Kalera atera da Hazi Hezi laugarren zenbaki honetan: Kaleak —auzoak, herriak, hiriak— haurrari zer eskaintzen dio eta zer eskaini beharko lioke?

Erditu ginen, eta elikatu, amagandik. Geure kasa mugitzen hasi ginen ondoren, eta kalera irten gara Hazi Hezik lehen urtea bete duen honetan. Kalera begira jarri gara aldizkariaren laugarren zenbakian. Eta zenbait herri eta hiritan apenas ikusi dugu haurrik kalean jolasean. Non daude, bada, umeak?

Gaur eguneko hiri-ereduak haurrari nola eragiten dion aztertu dugu zenbaki honetako gai nagusian, Francesco Tonucci psikopedagogo eta Haurren Hiria egitasmoaren sortzailearekin eta Koldo Telleria arkitektoarekin. Azken honen arabera, haurrei bizkar emanda hazi dira gure herri eta hiriak, eta umeen neurrira beharrean, familia kargarik ez daukan gizonezko langilearen beharrak asetzeko eginak daude. Herritarren ordez, autoek, abiadurak, arriskuak eta beldurrak kaleak hartu izanak, haurraren autonomia, sozializazioa, garapena eta heziketa mugatu egiten duela nabarmendu du Tonuccik, umeek ezin baitute beren kabuz ibili, ez eskolara bakarrik joan, ez kalean aske jolastu. Ondorioz, gaur eguneko hiri-ereduak haurrak eraikin baten barruan (etxea, kiroldegia, ludoteka, eskola...) eta etengabe helduen zaintzapean egotera behartzen ditu, pedagogoaren eta arkitektoaren arabera.

Badira, ordea, bestelako herri-ereduak: herri hezitzaileak. Haurrak komunitatearen erdigunean jartzen dituztenak —Alexander Barandiaran irakasleak zenbaki honetako elkarrizketa nagusian aldarrikatzen duen bezala—. Badira haurrari entzuten eta haren premiak zaintzen eta erantzuten dioten herriak. Haurrentzako egokia den herri bat biztanle guztientzat ere onuragarria dela erakusten duten herriak.