Ikasturte guztian eskolan, eserita, isilik eta adi egon ostean, udak eta oporrek haurrek dituzten mugimendu premiak asetzeko aukera handiak eskaintzen dituzte, aire librean ibiltzeko aukera, ingurune ezberdinak esperimentatzeko aukera, adiskideekin egotekoa, lagun berriak egitekoa... baliatzea da kontua.

Eta bat-batean geldi, eta bat-batean eserita, orduak eta orduak… txikienei aitortzen zaie mugitzeko beharra, jolasteko premia, oihu egiteko beharra ere bai batzuetan, baina Lehen Hezkuntzan hastearekin batera, haurra badirudi haur izatea atzean uzten hasten dela… eta kurtso osoa eserita, geldi eta ordu asko eta asko isilik pasa behar izaten dituzte, behar dutena baino geldiago, isilago behintzat. Egia da garapenari begira esnezko hortzak erortzen hastearekin batera gauza asko aldatzen direla, garapen kognitiboari begira, heldutasun psikologiko eta afektiboari begira. Baina oraindik haurrak dira, eta behar psikomotor biziak dituzte. Ikasturte guztian eserita egon ondoren, arrazoi handiagoz haurrak udan atseden hartu behar du,  edo bestela esanda, haurrak udan mugitu egin behar du. Mugitzeko, jolasteko, dibertitzeko premiak asetzea garapenari lagun-tzea baita, atseden hartzea bezain beharrezko eta onurazko.

Udak, oporrek, astialdiak aukera handiak ematen dituzte adin honetako haurrek dituzten 
premia psikomotorrak eta psikosozialak garatzeko. Orain, aukera horiek baliatzen asmatu behar du helduak.

-Aire librean ibiltzeko aukera:
Eskolan, gela itxian ordu asko igaro dituzte haur hauek iragan irailaz geroztik. Oporretan aire librean ibiltzea bermaturik izan behar lukete haurrek, psikologoen arabera.

-Ingurune ezberdinak esperimentatzeko aukera. 
Izan egunerokoan, asteburuetan, udalekuetan... asfaltotik ateratzeko aukera eman umeei, mendira, basora, hondartzara, uretara, igerilekura, errekara, pantanora… kostaldeko herria, barnekoa, mendialdekoa… bakoitzak bere inguruneaz jabetu eta haurrei natura partzela bat eskaintzeko bidea irekitzea esperientzia osasungarriagoak bizitzeko aukerak irekitzea da, bai lagun artean joateko, bai familian.

-Ingurumena animaliaz osatua dago, udan gertuko animaliak (oilategian, baserrian behiak, zerriak…) nahiz parkeetakoak edo basokoak ikusteko aukera zabala da.

-Mugitzeko aukera bermatu udan eserita, geldi orduak eta orduak egin dituzte kurtso osan: bizikletaz, patinetan, patinetean, igerian, jauzika, eta aukera izanez gero uretako kirolak, hipika, esperimentatzeko aukera eman umeei, haien behar psikomotorrak asetzeko. Mugitzean endorfinak askatzen dira, eta hormona horiek asebetetzen dute haurra: ongi sentitzen, eta gero lasaitzen eta gogobeteago sentitzen laguntzen dute mugimenduak eta kirolak.

-Adiskideekin egoteko aukera bermatu. Bat-batean ikasturtea amaitzeak gelako lagunei opor-garai osorako agur esatea esan nahi du ume askorentzat. Kasu! Haur hauek oraindik euren kabuz hitzorduak egiteko eta harremanak lotzeko aukerarik ez dute izaten, edo distantzia dago tarteko... baina haurren premiei begira, urte gozo hauek bizi dituzten haurrek, dagoeneko, lagunekin eta adiskide minekin egoteko premia ikasturtean bezalakoxea daukate. Plazan haurrak euren kasa jolas librera elkartzea da aukera bat; udalekuetara elkarrekin apuntatzea, familiek elkarrekin egitea irteerak, edo gauren bat adiskideen etxean pasatzea...

-Baina lagun berriak egiteko aukera zabaldu. Aitona-amonen herrian, kanpinean, udalekuetan, edo besterik gabe, auzoko parkean jende berria ezagutzeko aukerari atea ireki. Abilezia sozialak garatzen ari dira adin tarte honetan, eta lagun berriak ezagutzean eta haiekin harreman-tzean euren gaitasunak garatzen ariko dira.

-Gozamenetik ikasteko aukera ireki. Museoek, esate baterako, aukera bereziak izaten dituzte haurrekin joateko. Eta udan ere euria egiten duenez, agendan apuntaturik edukitzeko proposamena izan liteke: hiri handietan museoak (Bilboko Arte Eder Museoa, Guggenheim, Untzi museoa; Donostiako San Telmo, Koldo Mitxelena Kulturunea; Gasteizko Artium, Baionako Euskal Museoa.. herri txikietakoak, Barandiaran museoa Ataunen, Zestoako Ekainberri kobazuloa, Oteiza museoa Altzuzan... Euskal Herri guztian ditugun natur parkeek ere aukera zabalak dituzte familientzako udan.

-Irakurri, margotu, idatzi... gozamenetik.
Ikasturte osoan zehar neurri handiagoan edo txikiagoan, arkatza eta liburuak hartzera beharturik daude haurrak. Udan ordea, irakurketaz, margoez, idazketaz... modu ludikoagoan gozatzeko aukera ematea haurrei osasuntsua da. Egunean zehar egindakoa eguneroko batean idaztera gonbidatu, edo marrazkien bidez espresatzera... inork agindu barik gogoko dituzten liburuak irakurtzeko aukera eman...

-Buztina, hondarra, urarekin jolastu.
Udak kanpoan jolasteko parada eskaintzen digu, eta kanpoan material ugari ditugu eskura, etxean zikin-tzearen beldur, bustitzearen aitzakian... erabiltzen ez ditugun materialekin jolasteko aukera. Haurrei ordea material naturalak manipulatzeak ematen dien plazera aintzat hartzekoa da, eta udak asebetetzeko aukera ematen digu.

-Udarekin musika festibalak loretzen dira, eta horietan gero eta gehiago haurrentzako proposamenak eskaintzen dituzte. Familian musikaz gozatzeko aukera aparta dira, baina baita herrietako jaietako erromeria eta kontzertuak ere, musikaz nola dantzaz gozatu ahal izateko.
-Gaua. Adin tarte honetan afalostean kalera, auzora ateratzea abentura handi bat da haurrentzat. Garapen prozesuan beste mugarri bat da gurasoen begirada gabe ateratzea, gauaren iluntasunean.

-Aspertzea ere aukera bat da. Haur askok ikasturtean zehar ordutegi beteak izaten dituzte, eskola-orduez gain, eskolaz kanpoko aktibitateak, kirolak... ordu luzeak aurrean, nahieran betetzeko aukera izatea garrantzitsua da haurrentzat. Tartean aspertuko dira, bistan da, baina aspertzea sormenaren akuilu ere bada, asmatu beharko dituzte jolasak, abenturak... aspertuko ez badira. Kontu ordea aspertzearekin, gehiegi aspertzeak ondorioak ere badituela gogoratu, seme-alaba aspertuen arteko liskarrak, etxean zersuma jarritako ordu luzeetan gertatzen diren gatazkak. Neurrian aspertzeak irudimena kitzikatzen du.

-Oporretan haurren loa bermatu. Mugitzeko premia dute haurrek, kalera irtetekoa... baina baita atseden hartzekoa ere, eta lasai, erlojuaren orratzei jaramonik egin gabe lo egiteko premia ere badute haurrek.