Bost urte bete ditu Hazi Hezik. Bost urte Hik Hasi egitasmo pedagogikoa erditu zela. Eskoletara bideraturiko hik hasi hezkuntza-aldizkariak haurride ttiki bat izan zuela. Bejondeizuela, eta eskerrik asko!

Baina orduan ohartu ginen, heziketa-gaiez ez eze haziera-gaiez aritzea eta etxeko komunitateari zuzentzea labainkorragoa zela. Lehen zenbakiarekin kritikak jaso genituen, mutur batekoak eta bestekoak, bigarren zenbakiarekin autokritikak etorri ziren, eta zenbakiz zenbaki hainbat horma jo genituen, eta min hartu, eta ziurrenik min egin, haziera- eta heziketa-gaiak  arantzatsuak direla ikusi genuen, tentu handiz ibili beharreko eremua dela, haziera gai sentibera dela, irakurlea biziki ukitzen eta hunkitzen duela. Beraz, hormarik gehiago joko ez bagenuen, eta min hartu eta minik egingo ez bagenuen, zutabe sendoak ezarri behar genituela erabaki genuen —lehen zenbakiaren zutabeak sendotu behar genituela—. Eta ikusi genuen zutabe nagusia, lehen printzipioa errespetua izan behar zela: haurrekiko errespetua; haurra izaki bakan eta bakarra, gaitasun, interes, ezaugarri eta erritmo propioak dituen eskubide osoko pertsona gisa errespetatu behar dela. Eta hori izan da alerik ale gairen bat jorratu dugun guztian presente izan dugun ikuspuntua. Hortik, hitz egin dugu sexuaz, elikaduraz, literaturaz, jolasaz, mugimenduaz, eta abarrez.

Bigarren zutabea irakurleekiko errespetua izan da. Eta gure irakurleak nagusiki emakumezkoak dira, bai bederen harpidedunak, eta asko amak. Exijentzia zero eta errespetu osoz idazten saiatu gara; euskarriak, erremintak, ikuspuntu desberdinak, haziera- eta heziketa-gaiak jorratzeko, balizko arazoak, estuasunak, ezinak gainditzeko tresnak ematea izan du bokazio aldizkari honek, enpatiatik, eta ez amei ezer exijitzekoa. Gisa honetako aldizkari askok kulpa-zama handia izan ohi dute, “hau egiten ez baduzu, zure seme-alaba halakoa izango da, edo ez da izango”... bada, kulpa eranztea izan da bigarren printzipioetako bat. Amatasuna lan mardula da, zaintza-lana, berez, ardura handikoa delako, eta gainera, sozialki karga handiz josia dagoelako gurean oraindik, karga soziala, tradizioaren eta idealen karga, baldintza sozioekonomikoen karga... eta amatasuna desokupatzeko, zamatik aska-tzeko eta amatasun osasungarriagoak eskaintzeko bokazioa izan du Hazi Hezik zenbakirik zenbaki. Eta horretarako, amatasun-eredu desberdinak azaldu dira orriotan —eta familia-eredu anitzak—, baina ahalegin handia egin da, halaber, gizonak ere zaintzan inplikatzekoa, zaintzaren garrantziaz kontzientziatzekoa eta aitatasun aktiboak sustatzekoa. Horra, hirugarren zutabea. Lehenik haurraren hobebeharrez, aita-amak —edo bi guraso— dituen haurrak behar eta eskubide duelako bi erreferenteen presentzia —eta ez erreferente bakar nekatuarena—; bigarrenik, beraz, emakumearen hobebeharrez, amak behar eta eskubide duelako zaintza partekatzekoa, zama osoa bere bizkar ez hartzekoa; eta hirugarrenik gizonagatik beragatik, zaintzaren ajeetan inplikatzeko betebeharra duelako eta alderdi eztiez gozatzeko eskubidea duelako.

Zaintza-lanaren garrantzia ikusteko eta ikusarazteko bost urte izan dira.  Hazi eta hezteko bost urte.