DOMU SANTU BEZPERAN EUSKAL HERRIETAN EGITEN ZIREN JAIAK AZTERTU DITU ANTROPOLOGOAK, ETA ORAIN NERABEENTZAKO LIBURUAN JORRATU DU GAIA. 

Antropologiatik gerturatu zinen lehenik Gau Beltzera, eta fikziora eraman duzu orain. Zergatik du gai honek halako interesa zuretzat?
Gau Beltzaren “Itzalitako kalabazen berpiztea” ikerketa egin nuen Jaime Altunarekin batera, eta UEUren bitartez liburu formatuan publikatu zen. Hitzaldiak ere eman ditugu, baina gure ikerketaren parte izan diren gaztetxoei ere itzuli nahi nien emaitza, eta hau egiteko “Gau Beltza” ipuina sortzea bururatu zitzaidan. Nire interesa, ikerketa bestelako hizkera eta formatoan gazteei itzultzea izan da.

Gau Beltza aspalditik ospatzen da Europan, baina AEBtatik bueltan eta Halloween forman hartu du indarra. Zein izan da jai honen bilakaera?
Samhain  festa zeltiarra da, Halloween, Gau Beltza eta Arimen Gaua izenarekin ospatzen diren jaien jatorria. Aintzinako Europa guztian zehar zabalduta zegoen ospakizun honek udaren amaiera eta neguaren hasieraren mugarria finkatzen zuen: urteko aldi “hilaren” hasiera, non lur eta bizidunek lo egiten zuten udaberriaren zain. VIII. mendean Gregorio III.a, eliza katolikoaren buruak, kristau martirien eguna azaroaren 1ean ipini zuen, Samhain festaren egun berean. Geroztik, kristau egutegiaren ospakizun egun garrantzitsu gisa finkatu da. Orduan aldatu zen egunaren izena ere: All Hallow’s Eve; santu guztien bezpera, ondoren Halloween izen laburtuarekin ezagutuko zena. XVIII. mende amaieran ingeles eta irlandar etorkinek eraman zuten Halloween ospakizuna Ipar Amerikara eta XIX. eta XX. mendean zehar “amerikar identitate berriaren” tradizio propio gisa finkatzeko eta batasun kultural bat sortzeko elementu garrantzitsua bihurtu zen. Egun, Ameriketako Estatu Batuetako urteko egutegian garrantzia duen ospakizuna da. Oihal kristau eta kapitalista batek estaltzen duten jentil jai honek, beraz, funtzio bat du: urteko aldi hilaren etorreraren berri ematea, hildakoak gurtzea, hildakoak gogoratzea edo bizidun eta hildakoen arteko harremana ospatzea.
Kalabaza aurpegi festarekin ikustean, Halloween etortzen zitzaigun askori burura. Baina halako batean, helduenen ahotik entzun dugu, haurrak zirenean, kalabaza edo arbiak baratzetatik ostu, hustu, aurpegi forma eman eta bide bazter eta bide-gurutzeetan jartzen zituztela jendea izutzeko. Gure ikerketaren arabera, oso praktika zabaldua zen Euskal Herrian. Udazken guztian zehar egiten zen bihurrikeria zen, jolasa, garai horretakoak baitira arbi eta kalabazak, baina urriaren 31n, eta azaroaren 1ean eta 2an gehiago ugaritzen zena, testuinguru erlijiosoan, arima eta hildakoak etortzen zireneko ustea eta sinesmena zegoelako.

Anarik, zure liburuko protagonistak, Halloween ospatu nahiko luke, amak ez du nahi, atzerriko jaia delako. Etxe askotan gertatzen den eszenatik abiatu zara, ezta?
Bai, bai... hitzaldiak emateko deitzen digutenean, askotan egoera berbera da: umeak Halloween ospatzen hasten dira, helduak urduri jartzen dira eta beste zerbait eskaintzea nahi izaten dute. Haurrek gauza handi bat egin dute. Alde batetik, askotan aipatzen dugun euren autonomia eta agentzia praktikara eramaten dute, hau da, beraiek bakarrik antolatzen dira festa bat sortzeko: ordutegia, zer egin, nola egin... kasu honetan Halloween. Ekin-tza horrek ekarri du gure adinekoak haurrak zirenean kalabazekin jolasten zirela jakitea, eta baita ondorengo ikerketa eta Gau Beltza jaiak. Hori mundiala da!

Liburuarekin Gau Beltza ospakizuna biziberritu ere egin nahi izan duzu?
Nire helburua ikerketa bat zabaltzea da. Antropologia munduan, askotan, testu akademikoetara mugatzen gara. Nik uste, beste hizkera eta tresna batzuk erabiliz, gizarteak interes asko izan dezakeela ikertzen ditugun gaietan, eta horretan esfortzua egin behar dugula. Liburuarekin antropologia gazteengana hurbildu nahi dut, antropologia irakurriz gozatzea beraiek; hori da nire helburua.