Osasun krisiak eragindako konfinamendua eta alarma-egoerari aurre egiteko gako interesgarriak eman zizkigun Alvaro Beñaran psikomotrizistak itxialdiaren hasieran egin genion elkarrizketan. Haurren garapenaz, ikasketa-prozesuaz eta guraso zein irakasleen rolaz egiten dituen hausnarketak ekarri ditugu hona, larrialdi-egoera batean ez ezik, eguneroko bizitza bizigarriago egiteko interesgarriak baitira.
Alvaro Beñaran ASEFOP Europako Psikomotrizitate Praktiketako Eskolen Elkarteko lehendakari eta Bergarako Luzaro Psikomotrizitate Eskolako formatzailea da, eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren 0-6 urte arteko hezitzaileen formazio zikloko koordinatzaileetako bat da. Krisi-egoera honetan, nork bere behar indibidualak ase ostean, komunitateari begiratzeko momentua dela uste du, gizartean daukagun funtzio sozialari heltzekoa, eta bokazio horretatik erantzun ditu Hik Hasi egitasmoak egindako galderak.
Konfinamendu-egoerak, etxetik atera gabe luze egoteak, hainbat arlotan eragiten die umeei. Mugimendu beharra dute, kontaktu beharra dute, harremanak… egoera honetan zein premia nagusi dituzte umeek urratuak?
Egoera zail honetan argi izan behar dugun lehen gauza da, gure bizitzan aldaketa handia dakarrela. Gure gizarte-egituran, haurrek ordu asko pasatzen dituzte gurasoengandik urrun, eskolan edo eskolaz kanpoko jardueretan. Hortxe dugu lehen aldaketa handia: orain 24 orduz familian egongo dira haur horiek. Beraz, familiek baliabide berriak beharko dituzte euren umeekin egun osoan egoteko, umeekiko maitasuna ez baita nahikoa egunari aurre egiteko. Soluzio eta erantzun praktikoak behar dituzte orduz ordu egoera berri honetan bizitza aurrera eraman ahal izateko.
Familia bakoitzak egoera honen aurretik zeukan egoera oso garrantzitsua da, eta asko baldintzatuko du egonaldia. Egoera ona baldin bazen, errazagoa izango da egoerari aurre egitea; zailtasunak zituzten familiek zailago izango dute, baina aukera bat ere izan daiteke, gauzak ongi bideratzen saiatzeko.
Mezu hau garbi utzi nahi dut: helduok oso inportanteak gara haurrentzako, ez gara dena izan behar eta ez dugu denbora guztian gainean eta eusten egon behar, baina zaindu egin behar ditugu haurrak, eta zaintzen baditugu eta gure jokaerak zaintzen baditugu, eramangarriagoa egingo zaie egoera; gu gara filtroa. Helduengan dago gakoa. Itxialdi honek haurrengan gehiegizko ondorioak ez izateko helduen galbahe-lana funtsezkoa da. Haurrak zaintzen dituzten helduen eskuetan dago errealitatea filtratu eta egoera hau jasangarriagoa egitea. Horretarako, funtsezkoa da haurrekin etxean dauden helduen arteko elkarlaguntza, elkarlana eta elkarzaintza. Haurrak zaindu ahal izateko, haur horiekin dauden helduek elkar zaindu behar dute. Esate baterako, haurrak oheratutakoan helduek eurentzako denbora hartu behar dute, hitz egin, lagundu, hurrengo eguna lasaitasunean prestatu, zaletasunak mantendu, atseden hartu… zaindu helduen espazioa, gero haurrak zaindu ahal izateko. Bilatu sistemak helduok ahalik eta ondoen egoteko.
Gure haurrak nolakoak diren ikusteko momentu ona da
Haurrei begira, 0-8 urte bitarteko haurrek, mugimendua, jolasa, ekintza, helduekiko harremana behar-beharrezkoak dituzte. Beraz hori guztia zaindu egin beharko dugu, eta mugimendua, jolasa, ekintza eta harremanak mantentzeko moduak bilatu beharko ditugu. Alde praktikoari begira, kontura gaitezen egoera berezi honetan eszitazio handia sortu dela hasieran, dena izan baita ezustekoa. Oinarrizko egitura bat eman behar diogu bizitza berri honi. Egitura horretan momentu alaiak egongo dira, baina momentu guztiak ez dira horrelakoak izango, eta festa momentuez gain, errutinazkoak egongo dira, eta bi horiek orekatzeko ahalegina egin behar dugu.
Etxe askotan, ordea, zail da zuk diozun egitura hori mantentzea, familiaren ezaugarriengatik, ahalmenagatik, gurasoen egoeragatik, lanagatik… Irakasleak nola lagundu dezake? Zer garrantzia izan dezake egoera honetan irakaslearen erreferentziak?
Irakasleen rola bikoitza da egoera honetan. Batetik, batez ere 6-7-8 urte bitartean, familiei lagundu behar diete umeen ikaste-prozesuan. Erremintak eman behar dizkiete familiei eta etxeko lanetarako gomendioak eta ideiak ematea interesgarria da
—marrazkiak, ipuinak…—. Ikaste-txeek hartu behar dute ardura familiei euren haurren ikaste-prozesuan lagunduko dieten egoera aberatsak sortzen laguntzeko. Familiei laguntzeko momentua da, material didaktikoak eta ideiak emanaz egin dezakete euren ekarpena, beraiek dira alor horretako profesionalak. Sare sozialetan ideia asko daude, gehiegi, eta batzuk ez dira gomendagarriak. Beraz, hezkuntza zentroek lan interesgarria egin dezakete gomendioak filtratzen.
Bestetik, teknologia berrien bidez irakasleen eta haurren arteko harremana mantentzea interesgarria da, hezitzaileek teknologia berrien bidez kontaktua egin eta irakaslea etxeko telebistan ikustea, esate baterako, handia litzateke haurrentzako. Hezitzaileak beraiekin gogoratzen direla ikusteak asko lagunduko die haurrei, eta badaude horretarako sistemak.
0-2 urte bitartean, haurrek euren gurasoekin nahikoa dute, baina gero, haurrak kozkortu ahala, irakaslearekiko harremanez gain, gelako beste familien artean harremanak mantentzea ere interesgarria da. Beste haurrak ikusteak on egingo die, eta horretarako bai, balia ditzagun teknologia berriak. Orain arte teknologiak oztopo izan dira askotan gure arteko harremanetarako, eta orain da unea teknologiak ondo baliatzeko eta harremanak mantentzeko erabiltzeko.
Horrez gain, azken urteetan ukitzen ari garen debate bat mahai gainean jarri du egoera honek: indibiduala eta komunitatearen zaintzarena. Itxialdiaren hasieran, irakasleok eta, oro har, denok, geure buruaz arduratzeko lana hartu dugu lehenik. Baina hemen arazo komunitario bat dago, eta horri ere heldu egin behar diogu: nik nirea bideratu dut, orain has gaitezen komunitate mailan pentsatzen. Irakasle bezala gure biziak antolatu baditugu, orain heldu diezaiogun berez gizartean daukagun funtzio sozialari, eta saia gaitezen egoera berri honetan ere lan sozial hori egiten. Behar indibidualak eta komunitatearenak orekatu behar ditugu.
Halako krisi-egoeretan, eskolaren eta familiaren arteko harremana inoiz baino garrantzitsuagoa da, ezta?
Bai, eskolak ez du ahaztu behar bere funtzioa. Harreman horiek mantentzeko sistemak bilatu beharko lituzke. Sortzaileak izateko momentua da, eta haurrek ikus dezatela hezitzaileek gogoa daukatela beraiekin harreman hori mantentzekoa, ez dela lan soil bat eta orain lanik ez dagoenez, ahaztu direla beraietaz.
Ikuspuntua, nire ustez, bidelagun izatearena da: nola lagundu diezaiekegu haurrei eta familiei une honetan? Krisi honetan, profesional bezala, eta zentro bezala profesional talde bezala, zer egin dezakegu familiei laguntzeko? Gainera, kontuan izan behar dugu haur guztiak zentroetara bueltatuko direla. Nola bueltatuko dira? Zer egingo dugu orduan? Guztioi komeni zaigu haur horiek ahal den ondoen egotea, eta ahalik eta gutxien kargatzea. Egoera hau ez badugu ongi bideratzen elkarrekin, arriskua dugu elkartzen garenean leherketa handiak bizitzekoa.
Familia bakoitzak bere estiloaren arabera egingo ditu gauzak, orain ezin dute beste familia bat izan. Saiatu gaitezke gauza batzuk xehetzen, egoera berezia izanik aldaketak egin behar ditugu, baina bakoitzak bere estiloan. Niretzat garrantzitsua da marra gorriak ezartzea: haur txikiei ez zaie gehiegi exijitu behar, ez da momentua, 6, 7, 8 urte bitartean ez dago ikaskuntza exijentzia gehiegi edukitzeko beharrik. Horregatik garrantzitsua da zentroek markoa ematea familiek egoera estimulagarriak sor ditzaten. Marra gorri bat gehiegizko exijentziarena da, eta beste marra gorria da une oro festa batean bageunde bezala bizitzea.
Berez haur batek, berak teknologia erabiltzeko eta ez alderantziz, teknologiak bera erabil ez dezan, 11 urte baino gehiago izan beharko lituzke, lehenago, haur txikiagoek ez daukate aski tresna beraiek menderatu ahal izateko teknologia
Irakasleak online eta guraso asko telelanean... haurrentzako eta familientzako ez da erraza horrelako egoera batean eskolako martxa jarraitzea.
Adin hauetako haurren kasuan [8 urte bitarte], egiteko nagusia ez da hainbeste eskolako curriculuma betetzea eta materia aurreratzea, baina haur hauek ikasteko estimulua mantentzea interesgarria da, irakurtzea, idaztea, zenbakiekin jolastea… beti ere familiako ekintza bezala, gurasoek ezin baitute profesional bihurtu goizetik gauera.
Egoera honetan, normala den bezala, gurasoak egongo dira arduratuta ea euren seme-alabak ikasketa-prozesuan atzera geldituko ote diren, eta ikastetxetik esaten dieten horretan konfiantza izan behar dute. Hor kokatzen dut nik zentroen egitekoa, filtroa, gomendioak, zaindu familiak… Orain dugun informazio ekaitza ikusirik, ikastetxeek filtro rol hori jokatu dezakete: gurasoei eman ondo zaindutako gomendioak, lagundu ekaitz honetan ez galtzeko. Horretarako familiekin presentzia eta komunikazio bat izan behar du irakasleak, haurren ikaste-prozesuak antolatzen laguntzeko.
Mugimendua galarazita edo mugatua edukitzeak, ikusten dugu askotan haserrea errazten duela… Zer lotura dauka mugimenduak eta egoera emozionalak haurren kasuan?
Mugimendua eta emozioak dena batera doaz haur txikiengan, beraz, kasu honetan helduoi dagokigu gure emozioez gain haurren emozioak ez epaitzea, ez zapaltzea eta bidea ematen eta kontenitzen saiatzea. Leherketak ahalik eta gutxien gerta daitezen, eguneroko estruktura asko zaindu behar dugu. Mugitzeko eta jolasteko aukerak eman behar dizkiegu, planifikatu une horiek.
Gure haurrak nolakoak diren ikusteko momentu ona da, haurrei gustatzen zaizkien gauzak partekatzeko momentua da, dinosaurioak gustatzen zaizkiela edo kotxeak, edo dena delakoa… partekatu zaletasun horiek eta lagundu beraien gauza horiek espresatzen eta bideratzen, bihurtu zaletasun horiek komunikazio eta harremanerako giltza. Partekatzeko eta komunikatzeko momentuak areagotzen baldin baditugu, egoera zailak gehiago kontenituko dira.
Itxialdian segur aski pantailen erabilera asko handitu da. Haatik, urte osoa pasatzen dugu pantailen arriskuaz hitz egiten… Halako egoeretan pantailak hainbeste bultzatzea ez ote da kontraesankorra?
Badago gauza inportante bat jakin behar dena: berez haur batek, berak teknologia erabiltzeko eta ez alderantziz, teknologiak bera erabil ez dezan, 11 urte baino gehiago izan beharko lituzke, lehenago, haur txikiagoek ez daukate aski tresna beraiek menderatu ahal izateko teknologia. Hori da abiapuntuan kontuan izan behar duguna, eta ez da errespetatzen.
Gaur egun hilabeteak dituzten haurrekin ere pantailak erabiltzen dira, baina kontuan izan behar dugu lehenengo 2-3 urteetan haur bat teknologiaren aurrean uzten badugu pantailako irudiak jasotzen lasaitu dadin, jan dezan… bere estrukturan teknologia sartzen ari garela, eta teknologia ordezkatzen ari dela bere estruktura pertsonala. Haurrak berak garatu behar dituen baliabide pertsonalak ordezka ditzake teknologiak, haurra ez baita ari jasotzen helduarengandik baliabide pertsonalak eta harreman pertsonal bat, teknologia ari da hori guztia ordezkatzen, beraz, haurra barneratzen ari da lasaitzeko, ondo egoteko, jateko… teknologia behar duela, berak ezin baitu garatu baliabide autonomo hori pertsona bezala. Adin horietan oso arriskutsua da haurrak pantailen aurrean uztea.
Gero, 3 urtetik 8 urtera bitartean, haurrek ez dute teknologia modu autonomoan erabili behar, beti helduek bideratua izan behar da eta denbora aldetik ondo neurtua. Teknologiak ez ditu gizakiaren baliabideak eta aukerak ordezkatu behar, laguntzeko erabili behar da, eta haurrek euren kabuz ezin dute erabili 11-12 urtera arte. Lehenago haur bat uzten baduzu pantaila baten aurrean, pantailak menderatuko du haurra.
Egun hauetan teknologiak erabiltzeaz ari garenean esaten dugu baliatu behar ditugula fisikoki posible ez ditugun harremanak sortzeko, beste familiekin egoteko, lagunekin egoteko, hezitzailearen erreferentzia mantentzeko… eta zerbait ikusi behar badugu telebista aurrean, elkarrekin ikusi, pelikula bat, dokumental bat… elkarren ondoan eserita edo besarkatuta, une goxoa izan dadila guztiok atseden hartzeko. Ez utzi haurrak pantailaren aurrean orduak eta orduak bakardadean, une zail hauetan inoiz baino gutxiago.