Denbora, presentzia eta haur txikien beharrak erdigunean jartzea eskatzen ditu hazierak.
Denbora, presentzia eta haur txikien beharrak erdigunean jartzea eskatzen ditu hazierak. Eta harremanean dago guztiaren gakoa Eider Gardek dioenez.
Non edo non bideopodcastaren 3. atalean Eider Garde, Arbizuko Kattuka haur eskolako hezitzailea eta 0-3 etapan aritua izan genuen gonbidatu. Onintza Enbeita bertsolariak egindako galderarekin abiatu genuen solasaldia: “Non edo non entzun dut umeei ez zaiela helduen erritmorik inposatu behar. Umeek mantsoago ibili behar dutela. Horrela al da?”.
Ume txikiek helduen bizi erritmoarengandik urrun dagoen erritmoa dutela erantzun zuen Gardek; gaur egun helduok dugun bizi erritmoa umeentzat bizkorregia dela eta horrek ez diela onurarik ekartzen. Honela azaldu zuen: “Jendarte kontsumista kapitalista batean bizi gara, produkzioari begira bizkor bizi behar dugu eta haur txikien beharrak alde batera gelditzen dira, nolabait. Askotan kosta egiten zaigu guraso izan aurretik genuen bizimodua alde batera uztea, eta guraso izateak dakarrenari egokitzeko zailtasunak daude”.
Haur txikien zaintza erdigunean jartzen da maiz, baina zaintzan baino, zaintzak sortzen dituen harremanetan dago gakoa. Zaintzak, gainera, ez du mekanikoa izan behar: “Hainbat zaintza mekanikoki egin daitezke eta leku askotan hala egiten dituzte: pardela aldatu, bazkaria eman, tronan 5-6 haur batera jarrita denei purea batera ematen… Egin daiteke, baina ez dator bat ez haurraren beharrekin eta ezta kalitatezko harreman bat eraikitzearekin ere”. Garderen hitzetan familia askok zailtasunak izaten dituzte harremanak eraikitzeko: “Haur eskolan badakigu garapen prozesuak nola lagundu eta harremanak nola eraiki. Hezitzaileok behaketan trebatuak gaude, garapenari buruzko ezagutza dugu eta familietan, agian, hori falta da”.
Jendarte kontsumista kapitalista batean bizi gara, produkzioari begira bizkor bizi behar dugu eta haur txikien beharrak alde batera gelditzen dira, nolabait
Eider Garde, Arbizuko Kattuka haur eskolako hezitzailea eta 0-3 etapan aritua
Gurasoek informazio ugari dute, eta informazioa beharrezkoa da, baina senari jarraitzeko beharra ikusten du Gardek: “Senetik deskonektatu gara eta berriro konektatu behar dugu, ezinbestean. Egin dezagun hoberen iruditzen zaiguna, hoberena dela sentitzen duguna. Liburuak eta metodoak albo batera utzi eta egin dezagun benetan gure seme-alabei balio diela uste duguna”. Ezin dugu aita edo ama perfektuak izan, hanka-sartzeak egitea onartu behar diogu geure buruari eta beharrezkoa denean, umiltasunez jokatzea eta haurrari barkamena eskatzea ere ongi dago Garderen hitzetan. Gurasook presioa eta errua sentitzen ditugu askotan, ordea: “Haziera hanka sartzea eta hanka ateratzea da; elkarrekin ikasten dugu. Haur jaioberri bat etxera iristen denean elkar ezagutu behar dugu, ezin da dena perfektua izan. Pazientzia izan behar dugu eta haurraren erritmora egokitu. Haziera ezin da klik batean egin. Gakoetako bat hori da”.
Senetik deskonektatu gara eta berriro konektatu behar dugu, ezinbestean. Egin dezagun hoberen iruditzen zaiguna, hoberena dela sentitzen duguna
Eider Garde, Arbizuko Kattuka haur eskolako hezitzailea eta 0-3 etapan aritua
Mezu kontrajarrien dantza
Informazioa iturri askotatik jasotzen dugu eta mezuak kontrajarriak izaten dira maiz: oraindik hitz egiten ez duen ume baten kasuan lasai egoteko eta hitz egingo duela esango digute batzuek, eta logopedara lehenbailehen bidaliko gaituzte besteek. Horri beldurra gehitu behar zaio; gure sema-alabak atzean geratuko ote diren beldur gara, hala izanez gero gaizki pasako dutela pentsatzen dugulako. Horrek haien lorpenak goraipatzera garamatza eta gurasoen artean lehia moduko bat sortzen da hainbat kasutan: “Nireak jada egin du, nireak jada badaki. Hori berretsi behar izaten dugu ez ditugulako atzerapen egoera batean ikusi nahi. Zailtasunen bat dagoenean dolu baten modura bizi dugu”. Eta kontuz garaia baino lehen haien kabuz egin ezin dituzten gauzak egitera bultzatzearekin: “Oinez ibilaraztea edo prest egon baino lehen esertzea, ez da komeni. Zer nolako gorputz eskema integratuko duen edo mugimenduan zernolako trebezia izango duen, aldatu egingo da eta kontuan izan behar dugu haurraren garapenean modu hain zuzenean eragiten dugunean, bizi behar dituen hainbat fase bizitzea galarazten diogula. Lurrean egotetik eserita egotera, garunaren garapenerako garrantzitsuak diren postura eta mugimendu batzuk daude tartean. Kontziente ez baldin bagara, maitasun guztiarekin egingo dugu, baina modu negatiboan eragingo diegu. Lehiak ez dio inolako mesederik egiten haurraren garapenari”. Atala Hik Hasiren YouTube kanalean duzue ikusgai.