BEGOÑA RUIZ, Psikologoa, hezitzailea eta Haurren Ongizatean aditua Bidegintza kooperatiban

LOPIVI deritzona Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Lege Organikoa da, gaztelaniazko sigletan. 2021ean onartu zuten, eta gehixeago zehaztuko da 2022. urtean. Autonomia-erkidegoetan eta tokian-tokian izango du eragina legeak. Pertsona heldu guztiok dugu haurrak babesteko aukera, bai eta betebeharra ere; eta haurrak dauden eremu guztiei eragiten die legeak. Artikulu honetan, eskolan zentratuko gara, haurrek denbora gehien pasatzen duten hiru eremuetako batean (familiaren etxebizitza eta aisialdi eta kiroletako guneak dira beste biak). Eskolak egina du jada ibilbide bat haurren babesaren eta tratu onen esparruan. Ezinbestekoa izango da haren esperientziaz baliatzea eta zenbait alderdi indartzea. Legea “zama” gisa hartu daiteke, edo aukera gisa. Zer baliabide, antolaera eta sentsibilizazio dugun, horren baitan egongo da guztia.

Haurren babesaren dimentsioak

Hiru dimentsiotako proposamenen alde egiten du legeak: 

1. Prebentzio-lana, haurrei tratu onak emateko. 

2. Haurren aurkako indarkeria-kasu izan daitezkeenak hautematea eta jakinaraztea. 

3. Sareko lana indarkeria-kasuetan.

Eskolaren kasuan, interesgarria litzateke: 

- Irakasleak prestatzen jarraitzea, eta gaitasun jakin batzuk lantzea horretarako. 

- Ikastetxeko proiektuan, bizikidetza-planetan eta zeharkako ildoetan xede horretarako landutako proposamenak eta ekimenak garatzen jarraitzea. 

- Eskolak eta eskolako langileek horrelako egoerak hautemateko eta lagun egiteko beharrezkoak diren protokoloak izatea eta erabiltzea. 

- Eskolak komunitatearekiko jarrera irekia izatea, familiekin, gizarte-zerbitzuekin, pediatriarekin eta beste baliabide batzuekin lankidetzan arituz. 

- Eskolak jantokiko ordutegietan eta eskolaz kanpoko jardueretan txertatzea hori guztia. Eta baita esparru digitalean ere. 

Horretarako, Haurren ongizatearen koordinazioa indartu nahi da. Haren funtzioa lokarri izatea izango da, mobilizatzea eta baliabide, gaitasun eta ekintzak ahalbidetzea, haurrek tratu onak jaso ditzaten. Oraindik zehazteke dago nork beteko duen rol hori. Eskolako bertako norbaitek? Langileen zerrendan sartuko den irakasle espezializatu batek? Ikastetxeetan lan egingo duen gizarte-hezitzaile batek? Edonola ere, egokia dirudi berariazko prestakuntza duen eta haurrekin aritzen den norbaitek betetzea zeregin hori, eta gaitasun jakin batzuk izan beharko ditu: indarkeriarik gabeko komunikazioa, sormena, adimen emozionala, pentsamendu kritikoa, elkarrizketarako jarrera, bitartekotza eta arazoen ebazpen positiboa. Komenigarria litzateke haurren ongizatea koordinatzeko taldeak ere eratzea, eskola osoa sentsibilizatzeko. Gainera, ikastetxeak gogoeta egin dezake haurrak babesteko barnepolitikez, horrelakoak diseina ditzake eta gida gisa gauzatu.

Haurren babesari buruzko printzipioak Legea zenbait printzipiotan oinarrituta antolatu da, eta horien inguruko gogoeta egin dezakegu.

1. Haurren eskubideen ikuspegia

Pertsona heldu guztiok haurren beharrei erantzuten zaiela bermatzeko ardura dugu. Eta, horrez gain, haien ongizate integralerako gaitasunak garatu ditzaten arduratu behar dugu. Besteak beste: 

- Emozioak egokitzeko kudeaketa- -gaitasuna. 

- Tratu onerako trebetasun sozialak. 

- Autobabeserako eta babeserako trebetasunak, gehiegikerien, jazarpenen eta abarren aurrean, halakorik izanez gero. 

- Pentsamendu kritikorako, autonomiarako eta partaidetzarako gaitasunak. 

Horretarako, eskolan egunez egun landu behar dira, zehar-lerro gisa, eta ez soilik lantegien edo unean uneko jardueren bidez. Eta helduok eredu izango gara. Tratu onen ikuspegitik, zer-nolako giroa dugu guk, helduok, elkarrekin? Nola kudeatzen ditugu gure emozioak? Zer-nolako harremanak ditugu klaustroan? Eta familiekin? Nola konpontzen ditugu gure arteko gatazkak?

2. Indarkeriaren ikuspegi zabala

Badakigu indarkeria mota asko daudela: indarkeria fisikoa eta emozionala; indarkeria agerikoa, “ezkutukoa” edota inkontzientea; offline inguruneko indarkeria eta ingurune digitalekoa; helduek haurrei eragiten dieten indarkeria, haurren artekoa eta norberarekikoa... Legeak ez du berariaz aipatzen indarkeria “instituzionala”, baina hori ere berrikusi beharko genukeen kontua da. Eskola barneko indarkeria eta eskolaz kanpokoa daude. Eta gizarte guztiaren ardura da indarkeria mota oro desagerraraztea. 

Haurren ondoan gabiltzan profesional guztiok, gure esparruan edo handik kanpo indarkeria-kasuak gertatzen badira edo horren susmorik badugu, egoera horiek jakinarazteko betebehar kualifikatua dugu. Gai horren inguruan sentsibilizatzen eta prestatzen jarraitu behar dugu, adi egoteko eta nola jokatu jakin ahal izateko.

3. Tratu ona, azken xede

Modu prebentiboan haurrak ondo tratatuko dituen komunitate bat osatzearen aldeko ideia babesten du legeak. Ildo horretatik, sarean eta komunitatean lan egiteko aukera paregabea dugu. Ez soilik babesgabetasun-egoerak gertatzen direnean, baita horrelakoak gertatu aurretik ere. Esate baterako, eskolaren eta guraso-elkartearen arteko lankidetza sustatuz, gurasoen gaitasunak indartzeko orduan. Gainera, legearen barruan azpimarratuta dator gaitasunak barneratzeko, sentsibilizaziorako, prestakuntzarako, tratu onak sustatzeko nahiz gatazkak bake-bideetatik konpontzeko jarduerak txertatu beharra dagoela eskoletan.

Komenigarria litzateke haurren ongizatea koordinatzeko taldeak ere eratzea. Eta gogoeta egin daiteke haurrak babesteko barne-politikez.

4. Haurrentzako ingurune segurua

Horrela definitzen du legeak: “haurren eskubideak errespetatzen dituena eta babes-ingurune fisiko, psikologiko eta soziala sustatzen duena, ingurune digitala ere barnean hartuta”. Eta zer da babes-ingurunea? Indarkeriarik gabeko testuinguru bat etorriko zaigu burura lehenengo. Guztiok ezagutzen ditugu nabariak diren indarkeria moduak. Baina badaude modu “inkontzienteagoak” ere, haurrak emozionalki gaizki sentiaraziko dituztenak. Eta ez gara ari soilik haurren artekoaz. Irakasleengandik haurrengana zuzentzen dena ere badago. Bidegintza gizarte-ekimeneko kooperatibaren Tratu on ARTEan kanpainan, honelako kasuak identifikatu ziren, besteak beste: 

- Zigor gisa jolas-ordurik gabe uztea, edo psikomotrizitateko eskolaordurik gabe. 

- Ikasgelan oihu egitea ikasleari. 

- Jolas-orduan haur batzuk beste batzuen kontra ari direnean ezer ez egitea. 

- Ikasle batek azterketan nota txarra atera duenean, gainerako guztien aurrean esatea. 

- Haur txikien gelara bidaltzea. 

- Denbora guztian eserita egonaraztea. 

- Etxeko lan mordoa ematea eta jolasteko astirik ez uztea. 

- Jangelan batzuek janaria botatzea eta, horren ondorioz, begiraleak zigorra guztiei jartzea. 

- Zerbait puskatu denean eta nor izan den ez dakigunean, nor izan den “salatzeko” banan-banan guztiei “galdeketa” egitea. 

Pepa Horno haurren babesaren esparruan adituak, inguruneen segurtasuna ebaluatzeko eta hobetzeko gida bat landu du. Eskolan ere aplika daiteke gida hori. Bi ekarpen garrantzitsu egiten ditu: adierazle zehatz batzuekin osatutako sistema bat darabil, eta testuingurua ikuspegi zabal batetik aztertzen du. Lau maila bereizten ditu abiapuntuan.

Lehen bi mailek eskolako testuinguru fisiko eta emozionalari egiten diote erreferentzia (ikus 1. taula). Bidegintza gizarte-erakundeak hainbat urtetako ibilbidea du egina, eskolekin lankidetzan. Ikastetxeetan sustatzen diren jardueretako bat psikomotrizitate-saioak dira. Psikomotrizitate-gela haurrek oso maitea duten ingurune seguru baten adibidea da. Besteak beste, horrelako baldintza asko dituelako, ingurune emozional seguru gisa jotzeko baliagarriak direnak. Zoragarria litzateke “izaera” hori eskola-testuinguru osora zabaldu ahal izatea. Pepa Hornok hizketagai duen hirugarren mailak eskolako irakasle eta langileen gaitasunekin du lotura. Hauek nabarmendu ditzakegu, besteak beste (ikus 2. taula). Hezkuntzan irakasleek izan beharreko prestakuntzarekin lotuta, honako betekizun hauek aipatzen ditu legeak: 

- Irakasleei haurren eskubideei eta protokoloei buruzko etengabeko prestakuntza espezializatua ematea. 

- Haurren babesari buruzko edukiak txertatzea graduko ikasketa-planetan eta graduondokoetan. 

- Ezaguerak barneratzea, esparru orokorreko eta esparru digitaleko eskubideei, segurtasunari eta erantzukizunari buruzko jarraibideak emateko haurrei eta nerabeei. Pepa Hornok proposatzen duen azken maila haurrek eskolan duten parte-hartzearen benetako sustapenari lotuta dago. Hiru maila hauetan (ikus 3. taula). Haurren parte-hartzearen printzipio hori sustatzearen alde egiten du legeak, argi eta garbi. Horretarako, hainbat prozesutan parte hartu behar dute: besteak beste, beharrak hautematerakoan, proposamenak diseinatzerakoan, proposamenak gauzatzerakoan eta hori guztia ebaluatzerakoan.

Interesgarria izan daiteke partehartzearen esparruko lau eremu horiek kontuan hartzea adibide batzuen bidez: eskolan, adiera zabalean hartuta; ikasleek egiten dituzten hezkuntza-ibilbideetan; jarduera edo proiektu jakin batean; komunitatean. Horietako bakoitzean ekintza zehatzak egin ditzakete.

Ondorioak

Bidegintzak urteak daramatza lanean, haurrentzat seguruak diren inguruneen esparruan eta haurrak babesteko barne-politiken garapenean. Gure komunitateko beste baliabide batzuekin eta eskolekin lankidetzan. Urte hauetako bizipenetan, gure hezkuntza-lanaren kalitatea hobetu dela egiaztatu dugu, eta hezitzaileen taldeak bere rol profesionalarekiko gogobetetasun handiagoa duela. Uste dugu apustu segurua dela, bai eta erronka bat ere. Esan dezakegu Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Lege Organikoa (LOPIVI) hobetu daitekeela hainbat alderditan. Ez dugu oso argi ikusten noraino irits daitekeen bere antolamendu-baliabideekin eta baliabide ekonomikoekin. Hala ere, aukera berdingabea da. Eskolan eta gizartean haurrei eman beharreko tratu onen inguruan gogoeta egiteko eta arlo hori indartzeko aukera da. Balia dezagun aukera.