Aisialdiari buruz gogoeta egiteko unea.

 

Datorren kurtsoan haurrak eskolaz kanpoko jardueretan apuntatzeko eskaintza zabala iristen den garai hau aisialdiari buruz gogoeta egiteko unea izan daiteke.  Asier Huegun Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako irakaslearen arabera aisialdiak esperientziak bizitzeko espazioa eta denbora izan beharko luke.

 

Ikasturtea amaitu aurretik hurrengo ikasturteko eskaintza iristen zaigu emailera edo etxeko buzoira: musika eskola, futbol taldea, pilota, eskalada, dantza, ingelesa, judo, marrazketa, atletismoa, taekwondo… eta ezin konta ahala aukera eskaintzen zaizkigu gure seme-alaben aisialdirako. Adituei behin eta berriro entzun diegu haurrek jolasteko denbora behar dutela, eta kalea behar dutela, baina askotan "umeak nahi du" horren aitzakiapean, hara eta hona apuntatzen amaitzen dugu. Zeinen hobe beharrez apuntatzen ditugu haurrak eskolaz kanpoko hainbeste jardueratara? Hurrengo ikasturteari begira jarrita, haurra han edo hemen apuntatu aurretik, pentsatu al dugu nolako aisialdia nahi dugun gure seme-alabentzat? Euren zaletasunak aurrera eramateko baliabideak eskaintzea aberasgarria izan daiteke, baina, eskolaz kanpo ere hezkuntza arautuko eredu berberak jarraitzen dituzten jarduerak, espazio itxietan, zurrunak, eserita egiten direnak… komenigarriak ote dira?

Asier Huegun EHUko Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako irakaslearen arabera, berez ez dago gaizki denbora librea antolatzea, "baina neurriz kanpo gertatzen denean, eztanda egiten du", ohartarazten du. "Aisialdiak esperientziak bizitzeko denbora eta espazioa izan beharko luke", Huegunen aburuz. "Esperientzia esanguratsuak bizitzea beharrezkoa da pertsona izateko, haur, gazte zein heldu izan. Ideia hori dago aisialdi hezitzailearen oinarrian. Gaur egun hori dezente galdu da, eta seguruenik gure paradigma kulturalen eta inertziaren ondorioz denbora okupatuta edukitzea bihurtu da aisialdiaren helburu. Sistema ekonomikoaren ondorioz, gurasoek denbora hartuta dute, eta horrek haur eta gazteen aisialdian eragina du". Horri atxikitzen dio Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako irakasleak gaur egun aisialdiko jarduera asko "espazio itxietan, helduek gidatuak, programatuak eta ordainduak izatea".

Huegunek deskribatzen duen aisialdi ereduaren atzean, Nerea Agirre Mondragon unibertsitateko irakasleak sistema produktiboaren itzala ikusten du: "Haurrek denborari etekina atera behar izaten diote ikasturtean zehar, eta ez soilik eskola orduetan, eskolaz kanpoko ekintzekin ere hartua izaten dute eguna, gure gizarte ereduan sinetsita baitaukagu garrantzitsua dela etorkizun oparo bat eraikitzeko prestatzea, ikastea, janztea". Agirreren arabera, sistema produktiboak balioesten ez dituen beste ezaugarri batzuk dira haurrak aisialdian behar dituenak, euren askatasunean, haien erabakitzeko ahalmenean eta gozamenean oinarritzea gomendatzen du, han edo hemen apuntatzeko, malgutasunez jokatuz.

 


Aukeratzen dugun horrek ekartzen duen onurari begiratu beharko genioke, eta ea jarduera horrek uzten duen aisialdi ez-programatua garatzeko denborarik

Asier Huegun, EHUko Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako irakaslea


 

Haurra pinturara edo musika ikastera, edo kirol batera edo bestera apuntatzen dugunean, hori zertarako egiten dugun galdetu beharko genioke geure buruari, guraso moduan, Huegunen arabera. "Beste gauza batzuk esperimentatzeko bitartekoa den ala ez galdetu beharko genioke geure buruari; gure gizartean oso barneratua dagoen lehiakortasuna sustatzen den ala ez… horretaz gogoeta egin beharko genuke".

Jarduerarik gabe, besterik gabe, kalea eskaintzea izango litzateke hortik ateratzeko aukera bat. Aisialdi hezitzaileaz gain, aisialdi informalari espazioa egin behar zaiola uste du Hueguenak, kaleari loturiko gizarte-prozesu naturalei bide ematen dietenak: "Hori asko galdu da. Kalea oso espazio inportantea da berez, baina galdu egin du sozializazio-espazioaren izaera; adin ezberdinetako haurrak nahasirik elkarrekin esperientziak bizitzeko lekua zen garai batean. Kalea gauzak elkarrekin sortzeko edota elkarrekin aspertzeko eremua izan da".

Haurrak kaletik desagerrarazi dituztela aspaldi esan zuen Francesco Tonu- cci pedagogo italiarrak, baina esaera zaharra da, halaber, bizitzarako eskola dela kalea, harremanen eskola, gatazkak kudeatzen ikasteko gunea, sormenaren eremua, norberaren proiektuak burutzeko espazioa. Euskal Herrira etorri berri den honetan ere kalea aldarrikatu du Tonuccik haurrentzat, hemen eman dituen hitzaldietan: "Garai batean, ume guztiak, eskolako eta etxeko lanak egin ondoren, etxetik ateratzen ziren. Denboraren hirugarren atala zen hori; lehenengoa etxearena zen, oinarrizko beharrizanak ase eta afektuak, zoriontasunak eta minak garatzen zituena; bigarrena eskola zen, beharraren lekua, eta kalea hirugarren gunea zen, ume guztientzat 3-4 urte betetzen zutenetik. Hirugarren denbora hartan bizipen batzuk izaten genituen, jolasean baino ezin zirenak garatu, kanpoan eta heldurik gabe. Jolasteko geure burua ezagutu behar dugu, jolaskideak ezagutu behar ditugu, oztopoak aurkitu eta gainditu behar dira. Hori guztia desagertu egin da". Gure seme-alabak kalera apuntatzea, beraz, aukera on bat izan daiteke hurrengo ikasturteari begira.

 


Beste gauza batzuk esperimentatzeko bitartekoa den ala ez galdetu beharko genioke geure buruari; gure gizartean oso barneratua dagoen lehiakortasuna sustatzen den ala ez… horretaz gogoeta egin beharko genuke

Nerea Agirre, Mondragon unibertsitateko irakasleak 



 

Herriari edo auzoari onura ekartzen dion aisialdia


Aisialdi hezitzailearen barruan, ordainpeko ohiko zerbitzuez eta jarduerez gain, bestelako ekintza batzuk ere aukera moduan ikustera animatzen du Huegunek. “Ausardia puntu bat behar da, inertzia sozialari kontra egitea oso zaila da-eta. Aisialdi hezitzaileak berez dituen balioak praktikan jartzen duten jarduerak bilatzea” interesgarria ikusten du, eta ikuspegi soziala lantzen duten jarduerak ere bai, elkarteetan nahiz auzolanean, “herriari edo auzoari onura soziala ekartzen dioten ekimenetan parte hartzea”.

Hurrengo ikasturteko eskaintzari begira jartzean, Huegunen aburuz egin beharreko beste hausnarketa bat jarduera gehienak ordainduak izateak dituen ondorioei buruzkoa da: “Uste dut ez dugula nahikoa gogoeta egiten aisialdiko ekintza horiek ordainduak izateak zer eragin duen, horrek zer-nolako bazterketa soziala sor dezakeen ahalmen ekonomikoaren arabera… Aisialdia zerbitzu bihurtzen denean, aisialdiaren berezko ikuspegia galdu egiten du”.

 


Aukeratzen dugunak ekartzen duen onurari begiratu beharko genioke, eta ea jarduera horrek uzten duen aisialdi ez-programatua garatzeko denborarik. Haurrak denbora guztia, goiz eta arratsalde, okupatuta baldin badu, seguru ez dela onuragarria. Denbora librea beharrezkoa da, eta baita kalean sozializaziorako espazioak edukitzea ere

Asier Huegun, EHUko Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako irakaslea


 

Jarduerak aukeratzean edo ez aukeratzean, horien zurruntasuna, helduen kontrola eta haurren parte hartze eredua, lehiakortasuna, ordainpekoak izatea ala ez izatea eta hizkuntza eredua kontuan izan beharreko baldintzatzat ditu Huegunek: "Aukeratzen dugunak ekartzen duen onurari begiratu beharko genioke, eta ea jarduera horrek uzten duen aisialdi ez-programatua garatzeko denborarik. Haurrak denbora guztia, goiz eta arratsalde, okupatuta baldin badu, seguru ez dela onuragarria. Denbora librea beharrezkoa da, eta baita kalean sozializaziorako espazioak edukitzea ere".