‘SUPERIKTUSTXOAK. GURE GARUNAREN DENBORA’ ARGITARATU DU REYES BARREROK, HAURREK IKTUS BATEN AURREAN ZER EGIN JAKIN DEZATEN ETA OHITURA OSASUNGARRIEN GARRANTZIAZ JABE DAITEZEN.
Nolatan sortu zitzaizun haurrentzako iktusari buruzko ipuin bat sortzeko ideia?
Iktusen unitatean lanean ari nintzela, iktusa jasandako momentuan bakarrik edota bilobekin zeuden gizon-emakumeen kasu asko ikusten genituen. Iktusaren patologian ‘denbora garuna dela’ esaten da eta garrantzitsua da horrelako gaixotasun baten aurrean azkar erreakzionatzea. Horrez gain, ama ere banaiz, eta lanera joateko egunero uzten ditut seme-alabak amonarekin. Haurrek aitona-amonekin denbora asko pasatzen dutela ikusten nuen eta aldi berean, jabetu nintzen ez zeudela prestatuta iktusa bezalako zerbait gertatzen den kasuetarako. Nire seme-alabentzako ipuinak idaztea betidanik izan dut gogoko, eta pentsatu nuen bide aproposa izan zitekeela informazio egokia zabaltzeko. Nire haurrei erakutsi nien lehendabizi, gustatu zitzaien eta ipuina editatzeari ekin genion. Beraiek egin didate liburuaren azala. Gloria Canok egin ditu ilustrazioak eta Mr. Momo argitaletxearekin lortu dugu edizio bat egitea. Elkarren dago salgai liburua.
Zein ideia edo mezu aurkituko ditugu narrazioan?
Haurrei iktus baten seinaleak zein diren azaltzen saiatu naiz, hil edo biziko larrialdia dela ikustarazten, eta patologia honetan denborak duen garrantziaz jabetzen. Baina iktusaz gain, osasun-hezkuntzaren inguruko mezuak ere aurkituko ditugu, eskoletan erizainek egin dezaketen lana ikustarazi, eta batez ere, ohitura osasuntsuetan heztearen garrantzia azpimarratu nahi izan dut. Eta aldi berean, pertsonaien artean berdintasunari lotutako ideiak sartzen saiatu naiz. Ipuinean aitona da merienda prestatzen duena, semea lurra garbitzen duena…
Garrantzitsua al da haurrekin gai hauek lantzea?
Bai, lehenengo eta behin kontuan izan behar dugu gaur egun haurrek denbora asko igarotzen dutela pertsona helduekin. Askotan burbuila batean sar-tzen ditugu babestu nahi ditugulako eta ez diegu hitz egiten gaixotasunez, heriotzaz edota ezgaitasunez. Nik beti pentsatu izan dut haurrari errekur-tsoak ematen badizkiozu errazagoa izango zaiola gaixotasunez edo heriotzaz hitz egitea. Iktus bat gertatzen bada bere inguruan egoera traumatiko bat biziko du, jakina, baina behintzat jakingo du nola erreakzionatu, eta horrek egoera traumatikoa bera samurtu dezake hein handi batean. Hori izango litzateke babestea niretzako eta ez ezjakintasunean bizitzea.
Liburua eskoletan laguntza pedagogiko gisa erabiltzea nahiko zenuke. Bide hori egiten hasi zara, eta zer-nolako harrera izan duzu orain arte?
Ospitalearen bitartez edota Hezkun-tza Sailarekin elkarlana abiatzeko ahalegina egiten ari gara, baina egia da ikasturte hasierarako finkatzen dituzten jarraibideen arabera gauza batzuk egiten dituztela eta beste ba-tzuk ez. Bien bitartean, nire kabuz ari naiz lanean liburutegietan-eta saioak egiten. Ipuinaren kontaketa egiten diet lehenbizi, iktusaren seinaleen inguruko Power Point bat lantzen dugu eta horrelako kasuetan jarraitu behar dituzten urratsez hitz egiten dugu. Beraiei atentzio handia deitzen die gaiak eta larrialdi telefonoaren inguruan ere gogoeta egiten dugu. 112 telefonoak bizitzak salba ditzakeela jabetzen dira eta ez dela jostailu bat. Hori guztia transmititzea garrantzitsua da, ez bakarrik ipuinaren bidez, baita aurrez-aurre ere.