Apirilaren 15a Haurren Munduko Eguna da.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartu zuen Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmena. Bertan, haurra eskubidedun subjektu gisa definitzen da eta haurrei pertsona eta herritar estatusa aitortzen zaie. Haurrekin euren eskubideez hausnartzeko parada baliatzea proposatzen du Oinherrik, herri hezitzaileen sareak.
Apirilaren 15a Haurren Munduko Eguna da. Ospatzeko adina aldarrikatzeko dauka egun horrek, nazioarteko egunekin gertatzen den legez. Osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea eta indarkeriarik gabeko ingurune seguru batean bizitzeko eskubidea izan dira haurren eskubideen artean aldarrikatuenak, eta oraindik badago esparru horietan zer egin, baita gurean ere. Iaz egun horren harira Unicefek Europako Kontseiluaren datuak jasoz plazaratutako txostenaren arabera, bost umetik batek sexu-abusuak pairatuko ditu 18 urte bete aurretik. Espainiako Estatuko estatistikek diote haurren eta nerabeen % 83 eta % 91 bitartean haurtzaroaren etapa ezberdinetan eta ingurune ugaritan indarkeriazko egintzen biktima direla. Horiez gain, badaude aitortu bai, baina betetzen eta aldarrikatzen ez diren beste eskubide batzuk ere: haurrek eta nerabeek informatuak izateko eskubidea eta parte hartzeko eskubidea dute. Eskubide horiek aitortzea ez ezik, haurrekin lantzea eta haiek ahalduntzea beste eskubide guztien konkistarako sarbidea izango litzateke. Hori da, hain zuzen ere, Oinherri herri hezitzaileen sareak egun horretarako proposatzen duena, haurren eskubideak haurrekin eurekin lantzea, “eta hortik abiatuta, informatu, hausnartu eta ahalduntze ariketa eginda, joango dira haurrak euren eskubideez kontzientzia hartzen”, dio Maite Azpiazu Oinherriko koordinatzaileak. Oinherrirentzat, gainera, esanahi berezia du egun horrek: duela bost urte, pandemia betean, Haurren Munduko Egunean plazaratu zuten Gora Haurtzaroa manifestua, haurrei aitortu baitzitzaien azken-azkenik kalera ateratzeko eskubidea.
Oinherrik haurrak jendarteko eskubidedun kolektibo bat dela aldarrikatzeko baliatu nahi du egun hori: “Etorkizunean ez ezik, orain eta hemen ere, eskubideak eta erantzukizunak dituzten herritarrak direla, alegia”. 1989an Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmena onartu zenean, eskubidedun subjektu gisa definitzen ziren haurrak hastapenetik, baina, Oinherriren aburuz, oraindik ere, helduok ez ditugu “indarra, jakintza, jakin-minak eta trebetasunak dituena subjektu politiko eta sozial gisa” aitortzen. Eta helduon begiradak eragina dauka, noski, haurren euren irudikapenean: “Umeak ere ez dira kontziente kolektibo baten parte direla, eta, era horretan, zaila da kolektibo moduan dituzten eskubideak aldarrikatzea”. Haurrak izanik, eta taldetasuna ikusteko heldutasunik gabe, helduon egitekoa izango litzateke kontzientzia hori hartzen laguntzea: “Guk ikusarazi behar diegu umeak ere jendarteko talde bat direla, kolektibo ikusezin bat direla; bizi garen gizarte helduzentrista honetan zapaldua dagoen kolektibo bat da”.
Herriko zein ikastetxeetako parte hartze foroetan, behatokietan, edota tutoretzetan, Haurren Munduko Egunaren gainean egingo diren ariketak eta lanketak, beraz, eskubidedun giza talde bat direla ulertzen laguntzera bideratzeko premia ikusten du Oinherrik: “Kolektibo moduan ahalduntzeko estrategiak eskaini behar dizkiegu: euren eskubideen jakitun izan daitezen eta horien urraketen aurrean, erantzuteko gaitasuna izan dezaten”. Horretarako, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren liburu interesgarri bat gomendatzen du: Manual de guerrilla urbana: para niñas y niños que quieren conocer y defender sus derechos izenekoa: “Haurrak gaiaren inguruan informatzea eta dituzten eskubideen inguruan kontzientzia hartzen laguntzea, ahalduntzeko gakoak izan daitezke”.
Oinherritik finean, haurtzaroa ikusteko modua aldatzea proposatzen dute: “Haurrak gaitasunak dituen subjektu moduan ikusten hasi behar gara, benetan. Horretarako, heldu moduan gure sinesmenen errebisioa egitea beharrezkoa da”. Oinherrik hainbat tresna garatu ditu haurrekin lanketak egiteko, tokian tokiko haurren parte-hartze kanal iraunkorrak osatzeko tresna osatu du berriki: G(H)AURKI: “Herriko izaera ezberdinetako eragileen artean haurtzaroaz, parte hartzeaz, helduzentrismoaz… modu kolektiboan hausnartzeko eta testuingurura egokitutako haurren parte hartzea sistematizatzeko. Helduoi haurrak ahalduntzeko espazioak sortzea dagokigulako”. Finean, Azpiazuk nabarmentzen duen moduan, egun bateko ospakizuna baino gehiago, begirada aldaketa da premiazkoena: “Gaiak lanketa sakona eta jarraitua eskatzen du”.
Egunero, apirilak 15
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartutako Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmenean du jatorria ideia honek. Bertan, haurra eskubidedun subjektu gisa definitzen da; haurrei pertsona eta herritar estatusa aitortuz. Apirilaren 15a toki askotan opor eguna izanik ere, egunero eta bereziki ikastetxeetan ditugun parte hartze foroetan presente izateko begirada da 1989an aitorturikoa.