Kontraesana mahai gainean dago. Nola babestu 0-3 etapa baliabiderik ez baduzu?
Hazi Hezi aldizkariaren 10 zenbakietan idatzi izan dugu lehen haurtzaroak haurren garapenean eta helduekin eraikitzen dituzten harremanetan duen garrantziari buruz, eta oraingo honetan, zehazki eta sakonki garrantzi hori nolakoa den galdetu diogu Xabier Tapia ibilbide luzeko psikologoari: “Ikuspegi biologikotik gizakiaren kumea hu-tsala da beste animalia-kumeekin alderatuta eta ez da gauza bere gisa bizirauteko. Horrek, bere garuna heldugabea dela eta giza kumea bere kabuz aurrera egiteko gauza ez dela adierazteaz gainera, beste gizaki batzuen guztiz menpe dagoela erakusten digu. Baina paradoxa zein da? hasieran hain hutsala izanik, gero, giza harremanari esker ziurrenik, beste kumeen aldean, askoz gehiago garatzen dela, psikikoki batez ere”. Gai nagusian ere, familia barruko harremanei buruzko orrialdeetan Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta Miren Camison irakasle eta filosofoak etapa hori babestearen funtsezkotasuna nabarmendu dute. Camisonen aburuz, 0-3 etapa haurraren eta gurasoaren arteko “lotura osasuntsu bat egiteko etapa da”; hala erantsi dio Mendizabalek: “Haurraren beharrak asetzea eta lotura osasuntsu bat garatzea bere antolatzaileak osatzeko oso garrantzitsua izango da, gainontzeko alor guztietan segurtasunez eta konfiantzaz beterik agertzeko oinarria emango baitio, bai bere ikasketa eta garapenean, eta baita oraingo eta etorkizuneko harremanetan eragin zuzena izango duena ere”.
Eta nola babesten da hain garrantzitsua den etapa hori? Tapiaren erantzuna argia da: “Lehenengo eta behin baldintza materialak eta giza baldintzak behar dira. Teoria guztiak, azkenean, sosetan haragitzen dira eta inbertitu beharra dago, bai formazioan, bai giza baldintzetan eta baita materialetan ere”.
Alta, gai nagusian eta elkarrizketan, zeharka eta zuzenki lehen haurtzaroa babestearen garrantziaz ari ginelarik, iritsi zen albistea: “Bukatu egin da lana eta familia-bizitza uztar-tzeko Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen funtsa”. Eta ia eskuartean duzun aldizkari hau inprentara joan bezperetan, bestea: “Gizarte Segurantzako defizitari aurre egiteko neurri gisara, seme-alabengatik ematen diren laguntzak gutxituko ditu Frantziako Gobernuak”. 0-3 etapa babestea sistemaren ardura ez eta gurasoen egiteko balitz bezala jokatzen dute administrazioak. Nola babestu 0-3 etapa baliabiderik ez baduzu? Nola errespetatu lehen haurtzaroko beharrak gizarte-sistemaren lehentasunek laguntzen ez badizute?
SiiSeko zuzendari Joseba Zalakain soziologoa elkarrizketatu dugu Eztabaidagaian kontziliazio- eta familia-laguntzak aztertzeko. Norabidez aldatu behar dugula dio, iparraldera begiratu behar dugula; gizarte-babes-sistema alderantzikatzea proposatzen du: “Europako politika sozialak haurtzarora begira jarri dira. Hor dago gure gabezia, gure sistemak beste orientazio bat dauka. Hori aldatu eta haurtzarora bideraturiko inbertsioa izan behar da gizarte inbertsioa”.
Kontraesana mahai gainean dago. Ereduak ere argiak dira.