaieraz; munduari buruzkoak… Haurraren izaerarekin bat dator galderak egitea, haurraren izaerarekin bat dator jarrera filosofikoa: "Zergatik barkatu behar diot ez badut nahi? Zintzoagoa izango al naiz, nahi ezta ere, barkatzen baldin badiot?"... Filosofia eta haurra hasiera batean irudi lezakeena baino gertuago daude, filosofia liburu zaharretako autore klasikoak baino askoz gehiago dela ulertzen baldin badugu, bederen. Jakinmin Filosofia elkarteko Garikoitz Moyarentzat lehen filosofoak haurrak dira: “Haiek daukate galderak egiteko nahi hori. 3 urteko ume batek 250 galdera egiten ditu egunero”. Haurra eta filosofia oso lotuta daude Imanol Alvarez Varelarentzat ere: “Haurrarentzat munduan dena berria denez, dena deskubritzen ari da, jakin-min handia daukalako; hori da filosofiaren funtsa". Paralelismo bat ikusten du haurtzaroaren eta filosofiaren sorreraren artean: "Filosofia Grezia klasikoan mundua ezagutzeko beharretik sortu zen, haurrak daukan jakin-min beretik hasi ziren lehenengo filosofoak erantzun arrazionalak pentsatzen. Hain zuzen ere, haurrak ere erantzun arrazionalak bilatzen ditu". Hasiera batean edozein erantzunek balio dio haurrari, baina berehala, koherentzia eta kohesioa bilatzen hasten da badakizkien beste gauza batzuekiko eta ez dio edozein erantzunek balio. "Haurrak ere, Filosofiak bezala, argudio sendoak bilatzen ditu jakin-mina asetzeko”.
Gurasoak, lehendabizi, bere buruari galdetu behar dio ea bere nahia seme-alabek euren kabuz pentsatzea den ala bere iritzi eta balio berdinak edukitzea den
Imanol Alvarez Varela, Jakinmin elkarteko filosofoa eta irakaslea
Haatik, haurraren jarrera filosofiko hori batzuetan itzaltzen joaten da, alde batetik, haurra, esperientziarekin galderen erantzunak aurkituz doalako; baina jarrera filosofiko hori, batez ere, ingurukoen jarrerarengatik amatatzen da, helduak haren galderak erantzun itxiegiekin itzaltzen dituelako… Jakinmin elkarteak jarrera filosofiko hori bizitza guztian eusteari balioa ematen dio. Alvarez: “Interesgarria izango litzateke jarrera horri bizitza osoan eustea, baina moztu egiten da. Haurrek jakin-min hori propio daukate, filosofoak beraiek dira”.
Filosofia, pentsatzen ikasteko tresna
Jarrera filosofikoak norbera, ingurukoak eta mundua bera hobeto ezagutzen laguntzen digu eta horren guztiaren gainean pentsamendu konplexua garatzen laguntzen digu, pentsatzen ere trebatu egiten baikara. Galderak dira horretarako tresna: itaunek, geruzaz geruza, sakontasun handiagora eramaten baikaituzte edozein gaitan. Filosofiak pentsamendu sortzailea, kritikoa eta arretatsua sustatzen ditu haurrarengan, Jakinmineko irakasleen arabera: "Pentsamendu kritikoa hausnarketa egiten duena da, arrazoi sendoen bilaketan jarduten duena". Pentsamendu sortzailearen bidez, berriz, pertsonak irtenbide alternatiboak bilatzen ditu, eta haurrak txikitatik hezten dira horretan.
Nola mantendu bizirik haurren jarrera filosofikoa?
Haur Filosofia haurren harridura eta jakin- mina erdigunean ezartzen dituen korronte pedagogiko filosofikoa da, Matthew Lipmanek eta Ann Sharpek 60ko hamarkadan sortua, AEBetan. Korronteak bizikidetza demokratikoa du azken helburu, eta Elkarrizketa Filosofikoa baliatzen du, hain zuzen ere, haurraren jakin-minaren garrari bizirik eusteko eta, azken buruko, kultura demokratikoa sustatzeko. Zoriontasuna, etika, inbidia, desberdinkeria… haurrekin edozein gai jorra liteke Elkarrizketa Filosofikoen bidez.
Elkarrizketa Filosofikoen metodologiak estrategia eta pauta oso konkretuak ditu solasaldian eta argudiaketan sakontzeko, ideiak garatzeko, elkar entzuteko eta, finean, elkarrizketa sustatzeko. Alvarezen eta Moyaren iritziz, Elkarrizketa Filosofikoaren oinarrizko estrategiak eta pautak etxean eta familia giroan erabiltzeko baliagarriak dira, 6 urtetik aurrerarako haurrekin eta nerabeekin. Baina, lehendabizi, euren seme-alabengan "jarrera filosofikoa sustatu nahi duten gurasoek" euren buruari galdetu behar diote benetan jarrera filosofiko hori sustatu nahi al duten. Alvarez: "Gurasoak, lehendabizi, bere buruari galdetu behar dio ea bere nahia seme-alabek euren kabuz pentsatzea den, ala bere iritzi eta balio berdinak edukitzea den, zeren bigarren kasu horretan, ez egin Haur Filosofiarik. Gure asmoa seme-alabek euren kabuz pentsatzea baldin bada, onartu beharko dugu euren kabuz pentsatzea". "Izan ere —Moyaren arabera—, batzuetan gurasoek uste dute euren umeek eurek pentsatzen duten bezala pentsatu behar dutela, eta hala pentsatzen ez dutenean, helduak haserretu edo frustratu egiten dira". Faktore hori kontuan izanik, Elkarrizketa Filosofikoa etxera ekartzeko, funtsezko gakoa da, irakasleen arabera, distantzia emozionala ezartzea, eta objektibotasunetik abiatzea, "bestela prozesua kakaztu egiten dugu".
Haurrarentzat munduan dena berria denez, dena deskubritzen ari da, jakin-min handia daukalako; hori da filosofiaren funtsa
Imanol Alvarez Varela, Jakinmin elkarteko filosofoa eta irakaslea
Haur Filosofian bost pentsamendu abileziekin egin ohi da lan (haur txikienekin abilezia gutxiagorekin ere egin daiteke, kontuan izanik 10-12 urtera arte ez dela pentsamendu abstraktua garatzen), Alvarezek azaldu duen moduan: "Lehenengo estrategia —eta filosofiatik ez datozenei gehien kostatzen zaiena— galderak galderekin erantzutea da, eta etxerako ere oso erreminta indartsua da seme-alabekin baliatzeko: 'eta zuk zer pentsatzen duzu horri buruz?'. Ondoren, argudioak eta kontra-argudioak eskatzea garrantzitsua da, eta baita adibideak eta kontra-adibideak jartzea ere: 'zergatik diozu hori?'; 'zer esan nahi duzu adiskidea diozunean edo libre diozunean?. Kontra- adibideak eta kontra- argudioak eskatzea ere oso garrantzitsua da, enpatiaren oinarria ezartzeko: 'Zuk hau pentsatzen duzu, baina kontrako adibideren bat (edo argudioren bat) bururatzen al zaizu?'". Adibideak eskatzeaz gain, adibideetatik ideietara pasatzeko ahalegina eskatzea ere garrantzitsua da, Alvarezen arabera, pentsamendu abstraktua garatzeko.
Etxean jarrera filosofikoa sustatzeko beste gako bat helduaren rola zaintzea da, Alvarezen ustez: "Elkarrizketako gidariaren lana oso garrantzitsua da; gidari on batek elkarrizketa leku oso interesgarrietara eraman dezake". Gidariak ez du iritzirik ematen solasaldian zehar, eta ez du, bere nahiaren arabera, elkarrizketa bide batetik edo bestetik eramaten, eta haren eginkizuna taldeari laguntzea izango da. "Eginkizun hori garatzeko nahitaezkoa izango da gidariak ikuspegi propiorik edo balorazio-iritzirik ez ematea. Horien ordez, bere funtzioen artean honako hauek daude: galderak egitea; adibideak eta kontra-adibideak eskatzea; azalpenak zein argudioak eskatzea; gure ideien oinarrian zer dagoen eta gure ideietatik zer ondorioztatzen den deskubritzen laguntzea… eta, batez ere, onartzea heldua izateagatik ez dakizkigula galdera guztien erantzunak. Haurrekin jarrera filosofikoa sustatzeko, helduak bere jarreraz hausnartu behar du aurrena".
Badirudi, Haur Filosofia eta gurasook helburu izaten dugun balioen transmisioa kontrajarrita egon daitezkeela, helduak elkarrizketa beretzat garrantzitsuak diren balioetara eramateko tentazioa eduki dezakeleako... Baina ezetz diote filosofoek, balioen transmisioa eta Haur Filosofia ez daudela kontrajarrita, aurkakoa da kasua, Moyaren arabera: "Formakuntzetan beti ateratzen da kezka hori. Haur Filosofiak balioak transmititzen ditu, metodologiarekin berarekin balore prozedimental batzuk transmititzen ditugulako, hasteko. Argi utzi behar dugu Haur Filosofiaren atzean balio batzuk daudela: elkarrizketarena bere horretan balio bat da; elkar entzutea, balio bat da, gainera, gaur egun oso eskas dagoen balio bat; arrazoiketa balio bat da; logika, koherentzia eta errespetua ere balioak dira; elkarrizketa egiteko aukera eskaintzen duen espazio seguru bat eraikitzea balio bat da… Baliorik gabeko hezkuntzarik ez da existitzen eta hau ere ez da horrelakoa".
Argi utzi behar dugu Haur Filosofiaren atzean balio batzuk daudela, elkarrizketarena bere horretan balio bat da
Garikoitz Moya, Jakinmin elkarteko filosofoa eta irakaslea
Haur Filosofiaren balio praktikoak
Haurrentzako Filosofiak helburu zehatz batzuk ditu, Moyaren arabera: “Modu autonomoan hobeto pentsatzea helburu garrantzitsu bat da, batez ere, gaur egungo gizartean; eta, horretarako, haurrak autonomoak izan behar dira eta euren prozesua jarraitu behar dute". Beraz, beste behin, ondoan duen helduak bere egitekoaz eta bere izateaz hausnartu behar du: "Heldua etengabe haurrari bide bat markatzen ari baldin bazaio, haur hori ez da inoiz autonomoa izango, eta autonomia balio garrantzitsu bat da, haurren prozesu propioa sortzeko eta kritikoak izateko”. Harago, bizikidetza du azken helburu Haur Filosofiak, Alvarezen hitzetan: “Haur Filosofiak gizartearen hobekuntza bilatzen du azken helburu moduan. Metodologia hau erabiliz, jendeak hobeto pentsatzen ikasten du, baina metodologiaren izaeragatik, hau da, nola egiten den, elkarbizitzen eta ideiak trukatzen ere ikasten dugu praktikaren bidez”.
Elkarrizketa: nerabezarorako altxor bat
Haur Filosofia eta elkarrizketa filosofikoa ez dira haurtzarora mugatzen, baliabide bikainak izan daitezke bizitza osoan zehar eta bereziki nerabezaroan ere, identitatearen garapenari dagokion hain momentu kritikoan norbere buruaz, inguruneaz eta munduaz solastea oso aberasgarria baita etapa hori trantsitatzen ari denarentzako, Jakinminekoen aburuz: “Nerabe sano bat baldin bazara, ordura arte izan dituzun erreferentziak lurrera botatzen dituzu, eta orduan hutsune bat sortzen da, eta oso inportantea da nerabezaroan horrelako hausnarketak egitea, galderak lasai egiteko espazioak edukitzea, eta jakintza eta erantzunak norbere baitatik eta elkarrekin eraikitzea”. Estrategiak eta baliabideak bereziki zaindu behar dira nerabezaroan, garai delikatua izan daitekeelako, Moyaren ustez: “Nerabeekin arreta handia eduki behar da elkarrizketan eta galderak egitean, haren balio guztiak zalantzan jartzen ari garela irudi baitakioke galdera soil batekin edo zehaztasuna eskatuta. Horregatik, pentsamendu arretatsua lantzea oso garrantzitsua da etapa horretan: pentsatzen duguna esan dezakegu eta esan behar dugu, baina ondokoari minik ez emateko, moduak zaindu behar ditugu”.
Haurrekin filosofatzea ez da haurrekin filosofiaz hitz egitea, pentsamendua garatzea da
Haur Filosofia ez da haurrei filosofoei buruz hitz egitea edo kontzeptu filosofikoak azaltzea; hori ez da Haur Filosofia. Haur Filosofia haiekin filosofatzea da, haiek dakarten jakin-minetik eta haiek dituzten galderetatik tiraka eta galdera berriak sustatuz eta erantzun argudiatuak bilatuz, Imanol Alvarezen arabera.
Haurren euren interesetatik abiatzea funtsezkoa da Garikoitz Moyarentzat, elkarrizketa esanguratsua izan dadin: "Ohituak gaude, bereziki eskolan, haurrei gure gaiak, beharrak eta baloreak ezartzera, eta jarrera horrek haien prozesu kognitiboa moztu egiten du. Haur Filosofian funtsezkoa da euren interesetatik abiatzea euren pentsamendua garatzeko eta elkarrizketa sustatzeko".
Haur Filosofiak hainbat ekarpen egiten dizkio pentsamenduaren heziketari, Jakinminekoek dioten moduan: "Ondo pentsatzea lan eta prozesu baten emaitza da, goi mailako pentsamendu gaitasuna hezi beharra baitago". Gizakiaren pentsamendua konplexua da, eta hainbat dimentsio bereiz daitezke, eta Haur Filosofiaren bidez landu:
Pentsamendu kritikoa: gauzak zalantzan jartzeko gaitasunarekin dago lotua, filosofiaren hastapenetan dagoen galderarekin. Hausnarketa egiten duena da. Adimen onean oinarritzen da, logikoa, erabakitzailea zein autozuzentzailea da eta arrazoi sendoen bilaketan jarduten du.
Pentsamendu sortzailea: ditugun galderen eta zalantzen aurrean irtenbide berriak eta onak eraikitzearekin dago lotuta. Ekiten duena da. Berritzailea, asmatzailea zein irudimentsua da eta, horregatik, aurkikuntzari lotu ohi zaio.
Pentsamendu arretatsua: ingurukoarekin eta ingurunearekiko begirunearekin dago lotua. Garrantzitsuena zer den erabakitzen duena da. Erabakitze horretan kontuan hartzen ditu alderdi afektiboa, baloratzailea, aktiboa, arautzailea eta morala.
Elkarrizketa, "mundua hobetzeko"
Haur Filosofia Matthew Lipman eta Ann Margaret Sharp filosofo iparramerikarrek sortu zuten 1960ko hamarkadan. Elkarlanean hainbat eleberri idatzi zituzten ikasgeletako haurren jakin-mina pizteko. Maieutikan eta konstruktibismoan oinarrituta, ikasleengan pentsamendu konplexuaren garapena ahalbidetu zezakeen programa bat sortzea zuten helburu nagusi. Lipman eta Sharp oso arduratuta zeuden Vietnamgo gerrarekin eta garaian gailentzen ari zen biolentziarekin eta inperialismoaren hedapenarekin. Honako galdera oni erantzun nahi izan zioten: Zer egin dezakegu mundua hobetzeko? Bada Lipmani eta Sharpi haurrak, hezkuntza eta filosofia uztartzea otu zitzaien: “Euren kabuz pentsatzen duten pertsona helduak nahi baditugu, euren kabuz pentsatzeko gai diren haurrak hezi behar ditugu”. Hori dela-eta, Haur Filosofiaren proposamenaren oinarri metodologikoan elkarbizitza demokratikorako hain beharrezkoak diren balioak daude. Lipmanen hitzetan, pentsamendu kritikoa, sortzailea eta arretatsua sustatu behar dira gizarte demokratikoan.
Haur Filosofia, bizi filosofia
Haurrekin filosofia lantzea pentsamendua trebatzea baino gehiago da Miren Camisonentzat, bizitza aztertu bat eramateko bidea da.
Filosofia, haurtzarotik hasi eta helduaroa bitartean, bizitza osoan, geure baitan dagoen dimentsio sakona da, Miren Camison filosofoaren aburuz. Haren ustez, filosofia bizitzarako gida moduan oso baliagarria da, edozein adinetan. Berak gaur egun, aholkularitza filosofikoaren bidez eta elkarrizketa filosofikoen bidez lantzen du dimentsio sakon hori, helduekin zein haurrekin: “Denbora askoan filosofia gure izatetik kanpo dagoen zerbaiten moduan ulertu izan dugu, baina ez; filosofia gure barnean dago, gure berezko alderdi sakon bat da; gizakion dimentsio bat da. Eta, are gehiago, denok daukagu bizi filosofia bat”. Filosofoaren hitzetan, kontzienteago edo inkontzienteago, helduago edo heldugabeago, guztiok daukagu bizi filosofia bat, eta berau haurtzaroan sortzen hasten da eta nerabezaroan garatuz doa. "Txikitatik galdetzen diogu geure buruari: 'nor naiz ni?' eta 'nor naiz ni mundu honetan?'. Dimentsio filosofiko batetik abiatzen da guztia. Ulermenaren aurretik, galdera filosofikoak datoz; eta hori da nork bere burua, besteak eta errealitatea ezagutzeko motorra”. Antzinako filosofoen ikuspuntu beretik, Camisonek aburuz, "bizitza, gure bizi filosofia, pentsamendua eta bizi ikuskera aztertzen eta berrikusten goazen neurrian, bizi filosofia sakonagoa eta koherenteagoa izango dugu".
Filosofia geure baitan dagoela esatean, Camisonek dio erantzunak ere geure baitan daudela: “Filosofiak gure sena eta gure izate sakona konektatzen ditu galderekin, erantzunak geure baitan aurkitzeko”. Hori egiten du, gaur egun, Camisonek kontsulta filosofikoaren bidez ere: "Erantzun guztiak barnean ditugu, baina askotan geure baitarekin deskonektatuak gaude; filosofiak gure senarekin eta gure izatearekin konektatzera garamatza". Izan ere, Haur Filosofiako adituaren arabera, gizaki guztiok geure baitan meategi bat dugu, eta gisa horretako galderak dira meategi horretatik materiala ateratzeko tresna: “Zein da zure ikuspegia? Nola sentiarazten zaitu egoera horrek? Zer erronka duzu zure irakaslearekin? Zure lagunarekin? Zer ez zaizu gustatu? Zu ere nola portatu zara? Ikusten al duzu zure portaera egokia izan den ala ez? Zeure buruarekin lasai al zaude? Zerk ez dizu uzten zeure buruarekin lasai egoten?".
Izan ala egin, horra hor gakoa
Gutako bakoitzaren izate filosofikoa izatearekin konektatua dago, eta ez egitearekin. Beraz, bai haurren eta baita geure baitako dimentsio sakonera ailegatzeko, “egiteari utzi behar diogu”, Camisonen aburuz: "Eguna arrapaladan eta estres handiarekin bizi baldin badugu, ezin dugu patxadaz egon eta haurrekin euren izate sakonera iritsi. Haurrekin konektatzeko, lehendabizi helduok kendu eta hustu behar ditugu egunean zehar ditugun eginbeharrak. Astea sobera betea duten familientzako proposamena hustea da: ikasi husten. Mendebaldeko gizarte honetan oso arduratuak eta zentratuak gaude egite horretan, eta ez diogu denborarik eskaintzen izateari”. Eta izatera etortzen garenean konturatzen gara, Camisonen aburuz, "nola gauden fisikoki, psikologikoki, emozionalki eta filosofikoki. Geure seme-alabak entzuteko, geure izatea entzun behar dugu. Norberak bere burua ezagutzen eta ikertzen hasi behar dugu”. Horregatik egin du Camisonek jauzia aholkularitza eta kontsulta filosofikora.
Txikitatik ere landu daiteke haurrekin barne dimentsioa edo dimentsio filosofikoa, Camisonentzat hori ere bada Haur eta Gazte filosofia, eta ez soilik pentsamendua trebatzea. Eta horra joan beharko lukete elkarrizketa filosofikoek, adituaren arabera: "Izan ere, dimentsio filosofiko sakon horretan sostegantzen dira pentsamendu kritikoa, pentsamendu sortzailea eta pentsamendu etikoa. Eta gure bizi filosofiak biltzen du hori guztia”.
Barnean dugu biziraupenerako kit-a
Norbere bizi filosofia ikertzea garrantzitsua da seme-alabei ahalik eta koherentzia gehien eskaintzeko eta galdera filosofikoak patxadatik egiteko, Camisonen aburuz. Horregatik, adituak honako galdera hau egiten die gurasoei eta hezitzaileei formazioak ematen dituenean: "Egunero dituzuen eginbeharren zerrenda horietan, non kokatzen duzue zeuen izatea edo zeuen burua? Teorian badakigu lehendabizi geure beharrak ase behar ditugula, baina praktikan zer ari gara egiten? Lehenengo guraso moduan kokatu behar dugu, seme-alabei kokatzen eta autoerregulatzen laguntzeko; eta horretarako tresna da filosofia".
Camisonek gaur egun oso beharrezko ikusten du norbere baitara begira jartzea, lehendabizi heldu moduan. “Gizarte moduan bizi ditugun muturreko egoera hauetan, kanpokoak jadanik ezin gaituenez sostengatu, ezinbestean barnera joan behar dugu. Oso deskonektatuak egon gara, kanpora begira eta egite horretan zentratuta, izatea erabat ahaztuta. Orain ordea, argi dago kanpokoak ez gaituela sostengantzen eta barnean aurkitu behar dugu bizirapenerako kit-a; barnean aurkitu behar dugu ongizatea”. Guraso moduan norbere izatean eta, beraz, bizi filosofia lantzean jarriko luke arreta Camisonek, gure seme-alaben bidelagun izateko.