Lander Garro | Idazlea

Oso berea du munduak, besteen haurren inguruan iritziak ematea. Jaio aurretik, ekografian bertan hasten gara, geure haurren irudia besteen iritziaren galbahetik ikusten. Pixel-masa horail bat ikusten dugu monitorean bihurritzen, formarik gabeko mosaiko bat, eta medikua da horren guztiaren esanahia argitzen diguna: “Horra bihotza, hemen besoa, hor oina, eta, hara: mutikoa da!”. Ospitaletik irten eta kaleko jendeak, eskua sabelean jarrita, haurra zer moduz dagoen galdetzen digunean, medikuaren hitzak gogoratzen ditugu, guk ikusitakoa baino askoz ere gardenkiago, hark esanda dakigulako geure haurra “ongi” dagoela. Medikua, gu eta geure haurraren artean dagoen bitartekaria, pertsona orojakile hori, hura da geure antsia baretzen duena, eta, nolabait, geure pausoak bidera-
tzen dituena. Berdin gertatzen da erditzean ere, urak hautsita ospitalean sartu orduko, besteen esku gaude, eta besteen esku egon nahi dugu, akaso, geure nahia abandonaturik, adituen iritziaren zain arre edo so egiteko. Epidurala jarriko ote dugu? Beno, ea zer dioen doktore jaunak edo andreak, eta, beno, hori gomendatzen badute, ez da ba hain txarra izango. Benga, ba Epidularekin!

Esaten dizkiguten gauzen eta egiten dizkiguten gomendioen zerrenda amaigabea da, alferrik da gehiegi zehaztea, guraso guztiok pasa baikara aski fase txotxongilo horretatik, non badirudien adituen ahalmen boteretsuek geure eskuak eta besoak mugitzen dituela hari fin eta ikusezinen bidez, eta, hori gutxi balitz, geure aldartea, geure optimismoa edo geure pesimismoa, haien hitzen araberakoa dela. Esaten digute bularra noiz eta nola eman, esaten digute bularra ematea ona edo txarra den, esaten digute zer jantzi, nola jolastu, zer egin haien garapen afektibo-kognitiboa egokiena izan dadin. Guk ez dakigu ezer, baina beti dago norbait argi printza bat eskaintzeko. Ez da kritika bat, konstatazio bat da.

Eskolatzeko tenorean ere, eskola erakundeek, gizarte ohiturek bultzatuta, geure seme-alabekiko espektatiba eta exijentzia batzuk jar-
tzen dituzte mahai gainean. Espektatiba horiek, normalak dira, denek onartzen dituzte, urteetako ikerketa eta peskiza zorrotzen ondoren ezarritakoak baitira. Hori da onena, hori da egokiena, eta hori da helburua. Kito. Eta hor ere, ospitalean gertatzen den bezala, maisu-maistrak etortzen dira ekografiarekin (notekin), zure haurraren eskutxoa, bihotza eta oina non dauden erakustera, eta zuk haren begietatik ikusten duzu zure haurra, haurra bera zure parean egongo ez balitz bezala.

Honekin guztiarekin esan nahi dudana da, nolabait, hasiera-hasieratik onartzen dugun geure haurrari buruzko iritzi partekatua geure baitan betikotu antzera geratzen dela, eta zaila dela esatea non edo noiz amaitzen den guk geure seme-alabak besteen begiez ikusten ditugun unea. Eta ezinbestekoa dela hori detektatzea, gehienetan haurren keinu huts bat, munduak esan dezakeen guztia baino askoz ere garrantzitsuagoa baita.