Mitxel Elortzak idatzi eta Mariñe Jauregik ilustratu du Askatasun doinua liburua.
Mitxel Elortzak idatzi eta Mariñe Jauregik ilustratu du Askatasun doinua liburua. Palestina bizitzen ari den genozidioa azaldu nahi izan diete haurrei, lurraldearen pertsonifikaziotik abiatuta. Zorrotz argitaletxearen eskutik plazaratu dute liburua.
Palestinari begira jarri eta gai gogorra ekarri duzue Askatasun doinua liburura. Nondik sortu da libururen ideia?
Mitxel Elortza: Joan den ikasturtean Gure haurrak ere badira dinamika sortu genuen Euskal Herriko zenbait eskoletako gurasook palestinar herriari eta bereziki haurrei elkartasuna adierazteko. Ekimen horretan murgildurik nengoelarik, elkartasun keinuez gain, haurrei gaia euren ikuspegitik azaltzeko ipuin bat idazteko beharra sentitu nuen. Zorrotz argitaletxeari esker proiektua gauzatu ahal izan dugu.
Palestinan gertatzen ari den genozidioa nola azaldu diezue haurrei? Zer-nolako ariketa estilistikoa egin duzue biok idatzietan eta ilustrazioetan?
M. E.: Haurrei gertatzen ari den guztia ez ezkutatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Azken urtean Gazan egunero, bataz beste, 40 haur hil ditu Israelek. Haurren aurkako sarraski batean nola ez ditugu ba haurrak erdigunean jarriko? Horretarako, euren ikuspegitik eta eurek ulertzeko moduko istorioa eraiki dugu. Palestina pertsonifikatu dugu eta Gaza eta Zisjordania izeneko seme-alaba nagusien bizipenen bidez azaldu dugu genozidioa.
Mariñe Jauregi: Gaza eta Zisjordania pertsonifikatu izanak protagonistak modu delikatuan, gertutasunez eta mimo handiz garatzen lagundu dit. Samurtasun hori irakurleei helarazteko asmoz eta gertutasun horretatik abiatuz, irudien sorkuntza polita izan dela esan dezaket. Testuak eta irudiek bat egiten duten puntua bilatu dugu, elkarren osagarri izatera iritsi diren arte.
Palestinaren pertsonifikazioa abiapuntu berezia da. Nola saiatu zarete ikuspegi manikeoa gainditzen eta gatazkaren konplexutasuna haurrei azaltzen?
M. E.: Gatazka konplexua da, baina agerikoa da estatu batek bestea kolonizatu duela eta lurrak lapurtzen joan dela nazioarteak eta Nazio Batuek esandakoaren aurka, baina ez zaie axola. Hori gutxi ez, eta azken urteetako hildako kopuru beldurgarriek agerian uzten dute Israel gauzatzen ari den genozidioa. Garrantzitsua da esatea gertatzen ari den hori ez dela gerra bat, eta ez dela onen eta txarren arteko ikuspegia, ez baita berdinen arteko gatazka bat. Haurrak eta emakumeak dira hildakoen %70, beraz, gordintasun hori ulertzeko Palestina familia eta bereziki Gaza eta Zisjordania pertsonifikatu ditugu, lurralde bakoitzeko arazo larrienak azaleratzeko.
Musika eta artea askatasun adierazpen gisa aldarrikatu nahi izan ditugu, ipuinaren bidez Euskal Herriko txoko guztietako haurrek ere elkartasun keinuak izateko aukera izan dezaten
Nolakoa izan da bion arteko sorkuntza prozesua?
M. E: Plazera izan da Mariñerekin batera proiektu hau sortzea. Oso erraz jarri dit dena eta hasieratik oso ondo ulertu dugu elkar. Bere ilustrazio zoragarriek primeran irudikatzen dute nik hitzen bidez adierazi nahi nuena.
M. J.: Mitxelek proposamena egin zidan lehen egunetik sentitu nuen laguntasun eta gertutasun hori. Plazera izan da berarekin lan egitea, denerako prest dago beti eta energia positibo handia transmititzen du. Uste dut biok ondo ulertu dugula norberaren eta bestearen sortze prozesua, eta beraz taldean bikain funtzionatu dugu.
Esan al daiteke salaketa eta kontzientziazioa direla liburuaren helburuak? Edo zein helburu gehiago ditu?
M. E.: Bai, salaketa, kontzientziazioa eta elkartasuna. Musika eta artea askatasun adierazpen gisa aldarrikatu nahi izan ditugu, ipuinaren bidez Euskal Herriko txoko guztietako haurrek ere elkartasun keinuak izateko aukera izan dezaten. Haurrak erdigunean jarri nahi ditugu.
Musika aipatu duzue, ilustrazioa eta literatura ere erabili dituzue; arteei, oro har, zer-nolako potentziala ikusten diezue haurrengana iristeko eta halako gai gogor bat barneratzeko?
M. E.: Artea hizkuntza unibertsala da, eta bere bidez egoera bidegabeak eta sentimenduak helarazi ditzakegu. Musikaren indarra, adibidez, oso garrantzitsua da ipuinean, eta haurrek rol aktiboa hartzea ahalbidetzen du, elkartasun olatua mundu osoan zabaltzeko.
Non eskura daiteke liburua?
M. E.: Liburua zorrotz.eus webgunean edota Elkar liburu-dendetan eskura daiteke. Baita Euskal Herriko beste zenbait liburu- denda txikitan ere.