Mugikorren erabilera gaurkotasun handiko gaia da helduon artean.
Haurrei eta gaztetxoei mugikorra noiz erosi behar diegun, erabilera egokia egiteko gai ote diren… Mugikorren erabilera gaurkotasun handiko gaia da helduon artean. Ez dakigu, ordea, zer pentsatzen duten haiek, eta haurrek esandakoa jaso dute artikuluaren egileek Bizkaian egindako azterlanean.
Haurrek eta nerabeek gailu elektronikoak edota sare sozialak erabiltzeko edo Interneterako sarbidea izateko aukera izan behar duten ala ez bolo-bolo dabilen eztabaidetako bat da gaur egun. Gurasoek, hezitzaileek eta espezialistek etengabe galdetzen dute noiz eta nola ahalbidetu behar duten haurrek teknologia horiek eskuratzea, baina eztabaida helduen ikuspegitik bideratzen da askotan, adin txikikoen bizipenak eta iritziak kontuan hartu gabe. Zer pentsatzen dute haiek mugikorraren erabilerari buruz? Nola eragiten die erabilera horrek eguneroko bizitzan eta euren harremanetan?
Alderdi hori sakon aztertu dugu, haurren esperientzian oinarrituta betiere, Bizkaiko eskualde batean, batez beste 9,26 urte dituzten 642 parte hartzailerekin egindako azterlan baten bidez. Mugikorren erabilerak gaztetxoen emozioetan, gizarte harremanetan eta eguneroko bizitzan nola eragiten duen argitzen duten datuak lortu ditugu azterlanean.
Nork bere mugikorra ala utzitakoa?
Gurasoen artean, dilema bihurtu daiteke seme-alabei mugikorra noiz eman. Hala ere, guraso askok ez dute kontuan hartzen haurrek gailu propioa izan baino arinago hasten direla mugikorrak masiboki erabiltzen. Izan ere, azterketan parte hartu duten haurren % 65,3k adierazi du gurasoen mugikorra erabiltzen duela nahiz eta mugikor propioa haietako % 22k besterik ez duen.
Beraz, nork bere mugikorra erabiltzeaz gain, gurasoena erabiltzen pasatutako orduak kontuan hartuz gero, ikerketan parte hartu duten haurrek, batez beste, 42 minutu eta 42 segundo igarotzen dituzte egunero mugikorrarekin, eta denbora tarte hori 112 minutu eta 53 segundora igotzen da asteburuetan. Mugikor propioa dutenek nabarmen erabilera handiagoa egiten duten arren, gurasoen mugikorra erabiltzen dutenek ere gainditu egiten dituzte Espainiako Pediatria Elkarteak pantailaren erabileraz egiten dituen gomendioetan zehaztutako denbora tarteak.
Zenbat denbora da “denbora gehiegi”?
Pantaila erabiltzeko denbora tarteei buruz espezialistek egiten dituzten gomendioak ez dira berdinak adin-tarte guztietarako. Espainiako Pediatria Elkarteak 2 urtetik beherako haurren kasuan pantailen erabilera erabat saihestea aholkatzen du. 5 urtetik beherakoentzat, berriz, eguneko ordubeteko gehieneko muga iradokitzen du, eta, 5 urtetik aurrera, entretenimendu digitalak eguneko bi orduko tartea ez gainditzea gomendatzen du.
Bestalde, zorrotzagoa da Frantziako Psikiatria Akademia, eta “3-6-9-12” araua proposatzen du. Arau horrek honako honi egiten dio erreferentzia: 3 urte bete baino lehen pantailarik ez erabiltzea, bideojokoak 6 urte bete arte saihestea, Interneten 9 urtetik aurrera sartzea eta haurrei 12 urte bete baino lehen sare sozialetarako sarbiderik ez ematea.
Bitxia bada ere, gure ikerketan, haurrek berek iradokitzen dute mugikorra izateko adin egokia 12 urtekoa dela, eta gurasoek, berriz, 14 urte bete arte itxarotea nahiago dutela diote. Alde horrek txikia dirudi, baina bi urte horiek kritikoak dira haurren garapenean, eta gailu horietan sarbidea goizegi izateak funtsezko alderdi emozionalei eta sozialei eragin diezaieke.
Prestaketarik gabeko erabilera
Haur askok gailu mugikorrak adin goiztiarretan erabiltzen dituzten arren, gehienek ez dute erabilerari buruzko orientaziorik jasotzen eskolan Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte, eta, adin horretatik aurrera, urria da gaiari buruz jasotzen duten heziketa ere. Prestakuntzan izandako atzerapen horrek mugikorren erabilerari lotutako arriskuak areagotzen ditu, hala nola eduki desegokietan sartzea, osasuntsuak ez diren harremanak sustatzea edo gehiegi erabiltzea.
Hezkuntzako esku hartzeak ez dira soilik teknologiaren erabileraren alderdi teknikoetara bideratu behar; teknologiak gizarte harremanetan eta ongizate emozionalean nola eragiten duten jakinaraztera ere bideratu behar dira.
Familia gatazkak eta helduen eredua
Gure ikerketan parte hartu duten haurrek eta familiek estuki lotu izan dituzte mugikorraren erabilera eta familia gatazkak. Guraso gehienek maiz hitz egiten dute seme-alabekin mugikorraren erabilerari buruz, baina interakzio horiek gatazkatsuak izaten dira askotan; hitz egin ordez, erabilerari buruz eztabaidatzen dute, are gehiago haurrak mugikor propioa duenean. Gainera, helduen portaerak eragin handia du adin txikikoen portaeran. Seme-alaben aurrean mugikorrak erabiltzen dituzten gurasoak % 11tik % 50era bitartean dira, eta haurrek imitatzeko joera duten jokabide eredu bat sorrarazten du horrek. Helduen jokabidearen atzean dagoen “inkoherentzia” horrek frustrazioa eragin diezaieke adin txikikoei; izan ere, pantailen aurrean pasatzen duten denbora mugatzen diete haiei, eta, gurasoek, aldiz, etengabe darabilte mugikorra. Hori dela eta, gatazka sortzen da, eta tentsioa sortzen duen gai nagusietako bat izaten da hori familia askotan.
Zertarako erabiltzen dituzte mugikorrak?
Mugikorraren erabilera aldatu egiten da adinaren arabera. Haur txikienek bideoak ikusteko eta jolasteko erabiltzen dute batez ere, eta haien aisialdi iturri nagusi bihurtzen dira, are gehiago kalitatezko aisialdirako alternatibarik ez dutenean. Hazi ahala, adin txikikoak mugikorra lagunekin eta senideekin komunikatzeko erabiltzen hasten dira eta gailu horiek pertsonen arteko interakzio zuzena ordezkatzen hasten dira, neurri handi batean, nahiz eta aurrez aurreko sozializazio hori funtsezkoa izan garapen emozionalerako.
Mugikorraren alde negatiboa, haurren arabera
Pertsona askok uste dutenaren kontra, gure ikerketak frogatu du haurrak mugikorraren gehiegizko erabileraren ondorio negatiboez jabetzen direla, teknologia maiz erabiltzen duten arren. Elkarrizketetan, adin txikikoek hainbat ondorio negatibo aipatu zituzten: % 31,65ek adierazi zuen lagunekin kalitatezko denbora galtzea eragiten diola mugikorrak; % 25,06k adierazi zuen zaurgarria dela eta sare sozialen edo plataforma digitalen bidez emozionalki min hartzeko aukera handia dela; % 23,08k gurasoekin izandako eztabaidak mugikorraren erabilerarekin lotutako arazo gisa identifikatu zituen, eta % 19,49k adierazi zuen mugikorraren erabileraren ondorioz arazo fisikoak dituela (buruko mina eta ikusmen lausoa, esaterako).
Datu horiek agerian uzten dutenez, adin txikikoak ez dira mugikorraren erabileraren arriskuetatik eta horiek sortzen dituzten konplikazioetatik kanpo geratzen, eta horrek hauxe iradokitzen du: hezkuntzako esku hartzeak ez dira soilik teknologiaren erabileraren alderdi teknikoetara bideratu behar; teknologiak gizarte harremanetan eta ongizate emozionalean nola eragiten duten jakinaraztera ere bideratu behar dira.
Gurasoek mugikorra erosteko dituzten arrazoiak
Gurasoek seme-alabei lehenengo mugikorra erosteko arrazoiak zein diren ere aztertu zuen ikerketak. Jasotako erantzunen arabera, gurasoen % 20,54k mugikorra erosiko luke haurren segurtasuna bermatzeko eta seme-alabak kalera bakarrik irteten hasten direnean non dauden jakiteko, eta % 19,55ek, berriz, seme- alabekin etengabeko komunikazioa izateko. Bestalde, gurasoen % 23,76k seme-alabei mugikorra erosiko liekete euren haurrak gainerako haurrekin harremanetan egoteko edota talde presioak eraginda (% 16,58).
Hala ere, gurasoek kezka azaldu zuten mugikorren erabilera desegokiari buruz (% 44,83), gehiegizko erabilera denborari buruz (% 46,93) eta izan dezaketen adikzioari buruz (% 8,24).
Zer neurri hartu behar ditugu?
Mugikorraren erabilerak haurrengan duen eragina dela eta, funtsezkoa da familiek eta hezkuntzak zein gizarte erakundeek neurriak hartzea. Oinarrizkoa da gurasoen eta irakasleen gainbegiratze koordinatua, baina, era berean, estrategia zabalagoa behar da, arazo horri ikuspegi sozial eta komunitario batetik heltzeko.
Hezkuntza sistemak irakasleentzako prestakuntza programak barne hartu behar ditu, ez informazioaren teknologien erabilerarako soilik, baita ikasleen alfabetatze digitalerako eta mugikorren eta Interneten erabilerari lotutako arazoei aurre egiteko ere. Gainera, beharrezkoa da Lehen Hezkuntzako lehen mailetatik haurrei zuzendutako informazio planak inplementatzea, ikasleek teknologiak eguneroko bizitzan duen eragina uler dezaten.
Bestalde, udalek eta bestelako erakundeek gailu teknologikoen erabilerarekin zerikusirik ez duten aisialdiko jardueren eskaintza indartu behar dute. Gure ikerketaren emaitzek adierazten dutenez, haurrek, bestelako aukerak dituztenean, nahiago dute jolastea eta lagunekin aisialdi osasuntsua izatea, mugikorra erabili beharrik izan gabe. Pantaila baten aurrean denbora asko pasatu arren, jolasa eta benetako elkarreragina balioesten duten haurrak baitira gaur egungoak ere.