Carmen Maganto Mateo, Psikologian doktorearen hitzak dira honako hauek, Hazi Heziren 5. zenbaki honetako elkarrizketa nagusian jaso ditugunak: “Gurasoek hazierako lehen zaintza kalitatezkoak eskaintzen dituztenean —babesa, esfinterren kontrolatzea, elikadura, jolasa…—, emozio positiboak sortzen dituzte haurrarengan eta, ondorioz, honek segurtasun eta konfiantza handiago izango du bere buruarengan eta baita ondokoengan ere”. Haurtzaroko bizipenek pertsonaren eraikun-tzan arrasto handia uzten dutela dio irakasleak. Alabaina, haurtzaroak teorian duen garrantziaren eta praktikan ematen zaion trataeraren artean kontraesana aurkitzen du EHUko irakasleak. Guraso asko eta asko “absente” ikusten ditu, estresaturik, eta nekaturik euren seme-alabez arduratzeko.
Haurraren ongizaterako ekintza ezinbesteko gisa aipatzen du Magantok jolasa. Eta olgeta izan da, hain zuzen ere, esku artean duzun aldizkari honetako gai nagusia. Zaila da haur batek jolasten ari denean sentitzen, ikasten eta gozatzen duena neurtzea. Baina, beste behin ere teoriaren eta praktikaren arteko kontraesanarekin egin dugu topo: teorian aitortzen zaio jolasak haurraren bizitzan —eta haren garapenean— duen garrantzia, baina praktikan espazioa eta denbora kentzen zaio haurraren jolasari.
Ez da aterabide errazeko korapiloa. Baliabideak (besteak beste laguntza ekonomikoa) urriak dira, gainera. Baina jabetzea teoriatik praktikarako bidea koherenteago egiteko lehen urratsa da.Eta horixe nahiko luke izan Hazi Heziren egitekoetako bat, hazieraz hausnartzeko tarte bat irekitzea, teoriatik praktikara bitarteko zuloak azaltzea eta, ahal den neurrian, betetzeko baliabideak ematea.