Umeei, kalean, euren kasa jolasten uztearen garrantzia.
Jolasaren garrantzia izan zuen hizpide Francesco Tonucci pedagogo italiarrak Euskal Herrira egin zuen azken bisitan. Umeei, kalean, euren kasa jolasten uztearen garrantzia azpimarratu zuen Haurren hiria egitasmoaren sortzaileak.
Behin eta berriz azpimarratu izan du Hazi Hezik jolasaren garrantzia, eta Francesco Tonucci pedagogoak jolasari buruzko kezka agertu du, umeen bizitzetatik desagertzen ari delako. Italiar pedagogoaren ustez, horrek arazo handia ekarriko du etorkizunean: “Kostu pertsonal eta sozial izugarria izango du”.
Are gehiago, umeek ez dute bakarrik jolasten. Normalean, helduen begiradapean jolasten dute eta horrek ere eragina duela dio Tonuccik: “Jolasak autonomia behar du, ez da posible lagunduta jolastea; jolastu aditza utzi aditzarekin batera soilik elkar daiteke”.
Norabide horretan, umeak etxetik kalera ateratzeko beharra ere aldarrikatu du: “Umeek kalera atera behar dute ahalik eta azkarren, 3-4-5 urterekin, eskolara hasi aurretik. Lagunekin jolastera atera behar dute, ondoren etxean bizi izan dutena kontatzeko. Eta, jakina, ez dute dena kontatutako. Esperientzia hori ezin du beste ezerk ordezkatu, izan ere, badira soilik lagunekin jolasean, helduen begiradatik at ikasi eta ezagutu daitezkeen gauzak.
Pertsona batek aske denean eta jolasera egokitu behar duenean ezagutzen du bere burua, une horretan garrantzitsua baita noraino joan daitekeen ikustea, zer egin dezakeen, zer duen gustuko eta zer ez, zer ateratzen zaion ongi eta zer ez. Eta hori ezin da egin ez eskolan, ezta etxean ere.
Francesco Tonucci, pedagogoa
Tonucciren esanetan, arauekiko lehen harremana ere lehen urteetan esperimentatu behar du haurrak, gerora arazorik sor ez dadin: “Gaur egun arazo handia dugu nerabeekin, baina nerabezaroan lehertzen diren arazo guztiek haurtzaroan dute jatorria. Arazoak dituzten horiek munduari lehen aldiz aurre egiten dioten 14 urteko neska-mutilak dira. Arauak 3-4-5 urterekin urratu behar dituzte eta kalera ateratzen uzten diegunean, adierazten dieguna da hainbeste maite ditugula, ateratzen uzten diegula. Baina, jakina, portaerari, denborari eta espazioari dagozkien arauak jarrita”. Modu horretan, umeek ikasten dute arauak errespetatu behar dituztela: “Arauak errespetatzen dituzte, baina arauak urratzeko aukera dute. Eta, tarteka, arauak urratzea erabakitzen dute horrek dakartzan ondorioak onartuz. Batzuetan, zigorrak ere jasoko dituzte baina egin nahi zutena egiteak merezi izan duela pentsatuko dute. Eta puntualak izaten, besteak errespetatzen, haien burua errespetatzen… ikasiko dute. Kaleko jolasa, bizitzarako balio duen benetako eskola da”, dio Tonuccik.
Teknologia berriak eta etxeko lanak
Azken urteetan, alarma gorria piztu zaigu teknologia berrien eta pantailen erabilerarekin. “Haurrek okerrena topatzen dute hor. Beti bilatu izan dugu okerrena; gure haurtzaroan okerrena hutsala izaten zen, baina jakin-minak bultzatzen gintuen. Gaur egun ere jakin-minak bultzatzen ditu haurrak, baina pantailetan gauza txarrak topatzen dituzte”.
Horri guztiari aurre egiteko modurik badela uste du Tonuccik: “Umeek lagun fisikoak izan behar dituzte eta haiekin egon behar dute egunero. Lagun bat sakelako telefonoa baino hobea izango baita, beti”.
Garrantzitsua da, beraz, helduok jolaserako denbora eta espazioak uztea: “Jolasaren motore nagusia plazera da eta helduoi zaila egiten zaigu hori ulertzea, familia eta eskola betebeharrarekin konektatuta daudelako eta betebeharra plazera baino motore ahulagoa delako”. Haurrek dituzten betebeharren artean etxeko lanak izaten dira, maiz, eta horiek jolasteko denbora kentzen dietela eta galdera luzatuta amaitu du pedagogoak: “Umeek ez dituzte etxerako lanak atsegin eta ez dut ulertzen zergatik tematzen den eskola horrekin. Irakasleek esaten didate gurasoak direla orain etxerako lanak eskatzen dituztenak, baina hori nahikoa arrazoi al da umeei etxerako lanak bidaltzeko? Gurasoek, matematikarik ez emateko eskatuko baliete, irakasleek matematika baztertuko al lukete?”.