Haurren aurrean helduak heldu ekimena egin du Euskaltzaleen Topaguneak azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean. Ulertu nahi duenarentzat, dena esana dago. Hizkuntza ohituretan eragiteko kanpaina izan da, haurren inguruko helduei bideratua: haurrek euskaraz egin dezaten nahi badugu, helduok ere hala egin behar dugu helduon artean. Oso sinplea. Baina beti egiten ez duguna.

Kontzientzia ariketa bat proposatu du kanpainak. Izan ere, ohitura eta inertzia dira euskaraz egin daitekeen guneetan ere erdaraz egitera eramaten gaituztenak, Kike Amonarrizek Paula Kasaresekin eta Garbiñe Ubedarekin batera Martin Ugalde kultur parkean egin zuen solasaldian azaldu zuenez. Ohiturak eta inertziak aldatzeko, kontzientzian eragin nahi du Topaguneak. Umeen erreferente garen helduongan hizkuntza praktiken inguruko hausnarketa bultzatu nahi izan du Topaguneak, “hizkuntza portaerez jabetzeko”.

Gotzon Barandiaran idazle eta kultura dinamizatzaileak ere helduen kontzientzian eragiteko beharra ikusi du haurrak euskal kulturan hazi eta hezteko Gai Nagusirako elkarrizketatu dugunean. “Guraso bezala ariketa teoriko bat egin behar dugu: gu gara transmisiorako hiru kanal garrantzitsuetako eragile inportanteenak, eta horren kontzientzia hartu behar dugu: dantza eskolara bidaltzen ditugu haurrak; musika eskolara; (…) baina gero, guk zer kontsumitzen dugu? Zer harreman daukagu guk musikarekin? Joaten al gara elkarrekin kontzertuetara? Etxean entzuten al dugu musikarik?".

Ai, helduak heldu bagina beti.

Eta helduak heldu bagina pantailen aurrean! Elkarrizketa nagusian mezu berbera ematen digu Anna Ramis pedagogo kataluniarrak: “Lehenik eta behin helduok zer egiten dugun behatu behar dugu (…) haurrari pantaila aurrean zenbat denbora egoten utziko diogun edota zer nolako edukiak onartuko ditugun pentsatu aurretik, guk nola jokatzen dugun pentsatu behar dugu, eta ea zenbat denbora hartzen duten pantailek gure bizitzan”.

Helduok heldu izan gaitezen haurrak haur izan daitezen.