Mireia Delgado, pedagogoa eta literatur bitartekaria.
Irakurketa sustatu baino, haurren irakurketa errespetatu egin behar dugula dio Mireia Delgado pedagogo eta literatur bitartekariak. Liburuak gai zehatzak lantzeko erabiltzea ez du gustuko eta irakurketari benetako askatasuna eman behar diogula uste du.
Pedagogoa, literatur bitartekaria, ipuin kontalaria eta Galtzagorri elkarteko kidea da Mireia Delgado (Durango, 1984). Mireiaren hariak izeneko egitasmoa gidatzen du eta horren parte dira hainbat herritan gidatzen dituen irakurketa taldeak, haurrentzat zein helduentzat egiten dituen ipuin kontaketak, formazio saioak… Denak dira literaturaren matazaren hariak eta hari horien joskintza da Delgadoren lana. Ipuinak kontatzea liluragarria dela dio eta gozatu egiten du bitartekari gisa irakurketa taldeak dinamizatuz.
Besteak beste, literatur edo irakurketa bitartekaria zara. Azalduko al diguzu zein den bitartekariaren funtzioa?
Bitartekaria obraren eta pertsonaren artean kokatzen den pertsona da, benetan tarte horretan dagoena: ez da ez bataren eta ezta bestearen alde kokatzen. Hala ere lan oo subjektiboa da. Edozein kasutan, ez du balio liburuaren defendatzaile sutsua izatea ez baldin badituzu pertsona bera eta hari egin diezaiokeen ekarpena kontuan hartzen. Eta alderantziz: pertsona soilik begiratzen baldin baduzu, oso zaila da obrara heltzea. Bitartekariak obra jakin bat gerturatzen dio pertsonari, eta kontrako bidea egiten du: pertsona obrara gerturatzen du. Niretzat jolas hori munduko gauzarik interesgarriena da. Kokapen bat da, egoteko modu bat eta begiratzeko modu bat, bai obra, eta baita pertsona edo pertsonak ere. Eta ulertu behar da liburu bat pertsona bati eramateko hautatzen duzun bidea eta beste pertsona bati eramateko hautatzen duzuna ez dela sekula berdina izango. Zein da arrakastaren sekretua? Pertsona horien begiradaz kontziente izatea eta errespetu osoz aritzea, berdin du 3 urte edo 73 urte dituzten.
Obra bat hartzen duzu eta irakurketa talde batera eramaten duzu, baina talde horretan pertsona oso ezberdinak daude. Obra bera pertsona horiei guztiei egokitzeko ezagutza lan handia dago atzean; ez obraren ezagutza soilik, baizik eta pertsonengana gerturatzeko borondate handia ere bai. Nola egiten duzu lan hori?
Bai, ez da liburuaz hitz egitea soilik; pertsonak eta haien zaletasunak ere ezagutu behar dituzu. Jakin behar dut, esaterako, pertsona bati deskribapenak oso astunak suertatzen zaizkiola, baina nik deskribapenetan topatzen dudan edertasuna berak dastatzea nahiko nuke, adibidez. Ez nirea hobea delako baizik eta berak hori dastatzea nahi dudalako. Edo badakit elkarrizketak maite dituela elkarrizketek irakurketari berak behar duen martxa ematen diotelako. Bitartekariak oso adi egon behar du hori guztia jakiteko eta taldea osatzen duten pertsonak ezagutzeko.
Eta egoa ez da lagungarri bitartekariaren lanean. Zure obra kuttunen bilduma batekin gerturatu zaitezke haur talde batengana eta agian haur horiek ezetz esaten dizute eta zure proposamena ez zaie batere interesatzen. Une horretan bi aukera dituzu: zure egoari kasu egitea eta aukeratutako liburu horiek oso ederrak direla esatea —baina umeak galdu egin dituzu— edo zergatik ez zaien gustatzen galdetzea. Modu horretan, agian, irakurle horien beste alderdi bat ezagutuko duzu eta gehiago gustatu dakiekeen zerbait eskaintzeko bidea zabalduko zaizu. Edo, beharbada, ezezkoa bera izan liteke obra jakin horretara heltzeko bidea. Maite ez duen horri heldu diezaiokezu eta bukaeraraino joan. Eta ez hartu inoiz ezetza zerbait pertsonala bezala; zeren gertatzen den guztia ez da zure kontrakoa, haien aldekoa baizik.
Gaztetxoen irakurketa taldeetan askotan esaten didate nik sekula aukeratuko ez nukeen zerbait irakurri nahi dutela, baina ez diet inoiz ezetzik esaten. Horrelakoetan nire lana da pentsatzea nondik aterako dudan haria haiek nahi dutena nik nahi dudanarekin lotzeko.
Gorroto dut liburuekin zerbait lantzearen ideia hori. Liburuak, zer lantzeko? Liburu batetik zerbait zehatza atera beharko luketela esaten baldin badiegu, hori atera dutela esango digute
Pasio handiz hitz egiten duzu zure lanari buruz. Nondik datorkizu literaturarekiko zaletasun hori?
Gaztetan obra jakin batzuk sekulako aterpea izan ziren niretzat. Niri pertsonak, bizitza eta pertsonen arteko harremanak interesatzen zaizkit. Hori guztia korapilatsua izaten da eta korapilo horien hariak fikzioan topatzen dira maiz; izan literaturan, izan zineman, izan artelan baten atzean dagoen oinarrian. Hori da interesatzen zaidana.

Txikitatik al duzu zaletasuna? Ala gerora garatu zenuen?
Intermitentea izan da. Irakurketa beti gustatu izan zait, ezagutzarekiko pasioa dut, gauzak jakin eta ulertu nahi ditut eta une batzuetan gehiago edo gutxiago irakurri dudan arren, beti egon naiz liburuekiko zaletasun, pasio eta desira horretatik oso gertu, liburuak niretzat aterpe ere izan direlako.
Baina uste dut gutxi garela txiki-txikitatik irakurle garenak. Oso jende gutxi da irakurle nekaezina sei urtetik aurrera; joera naturalena intermitenteagoa da. Badirudi haurrek orain irakurtzen ez badute betirako galdu ditugula, irakur dezaten tematzen gara eta kontrakoa lortzen dugu. Gainera, liburu bat irakurtzean zerbait zehazki ulertu behar dugula pentsatzen dugu eta haiek hori bera ulertzen ez baldin badute, ez gara ongi sentitzen. Album ilustratu bat irakurtzen diezu eta zuk jada badakizu zer eta nola gertatzen den, eta haurrari, agian, bururatuko zaio esatea norbait haserre dagoela irudi batean hala ikusi duelako. Baliteke helduarentzat hori trama nagusiaren elementu garrantzitsua ez izatea eta helduok gai gara hori horrela ez dela edo horrek garrantzirik ez duela esateko. Baina, nola ezetz? Hori ez al dago irudian? Mesedez, errespetuz joka dezagun. Detaileetan arreta jartzea garrantzitsua da, eta helduok gaitasun hori galdu dugu. Liburua zehazki zertaz doan jakin behar izaten dugu esaten den horrekin ados gauden ala ez erabakitzeko.
Zer egin dezakegu gurasook etxean seme- alaben irakurzaletasuna sustatzeko? Sustatu egin behar dugu ala ez?
Sustatu baino, errespetatu da hitza. Oso bitxia da helduok haurrei irakurtzen diegunean, beti gehiago nahi izaten dutela. Hori gustuko dutenaren seinale da. Helduok ulertzen dugu umeak deskodifikatzen hasten diren unean irakurketa haien esku gelditu behar dela eta haien esku uzten dugu, askotan intentzio onarekin. Baina katebegi bat falta da, dena irakurtzetik ezer ez irakurtzera pasatzen baikara. Animatu behar ditugula pentsatzen dugu, baina proposatu beharko genukeena beste kokapen bat da: haien ondoan jarri beharko genuke eta haiekin irakurtzen jarraitu beharko genuke, askotariko irakurgaiak eskaini eta liburuak aurkeztu: zeri buruz hitz egiten duen esan, izenburua ulertu ote duen galdetu… Batzuetan eskaintzen duguna zailegia da eta horma erraldoi baten aurrean jartzen baldin baditugu, ezetz esango dute.
Garrantzitsua da, beraz, txiki-txikitatik haiei irakurtzea eta haiekin batera irakurtzea?
Etxean haurrarekin irakurtzen dugunean, ez dakigu nora helduko garen. Eta benetan hor kokatzen garenean, gauza politak gertatzen dira. Helduok askotan liburuak suntsitzen ditugu; liburu batean zerbait gertatzen da eta pentsatzen dugu aukera paregabea dela gairen bat lantzeko. Gorroto dut liburuekin zerbait lantzearen ideia hori. Liburuak, zer lantzeko? Liburu batetik zerbait zehatza atera beharko luketela esaten baldin badiegu, hori atera dutela esango digute. Gure joera da umea putzu batean erori baldin bada, bihar putzu batera erori den ume bati buruzko ipuina eskaintzea lasai egon dadin. Eta hori ez da bidea; hain agerikoa den zerbait ez, mesedez. Haurrak liburuan topatu duena errespetatzea oso garrantzitsua da. Heldu batek bestelako irakurketaren bat egingo balu, esango genioke guk ez dugula horrela ulertu, baina errespetuz. Bada, umeekin gauza bera.
Irakurketari benetako askatasuna eman behar diogu; haurrek esan dezatela nahi dutena liburuei buruz eta adierazi dezatela zer ulertu duten. Ezer ez ulertzea edo gustuko ez izatea ere baleko aukerak dira. Eta argi izan behar dugu irakurtzen ez baldin badute, hori ez dela betirako arazo bat izango.
Irakurketari benetako askatasuna eman behar diogu; haurrek esan dezatela nahi dutena liburuei buruz eta adierazi dezatela zer ulertu duten
Nola lagundu dezakegu irakurketa?
Zeri begiratzen dioten ikustea garrantzitsua da, tarteka gure ekarpenak egiteko. Eta irakurtzen ari garena haiekin partekatzea ere oso polita da. Era berean, egokia da liburu horrek izan ditzakeen zailtasunak aurretik aipatzea. Guk normalean kontrakoa egiten dugu: oso polita dela eta gustatuko zaiela esaten diegu eta liburuak ulertzeko zaila izan daitekeen ideiaren bat baldin badu, badaezpada ere ez diegu esaten, uxatuko ditugulakoan. Gozatzeko giltza eman behar diegu. Bestela, nola errepikatuko dute? Haien aurrean jartzen gara beti eta ea leku jakin batera helduko ote diren pentsatzen dugu, baina ondoan jarri beharko genuke. Eta guk ere irakurketekin harritzeko gaitasunari eutsi beharko genioke; ez baitakigu dena eta irakurketa bakoitza berria baita.

Haurrentzat eta gaztetxoentzat eredu izatearen garrantzia aipatu ohi dugu. Errazago hartuko al dute liburu bat esku artean gu ere irakurtzen ikusten baldin bagaituzte?
Zalantza dut horrekin. Duela urte batzuk baietz esango nizukeen, baina orain zalantza dut helduok irakurtzeak ala ez hainbeste eragiten ote duen. Uste dut garrantzi handiagoa duela euren esku zer uzten dugun. Kirolariak ez diren arren seme-alaba oso kirolariak dituzten guraso asko ezagutzen ditut, eta seme-alabak kirolariak dira gurasoek bide horretan lagundu dietelako. Nik uste dut garrantzi handiagoa duela bidean nola laguntzen diegun, eredu izatea baino.
Haurrek eta gazteek gutxi irakurtzen dutela pentsatzen dugu maiz. Hala al da?
Haurrek eta gazteek irakurtzen dute, baina agian ez dute guk nahi duguna eta guk nahi dugun kantitatean irakurtzen. Irakurtzea zer den eta zer ez den oso estereotipatua dugu eta, horren ondorioz, irakurle pila bat galtzen ditugu bidean. Askotan esaten dugu ez dutela irakurtzen, baina ez dakigu benetan horrela den ala ez. Mezuak irakurtzen denbora asko pasatzen dute, adibidez, eta gazteek serieak jatorrizko bertsioan ikusten dituztenean, azpitituluekin ikusten dituzte batzuetan. Nik uste dut hori ere irakurtzea dela. Askotan esaten da gazteek ez dutela irakurtzen eta baieztapen horren kontra nago, guztiz. Zer irakurtzen duten begiratu behar dugu. Galdetzen dugu ea zer egin behar dugun gazteek irakur dezaten, baina galdera da: zertarako irakurtzen dugu guk? Nik esango nuke autonarrazioa egiteko, kokatzeko eta ulertzeko, eta gazteek gauza bera bilatzen dute.
Bestalde, oso markatuta dago gazteek adinaren arabera zer irakurri behar duten. Malgutasun handiagoa behar da, zeren adinaren araberako sailkapena zenbait gauza irakurtzeko oztopo bihurtzen da. Liburu batzuetan, adibidez, 10 urtetik gorakoentzat dela jartzen baldin badu, horrek baldintzatu egiten du. Ezer jarriko ez balu, 8 urtekoek irakurriko lukete, 10 urtekoek irakurriko lukete eta 14 urtekoek, agian, ere bai. Adina jartzen duenez, ordea, aukera itxi egiten da.
Liburutegiak ongi zaindu beharreko altxorra dira, administrazioak zaindu egin beharko lituzke eta denbora gehiagoz egon beharko lukete zabalik
Autonarrazioaren beharra aipatu duzu. Helduon moduan behar horrek bultzatuta irakurtzen al dute haurrek eta gaztetxoek ere?
Bai. Umeen kasuan ere autonarrazioaren beharra dago, ulertu nahian ari direlako eta irakurketa ezagutzen duten horretatik abiatzen dutelako. Gazteen kasuan autonarrazioaren beharra oso indartsua da; bizitzan autonarrazioaren beharra dakarren uneren bat baldin badago, hori nerabezaroa da.
Euskal literaturan ba al da nahikoa eskaintzarik umeentzat eta gaztetxoentzat?
Euskaraz dezente ekoizten da eta, haur eta gazte literaturan, liburu asko argitaratzen da urtero. Bai euskaraz sortzen eta baita beste hizkuntzetatik euskarara ekartzen ere lan handia egiten duten argitaletxe onak daude Euskal Herrian. Azpimarratzekoak dira proposamen hibridoak eta ekoizpen ausartak egiten dituztenak. Eta, nola ez, bitartekarion lana kontuan hartzen dutenak.

Liburutegiek erraztu egiten dute literaturara, irakurtzeko zaletasun horretara iristeko bidea. Nahikoa zaintzen al dira? Zerbitzu zabalagoa eskaini beharko al lukete?
Liburutegi txikietan gauza handiak gertatzen dira betiere bertan lanean ari diren pertsonen arabera; liburuzainak ere bitartekariak dira. Leku batzuetan proposamen asko egiten dira. Liburuak hartu ahal izatea aski izan daiteke ume eta gazte batzuentzat, baina beste batzuek gehiago beharko dute eta gaur egun esperientzia handiak daude liburutegi guztietan: irakurketa taldeak, bestelako ekintzak eta proposamenak… Liburutegiak ongi zaindu beharreko altxorra dira, administrazioak zaindu egin beharko lituzke eta denbora gehiagoz egon beharko lukete zabalik.
Eta nahikoa programatzen al dira literaturarekin lotutako ekintzak?
Liburutegi bakoitzak bere markoa du. Batez ere erritual estereotipatu hori apurtzen duten proposamenak behar ditugu. Egon badaude, eta proposamen batzuk irakurleen errealitatera egokitzen dira, haien zaletasunen edo joeren arabera. Entzuketaren ondorioz programazioa bera aldatzea oso interesgarria izango litzateke.