ARKITEKTURAK, ETXEAREN FORMAK ETA HIRIAREN EGITURAK, ERAGIN ZUZENA DU HARREMANETAN, ZAINTZAN ETA BIZIMODUAN. ESPAZIO KOMUNEK TRIBUA EGITEN DUTE, RUIZEN USTEZ, ETA OHIKO PARKEEK INDIBIDUALISMOA SUSTATZEN DUTE.
Arkitektura eta aktibismoa eskutik doaz Oihane Ruiz Menendezentzat (Bilbo, 1974), “baina ni bezain aktibista dira poligonoak, autobideak eta zentro komertzialak diseinatzen dituzten arkitektoak”. Barneratua baitauka beraiek diseinatzen dituzten espazioek jendearen bizimoduetan eragiten dutela, onerako zein txarrerako. Espazio pribatuez nahiz kolektiboez eta horiek zaintza-lanetan eta harremanetan duten eraginaz aritu zen UEUk antolaturiko Maitasuna politikoa da ikastaroan eta berau bistaratu du elkarrizketan, zaintzarako ditugun espazio pribatu eta amankomunez eta haurrei eskaintzen dizkiegunez asko ikertua eta hausnartua baita hemen eta atzerrian, Silvestrina kooperatibarekin. Espazioak diseinatu aurretik, behatu egiten baititu jendartearen beharrak, haurrenak, zain-tzaileenak, gurasoenak...
Arkitekturak, hirigintza-ereduak, hasiera batean uste dezakeguna baino harreman handiagoa du zaintzarekin, zuri entzunda. “Nolako hirigin-tza-eredua halako gizarte-eredua”, esan genezake?
Hirigintza-ereduak bizi-eredu bat sortzen du, formak eta funtzioak harreman zuzena dute. Gure kasuan, gizarte patriarkal honek, non pribatuaren eta publikoaren banaketa bortitza egiten duen, lan produktiboari bakarrik begiratzen dio, eta ez du kontuan hartzen lan erreproduktiboa edo zaintza-lana. Horri erantzuten diote gaur egungo hiri, auzo eta etxeek. Kotxeak du lehentasuna hirietan, eta umeak dira galtzaile handiak.
Etxera etorrita, ikusten dugu azken 50 urteetan etxearen formak eraldatu egin direla. Lehengo etxebizitzek askoz kalitate hobea zuten gaur egunekoek baino, familia-bizitzak (lan erreproduktiboak) zentralitate gehiago zeukan etxearen forman. Gaur egun, etxebizitzaren ikerketan ibili diren arkitekto feministek esaten dute, adibidez, gelen mailaketak ez daukala zentzurik: gela nagusia, jantzigela eta komuna gurasoentzako izaten dira; bi gela txikiak, umeentzako. Zergatik txikiagoa izan jolasteko eta mugi-tzeko behar handiagoa baldin badute haurrek? Zergatik bi gela txiki? Horrek seme-alabak bi gelatan banatzera eramaten zaitu, edo obra egin eta gela txiki biak bateratu eta jolas-espazioa handitzeaz gain, espazio amankomuna bultzatzera. Bai, formak eragina du bizimoduan.
Indibidualismo basatia da zuk bakarrik aurre egitea zure etxean haur baten zaintzari
Etxean jarraituz, zeure esperientziak erakutsi zizun zaintza-eredua eta etxebizitza-eredua loturik doazela: ama izan zinenean bat-batean zeure etxean deseroso sentitu zinela kontatu izan duzu.
Ni Tenorekin lehenengo aldiz ama izan nintzenean, lehenengo hilabeteak oso gogorrak egin zitzaizkidan, lehoi bat kaiola batean bezala senti-tzen nintzen nire etxean. “Zer egiten dut hemen nik umearekin bakarrik?” Ospitalean erditu nintzen eta han emakumez inguratua nengoen, asko ama izandakoak, erizainak, emagina, pediatra... modu informalean zain-
tzari buruzko informazio pila bat eman zidaten, ez bakarrik mediku informazioa, eta emakumeen arteko konplizitate eta ulertze bat sentitu nuen: nire egoera ulertzen zuten. Erditzean bertan, emagina gizonezkoa zen eta erizain emakumezko gazte bat zegoen. Haurrak burua ateratzerakoan ikaragarrizko mina ematen zidan, eta ez nekien gai izango nintzen; emakume honek eskutik heldu ninduen eta esan zidan: “begira, Oihane, ‘suzko uztaia’ deitzen zaio, ikaragarrizko mina emango dizu, baina berehala pasako da”. Nik begietara begiratu nion eta galdetu nion, “zu ama izan zara?”, ze ez zidan balio liburu batean irakurritako informazioak. “Bai, bai, hiru seme-alaba ditut”, esan zidan, eta orduan lasaitu nintzen, bultzatu nuen, eta berak esanda bezala gertatu zen. Niretzako hiru seme-alaba izan zituen emakume haren begirada garrantzitsua izan zen. Eta etxera bueltatutakoan ikaragarrizko hutsunea sentitu nuen. Nahiz eta bikotekidea hor egon, eta hor egon nahi izan eta inplikatu nahi izan, badago parte bat zurea dena. Beste ama batzuen laguntza behar nuen, amama, izeba edo amatasuna gertu izan duten emakumeak behar nituen, elkartasun sare bat. Bat-batean eredu bat jausi zitzaidan: bikote bat pisu batean bizitzen haur batekin; segundo batean ikusi nuen hori ez zela nik behar nuena. Ez nintzen babestua eta eroso sentitzen, bakarrik sentitzen nintzen.
Amatasuna bizitzeko ugaltzen ari den eredu bat jausi zitzaizun: ama denbora luzez haurrarekin bakarrik.
Pribatutasun/publikotasun-kontua ere bada: amatasunarena esperientzia intimo eta pribatu bat da? Haurdunaldia asko sozializatzen da, ez da esperientzia intimoa, zuk horri buruz jendearekin hitz egiten duzu, ginekologoarenera zoaz, emaginarekin zaude. Baina umea jaiotzen denean etxekotu egiten da, badirudi etxera konfinatzen zaituztela, eta esperientzia indibidual gisa bizi behar duzula amatasuna. Indibidualismo basatia da zuk bakarrik aurre egitea zure etxean haur baten zaintzari, ama izateko tunel beltzetik pasa behar balitz bezala. Nire oraingo erreflexioa honakoa da: amatasuna ez da gauza intimo eta pribatu bat. Carolina del Olmok idatzi zuen gogoetarekin, ¿Dónde esta mi tribu? liburuarekin, erabat ados nago: amatasunak talde bat behar du. Taldean aurrera eramaten baduzu amatasuna sanoagoa da, zu hobeto zaude eta umea hobeto dago; indibidualismoan edo komunitarismoan —niretzako gizarte-eredu sanoago batean— hazteko hasierako gako garrantzitsua da niretzako.
Amatasuna eta gurasotasuna taldean bizitzeak zer mesede egingo lioke haurrari?
Umeak gizaki sozial basatiak dira, baina indibidualki eraikitzera behar-tzen ditugu. Hori lotua dago eredu indibidualista honetan amatasuna era intentsiboan bizitzeko moduarekin: ama bat bera bakarrik ume batekin modu intentsiboan dagoenean bere umearen gauzak bakarrik ikustea eragiten du: “Nire umeak behar hauek ditu”, “nire umeak horrela jokatzen du”... Landa batean ume talde bat jartzen duzu eta jolasteko moduak bilatzen dituzte. Ez dituzte bakoi-tzak bere gauzak, baizik eta taldean hazten dira eta taldean ikasten dute eta jolasten dira. Horrek harreman handia dauka eredu indibidualista honekin. Zu ama baldin bazara, zure pisuan, zu zure umeari begira, “nire umea, nire umea”; haurra propietate pribatu bat bezala ikusten da eta eredu indibidualista indartzen dugu.
Aisia zer-nolako espaziotan pasatzen dugun, halako ohitura sortzen dugu: zentro komertzialek haurrengan kontsumo ohitura bultzatzen dute
Hirietan nola apur dezakegu aipa-tzen duzun eredu indibidualista?
Katalunian garai batean izan ziren Casa madre deiturikoak. Lehenengo 3 urteko tarte horretan, amek beraien artean sare bat osatzen zuten espazio horietan, titiarekin arazoak zituztela, edo dena delakoa gogorra egiten zitzaiela; espazio horietan erreferentziazko amen talde bat zeukaten. Nire ustez amen figuran gehiegi zentratzen zen, baina tarteko soluzio bat bezala ondo ikusten dut: zu ez zaude zure etxean zure umearekin bakarrik; espazio komun bat daukazu erreferentziazkoa. Harago joan beharko genukeela iruditzen zait, zaintzan komunitatea gehiago inplikatuko luketen espazioak behar dira. Leku komunitarioak non amak, amamak, izebak, lagunak... elkartuko diren eta autogestionatuak izango diren espazioak. Niretzako sanoagoa da umeak beste figura batzuk izatea, ez amarena eta aitarena bakarrik.
Zaintzarako espazio komunak izango bagenitu, ez ginateke hain bakarrik sentituko? Espazio komunek tribua egiten lagunduko ligukete?
Bai, zaintza modu sanoagoan eta naturalagoan antolatuko genuke, eta horretarako gaur eguneko etxebizi-tza-ereduak ez du laguntzen, espazio komunitarioak behar ditugu.
Astebeteko bidaia egin dugu hainbat arkitektok, eta Alemanian izan gara: Munich, Friburgo eta Tübingenen eta, gero, Vienan auzo ekoak ikusten. Bi gauzek eman didate arreta. Batetik, umeen negarra pila bat entzuten zen. Kotxeak ez dira zentralak auzo horietan, barruko mugikortasunean oinezkoak eta bizikletak dira nagusi. Orduan kotxeen zarata jaisten da eta, bat-batean, beste gauza ba-tzuk entzuten hasten zara. Negarraren bitartez bada ere, umeak espazio publikoan daude hiri horietan. Eta, bestetik, etxebizitza-blokeek amankomuneko espazio bat zeukaten behean, parrila batekin, mahai pare batekin eta jolasteko eremu txiki-txiki batekin. Familia asko ikusten genituen leku amankomun horietan elkarrekin afaltzen; kotxeak pasatzen ez ziren kale batean familia bat ikusi genuen afaltzen, kalean bertan, mahai batekin, ardo kopa batzuekin eta umeak biluzik zeuden arratsaldeko 7etan kalean jolasten. Hirian espazio oso seguru bat lortu zuten, eta kale osoa zen jolasteko eremu. Kotxeak erdigunetik kentzen badira, kaleak berreskuratzen dira, eta hori oso garrantzitsua da, batez ere, haurren-tzako.
Hortik antipodetan dago hemen gero eta gehiago egiten ari garen plana: arratsalde euritsu bat, ez dakigu haurrekin zer egin, eta zentro komertzial handi batera goaz. Nola eragiten diete haurrei gisa horretako espazioek?
Horrelako lekuetara joaten gara, nahiz eta ez gustatu, eta gu konturatu gabe, umeak kontsumoa erabat barneratzen ari dira. Aisia zer-nolako espaziotan pasatzen dugun, halako ohitura sortzen dugu. Nire seme-alabek, esate baterako, barneratua dute eta ateratzen garen bakoitzean galde-tzen didate, “ama, zer erosiko didazu gaur?”, eta nik orain esplikatzen diet, “gu langileak gara, ez gara aberatsak eta ezin dugu ibili denbora guztian erosten; eta, behar ez ditugun gauzak ez ditugu erosi behar. Eta zuek gainera, jostailu pila bat dituzue, eta abar”. Baina klaro, txapa guztia eman behar diezu euren inertzia “gaur zer erosiko dugu?” baita. Nik esaten diet, “aldatuko dugu galdera? Ez da “gaur zer erosiko dugu”, baizik eta “gaur zer egingo dugu?”. Beraiek erosi egin nahi dute. Horrek zer pentsatu handia eman beharko liguke. Gure aisialdi-ereduak haurren ohituretan eta desiretan eragiten du, forma eta funtzioa elkarrekin doaz, beste behin. Gure aisialdia zentro komertzialetan igaro-tzeak haurrengan kontsumo ohitura bultzatzen du.
Belaunaldien artean eredu aldaketa gertatzen ari da jolasaren inguruan, eredu urbanistiko honen ondorioz
Auzo batean, komunitate hurbilean, haurrek elkarrekin jolasteko espazio seguru bat baldin badute, helduak utzi ditzake umeak beste heldu batzuekin, eta erosketak egin eta bueltatu. Espazio seguru batek haurren zaintza errazten du. Haurrak ez dira beti egon behar erosketa prozesu horretan. Batzuek diote haurrak prozesu horretatik ateratzean errealitate bat tapatzen ari zatzaizkiela, baina nik uste dut babesten ari zarela, telebistan biolentzia jartzen ez diegun bezala, galbahe bat jartzea bezala litzateke kontsumismoaren aurrean, kontsumora bideraturik dagoen gizartean umeak babestu behar ditugulako. Beraiek beste modu batean hazi behar dira psikologikoki osasuntsu egoteko, inposatzen zaigun eredu hau suntsitzailea baita.
Umeei nola eragiten die hirigintza-eredu honek? Umeak ezin du bere kabuz parkera joan eta ezin du parketik aparte inon jolastu...
Belaunaldien artean eredu aldaketa bat gertatzen ari da jolasaren inguruan, neurri handi batean eredu urbanistiko honen eraginez. Haurrak kaleetatik bota ditugu eta parkeak bakarrik utzi dizkiegu. Gure belaunaldian gehiago edo gutxiago kalean hezi izan gara, edo mendira joan gara egun pasa... Gauzak aldatu egin dira: gure seme-alabak, txikiak direnean parke hesituetan egoten dira eta, gainera, metro erdiko autonomia dute gurasoengandik, ez diegu uzten euren artean antolatzen eta gatazkak baldin badaude euren artean konpontzen. Jolasteko eremu itxi horiek eredu indibidualista bultzatzen dute: norbera da bere umearekiko arduraduna eta ez dago interakziorik. Haurrek autonomia behar dute garatuko badira, eta gaur egun hiriak ez die espaziorik uzten autonomia hori bizitzeko.
Parkeen kontrakoa da Francesco Tonucci pedagogoa. Ildo berekoa al zara?
Erabat ados nago berarekin. Gizarteak galdu du, baina batez ere umeek galdu dute hirigintza-eredu honekin. Niretzako umeen parkeena penagarria da: parkeetako jolasa itxia da, bideratua, bakarkakoa, ez dago aukerarik beste jolas bat proposatzeko, ez da egoten jolas kolektiboentzako lekurik, ez dago autonomiarik... Umeek gauzak aurrean dituztenean eta bizitzen dituztenean ikasten dituzte, hau da, haurrek bizipenak behar dituzte. Gurasoek txapa bota diezaikete, baina esperientzia bat beraien gorputzetik bizi dutenean konfrontatzen dute gai hori. Eta pentsatu: parkeek zer esperientzia eskaintzen dizkiete umeei?
Ez dugu aski pentsatzen haurrei eskaintzen dizkiegun espazioez?
Haurrek autonomia behar dutela esan dugu, baina ez dugu pentsa-tzen espazioak zer lotura duen autonomiarekin: autonomia espazioa eta denbora da. Haur bakoitzaren eraikuntza propiorako oso inportantea da berdintsuen artean sortzen den ikasketa eta negoziazio hori, “ni non kokatzen naiz, zer ezinegon sor-tzen dizkidate pertsona batzuek eta besteek, edo jolas batzuek, edo zer nolako botere dinamikak ematen dira gure artean”... Hori guztia beraien artean esperimentatzeko autonomia behar dute. Zuk umeei ez badiezu autonomia ematen ez dute garatuko. Espazioa eta denbora behar dute autonomia lantzeko, garai bakoitzean beren neurrian. Tonuccik zer esaten du? Haurrak haurtzaroan ez badu autonomia bizitzen, nerabezarora hel-tzen direla eta suizida potentzialak direla. Drogekin ez dakite neurtzen beraien autonomia, arriskuarekin sekula ez dute izan harremanik, ez dute sekula arriskua neurtu, euren burua ez dute besteekiko harremanean eraiki poliki-poliki... eta bat-batean eskura dituzte kotxea, alkohola, sexu harremanak... Hori guztia zelan jango dute? Gainera, komunikabide oso erasokorrak ditugu. Barne eraikuntza oso ahula duten nerabeak ditugu ikaragarrizko komunikazio agresiboaren aurrean.
Espazio osasuntsuagoak izateko, nola begiratu beharko genioke hiriari, haurraren begietatik eta zaintzailearen begietatik, eta ez zaintza ardurarik ez duen gizon produktibo eta kontsumitzailearen begietatik?
Kotxeen presentzia da gaur egun daukagun erronka handiena: espazio publikoaren % 60-70a kotxeak har-tzen du. Hori eguneroko bizitzaren eta umeen autonomia eta zaintzaileen lasaitasunaren eta ongizatearen kontrako estrategia bat da. Kotxeen presentzia orekatzen badugu, espazioaren % 40a berreskuratzen dugu. Umeen autonomiarako behar dugu espazioa eta denbora; espaziorik ez badaukagu, espaloiak estuak badira... ez dago autonomiarik. Tonuccik planteatzen du umeak gai izan behar dutela etxetik eskolara bakarrik joateko. Hori mahai gainean jarri behar dugu.