Otsailaren amaieran uri ruiz bikandi iraskalea hil da. Euskal gizarteak haren hutsunea nabarituko du. Biharamunean donibane lohizuneko hilketak astindu du hezkuntza komunitatea.
Uri Ruiz Bikandi irakasle, ikerlari, hezitzaile eta idazle durangarraren heriotzaren berri izan dugu otsailaren amaieran. Bigarren hizkuntzaren didaktikaren alorrean irakaspen asko utzi ditu; batzuk oraindik ere oinarrizkoa izaten jarraitzen duen liburuan bilduak (Didáctica de la segunda lengua en Educación Infantil y Primaria) eta beste asko hainbat eta hainbat irakasleri zuzenean utziak, bai Ruiz Bikandiren ikasle izan zirelako edo baita haurrekin ari zirenean ere haren bidelaguntza izan zutelako. Pasa diren urte hauetan denetan gidari argia eta nekaezina izan da bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan murgildu diren guztientzat eta bigarren hizkuntzaren jabekuntzan sakondu nahi izan dutenentzat. Bihoakio gure aitortza lerro hauen bidez, eta har dezagun hark utzi duen irakaspena eguneroko erreminta gisa, oraindik ere baliagarria baita.
Bigarren heriotzaren berri Donibane Lohizunetik iritsi zaigu; heriotza ez, hilketa, zuzenago esanda. 16 urteko ikasle batek 52 urteko irakasle bat, Agnes Lassalle, hil du labankadaz. Izua. Horixe da inguruan eragin duena; inguru hurbilean, oso hurbilean, etxe ondoan, oso gertu.
Hezkuntza komunitate osoa ukitu duen gertakaria izan da, eta denengan eragin du izua. Anormaltasunaren barruan kokatu behar den hilketa da eta geruza asko dituena. Ertz ugari dituela ere esan daiteke, baina kasu honetan egokiagoa da geruza, ertzean ez baita inor geratu, denak barruan baizik: ikasleak, irakasleak, familiak, ikastetxeak eta hezkuntza komunitate osoa.
Ez da erraza gertatu denaz hitz egitea: emozio ugari, muturreko egoerak, antsietatea, trauma osteko estresa, erantzunik gabeko galderak… Horregatik diote Psikologian adituek azalpenak behar dituztela gertaeraren lekukoek, ikasleek eta irakasleek, denen gurasoek eta familiek, ikastetxearen inguruko pertsonek eta hezkuntza komunitateko kideek. Azalpenak lasaitzen laguntzen du/ die/digu. Hasteko, laguntza psikologikoa eskaintzea garrantzitsua da, eta baita gertaera ongi kokatzea ere: alegia, gertatu dena ez dela normala, ezohiko faktore batzuk elkartu direlako gertatu dela. Eta gero, ulermena eta hitz egitea, geruza guztietan eta guztiekin. Prebentziorako bidea arazoak mahai gainean jartzea eta mintzatzea bada, hezkuntzan ari garenok gaian sakondu behar dugu, ezbairik gabe, ofizioak hala eskatzen digulako.
Batzuek ‘herriarena’ diote, beste batzuek ‘publikoa’. Jakin al daiteke non dagoen aldea? Askotan bezala, ez al gara ari funtsezko adostasunak isiltzen, ertzeko mugak aireatzen ditugun bitartean?
Aitziber Muger