Ane Irazabal | Kazetaria
Nermenek ez du gogoratzen eskolara joan zen azken aldia. Alepoko neskatoak eta bere gurasoek Siriatik alde egin zuten duela hiru urte. Etxean ez zegoen orainik, ezta etorkizunik ere. Nermenen familiak dena utzi zuen Alepon: lana, aiton-amonak eta baita gerraren aurretik oso egonkorra zirudien etorkizuna ere.
Errefuxiatu familiaren helburua Alemaniara iristea zen. Nermenen aitak senitartekoak zituen Berlinen. Baina Egeo itsasoan bizitza arriskuan jarri ostean, neskatoak eta bere gurasoek muga itxiak aurkitu zituzten Europan. Nermenek 5 urte zituen orduan, eta azken biak Greziako kanpaleku batean pasa ditu, ez aurrera ez atzera egin ezinik.
Orduz geroztik, Nermen ez da inoiz eskolatu. Milaka haur errefuxiaturen antzera, linbo juridiko amaiezinaren biktima da. Neskatoak gobernuz kanpoko erakundeek antolatzen dituzten alfabetizatze programetan parte hartzen du, baina ez du Greziako hezkuntza sistema jarraitzen. Zoritxarrez, ez da adibide bakarra. Migraziorako Nazioarteko Erakundeak eskainitako datuen arabera, Grezian harrapatuta dauden iheslarien % 27 haurrak dira. Atenaseko gobernuak argudiatu du gaindituta dagoela, eta krisi ekonomikoaren ondorioz ez daukala ume horiek guztiak hezkuntza sistema greziarrean txertatzeko gaitasunik. Ardura Europa osoarena da, ordea.
Siriako gerrak eztanda egin zuenetik, milaka haur errefuxiatu daude Ekialde Hurbileko eta Europako kanpalekuetan harrapatuta. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Fondoak adierazi du Jordanian bizi diren ume iheslarien % 38k ez duela eskolara joateko aukerarik. Are gehiago, adin txikiko umeen erdiak ez du osasun zerbitzurik jasotzen.
Gauza bera gertatzen da Mediterraneo itsasoa zeharkatzea lortzen duten eta Italiara onik iristen diren adin txikiko errefuxiatuekin. Saharaz Hegoaldeko Afrikako iheslari askok etorkizun beltza aurkitzen dute Europan. Europol Europar Batasuneko nazioarteko polizia agentziak emandako datuak oso arduragarriak dira: azken urtean 10.000 adin txikikoren arrastoa galdu da Europan. Kasu gehienetan, bakarrik bidaiatzen duten haurrak dira, gurasoen laguntzarik gabe bidaia arriskutsuari ekin diotenak. Gehienak lan egitera derrigortuta daude, inolako babesik jaso gabe.
Halere, badira egoera oraindik larriagoak. Errefuxiatuen krisiak haurren prostituzioa areagotu du. Tamalez, Greziako eta Italiako kaleetan gero eta ume errefuxiatu gehiago ikus daitezke trafikatzaile sareen atzaparretatik atera ezinik. Hori guztia, Bruselako agintariek beste alde batera begiratzen duten bitartean.