Bizitzaren ezaugarria da bizi muga eta horrek bizitzak muga duela esan nahi du, amaiera ela, hain zuzen ere. Hau da, pertsonak finituak garela ondorioztatzen da: jaio, bizi eta hil egingo gara. Baina hori horrela izanik ere, leku eskasa du heriotzak eskolan. Heriotzaren pedagogia bizitzarako pedagogia dela azpimarratzen du Ianire Larrazabalek artikulu honetan. Gai hori aztertu zuen Gradu Amaierako Lana (GRAL) egiteko.

Heriotza da bizitzan zehar gertatuko den gauza ziur bakarra: bizitzaren amaiera da heriotza, zerbait naturala. Hori horrela, heriotza ezin da bizitzatik aldenduta ulertu, heriotza bizitzaren baitan eta bizitza heriotzaren baitan ulertu behar dira, batak ez baitu izaterik bestea gabe. Bi horiek kontrajartzeko nagusitzen den ohiturarekin amaitu eta elkarren osagarritasuna onartu eta aldarrikatu behar da. Aldi berean, arrazoimenaz baliatuz, bizitzaren mugaz ohartzea eta heriotzaren gaineko kontzientzia garatzea ezinbestekoa da. 

Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da hezkuntzan heriotzaren gaia lantzea; aitzitik, oro har, ez da lantzen. Ezen, hezkuntza sisteman orokorrean zein hezkuntza zentroetan zehazki, (ia) ez dago heriotzaren pedagogia hezkuntzan txertatzeko plangintzarik, eta hezkuntza zentroen hezkuntza proiektuetan ez da heriotzaren gaia jasotzen, curriculum nazionaletan zein autonomikoetan heriotza arbuiatzen baita. Haatik, beharrezkoa da heriotzaren lanketa hezkuntzan txertatzea. Txertatze horrek hezkuntzaren eraldaketa ekarriko luke, izan ere, bizitzarako prestatzen duen hezkuntzak ezin ditu heriotza bera zein horri buruzko lanketa baztertu –gaur egungo hezkuntzak egiten duen moduan–, heriotza bizitzaren parte ukaezina denez. 

Heriotzaren pedagogiaren ekarpena kokatzea garrantzitsua da. Izan ere, hezkuntza testuinguru guztietan, heriotza zein bizi mugatasuna lantzen dituzten hezkuntza modu guztiak barne hartzen dituen diziplina da, horretarako bizitzaren eta heriotzaren arteko lotura azpimarratuz eta horren kontzientzia bultzatuz. Halaber, aipatzekoa da heriotzaren pedagogia egun sortze bidean dagoen ikerkuntza, prestakuntza eta berrikuntza gai gisa hartzen dela. Hori horrela izanik, giza bizi muga kontuan hartzen ez duen hezkuntza alde batera uztea aldarrikatu behar da eta baita heriotza kontuan hartzen duen hezkuntzaren garrantzia ere, bizitzako balioetara bideratutako hezkuntzaren alde eginez. Izan ere, heriotzaren lanketa barne hartzen duen hezkuntza, bizitzaren konplexutasunari zein bizitzaren zentzuari erabat lotuta dago, bizitza bere osotasunean ulertzen baitu.

Heriotza, tabu 

Heriotza. Bizi muga. Bizitza. Elkar osatzen diren hiru kontzeptu dira, nahiz eta geurea bezalako gizartean —mendebaldeko gizarte postmoderno-postindustrialetan, alegia— errealitate hori ukatzeko joera nabarmena den. Heriotza baztertzen da tabua den gaia delako. Hori horrela izanik, heriotzaren arbuioari aurre eginez bizi mugaren gaineko kontzientzia bultzatu behar da heriotzaren pedagogiaren aldeko apustua eginez, heriotzaren gaineko lanketa burutzea posible izan dadin. 

Ezin da ahaztu hezkuntza fenomeno soziala dela. Gizarteak eragin nabarmena du hezkuntzan, baldintzatu egiten du. Hala ere, eragin hori bi noranzkoa da, hezkuntzak ere gizartean eragiteko gaitasuna baitu. Hezkuntzaren funtzioa hezigaiak gizarteratzea eta horiek lan mundurako zein bizitzan gerta daitezkeen egoerei zein askotariko erronkei aurre egiteko prestatzea izango lirateke. Beraz, hezkuntzak bizitzarako eta heriotzarako prestakuntza bermatu beharko luke, egun horrela ez bada ere.

Horren harira, esan daiteke heriotza naturala bada ere, fenomeno soziala eta kulturala dela. Izan ere, garaiaren, gizartearen, kulturaren… arabera heriotzaren ulerkera aldatuz joan da. Argi dago gizartean gertatzen diren aldaketek heriotzaren ulerkeran eragina izan dutela. Horrenbestez, egungo mendebaldeko gizartean gertatzen den heriotzaren arbuioa eragin sozialen eta kulturalen ondoriotzat har liteke. Hala, gizarte tradizionaletik gizarte postmodernopostindustrialera igarotzeak, neurri handi batean heriotzaren bazterketa eragin duela esan behar da. Zehazki, Zygmunt Bauman soziologoak definitutako gizarte likidoaren baitan, aldaketa etengabearen gizartean, ulertu behar da heriotzaren ukapena. Gaur egun mendebaldeko gizartean heriotza tabua den gaia da, tabu modernoa edo garaikidea dela esan daiteke. 

Oro har, egungo mendebaldeko gizartean heriotzak ez du gizakion arreta merezi, betiko bizi nahia edo hilezkortasun nahia nabarmentzen baita, heriotza zuzenean ukatuz. Eta, modu horretan, gizartean zein hezkuntzan ez zaio lekurik egiten heriotzaren lanketari. Baina heriotza baztertzeak, kolpea handiagoa izatea eragiten du, “heriotza debaluazio bat da, beti dago hor, eta iristen denean kolpea handiagoa da orain”, Joxe Amiama EHUko irakasleak dioenez. Hortaz, heriotza bizitzaren baitan ulertzea eta onartzea garrantzitsua eta ezinbestekoa da, heriotzari aurre egiteko prestatzen laguntzen baitu aitorpen soil horrek. Horretarako, hezkuntzan heriotzaren lanketa txertatzea beharrezkoa da, gaur egun hezkuntzan dugun hutsunea baita, nahiz eta norbanakoarentzat funtsezko gai erradikala izan. 

Horren harira, aipatzekoa da heriotzaren bat gertu gertatzen denean horren gaineko arbuioa desagertu ohi dela, eta heriotzarekin harreman hertsia duen gertaera zehatz bat izaten da maiz heriotzaren lanketaren pizgarri. Baina, heriotzari buruz hitz egiteko ez da inor hil behar, egiazki, hori ez baita gai horri ekiteko memento egokia. Une horretan laguntza eta babesa eskaini behar zaizkio maite bat galdu duen pertsona orori, baino ez da inolaz ere heriotzaren lanketa egin behar; haatik, hezkuntza erakundeek doluaren akonpainamendu hezigarria egiten jakin behar dute, nahiz eta hezkuntza zentroetan ez den ohikoa izaten hezigaiei eragiten dieten heriotza kasuetan jarduteko prozedurarik existitzea. Ostera, heriotzari aurrea hartu behar zaio, hau da, hezkuntzaren bidez heriotza proaktiboki aztertu eta landu behar da heriotzaren pedagogia hezkuntza curriculumean txertatuz eta, horrela, heriotzan alfabetatzea bultzatuz, hori gertatzean —heriotzak gertatuko baitira— prest egoteko eta dolu prozesua arintzeko gaitasunak eta konpetentziak garatzeko. 

Heriotza tabua den gaia izateaz gain, erronka gisa ere definitu izan da, baita erronka pedagogiko gisa ere. Halaber, heriotzaren inklusioa hezkuntza bera eraldatuko lukeen erronka zein behar pedagogikotzat hartzen da. Heriotzaren lanketak hezkuntzan erronka izaera izan dezake eta horri heltzea beharrezkoa da, heriotzari buruzko ezjakintasunak eta prestakuntza faltak, heriotzaren gaineko formakuntza beharra azaleratzen dutelako, eta, aldi berean, tabu izaera bultzatzen dutelako.

Hezitzaileen prestakuntza 

Hala, heriotzaren tabu izaera gainditzeko hezkuntzan gai horren lanketa egitea beharrezkoa da. Horretarako, lehendabizi hezitzaileak gaitu behar dira, hots, heriotzaren pedagogiari dagokion behar formatiboari erantzun behar zaio. Izan ere, hezitzaile gehienak heriotzaren pedagogia hezkuntzan txertatzearen aldekoak badira ere, ez dute inoiz heriotzaren pedagogiari buruzko formakuntzarik jaso eta, orokorrean, ez dute heriotzaren gaia hezkuntzan txertatzeko baliabide nahikorik. Halaber, badira heriotzari buruz hitz egiteari edo gaiaren lanketa hutsa minaren, oinazearen zein atsekabearen eragile izateari beldur dioten hezitzaileak, eta hortaz, gai horren lanketa ekiditen dutenak. Hori horrela, hezkuntzako profesionalei bideratutako heriotzaren pedagogiaren gaineko prestakuntza programen beharra mahaigaineratu beharra dago, formakuntzaren bidez gaiaren lanketa garatzea errazten delako. 

Bestalde, heriotzaren pedagogia hezkuntzan txertatzearen aldeko apustua aurrera eramateko, hezitzaileek argi izan behar dute heriotzaren gaineko kontzepzioa, ezagutza, ulerkera, interesak eta usteak adinaren arabera aldatu egiten direla. Beraz, hezkuntza etapa ezberdinetan heriotza modu ezberdinetan landu behar da, haurren garapenera zein unean uneko beharretara egokitutako lanketaren bidez. 

Argi dago heriotza eta giza bizi muga ez direla hezkuntza-edukietan jasotzen, gizakiaren baldintza erradikalak izan arren. Hartara, hezkuntza prozesua baldintzatu egiten da, heriotzaren lanketa hobekuntza sozialerako eta pertsonalerako ezinbestekoa suertatzen baita. Izan ere, kontuan hartu beharreko premisa da heriotzerako hezten ez bada, ezin dela bizitzarako hezi, heriotza arbuiatzen duen hezkuntzak ezin baitu inolaz ere hezkuntza integrala izan. 

Heriotzaren inklusioa hezkuntzan, oraindik orain egiteke dagoen eraldaketa da, behar bat, alegia. Horrez gain, kontuan hartu behar da heriotzak tabu izaten jarraitzen duen heinean, beharrezkoa izango dela hezkuntzan heriotzaren lanketa egitea. Baina, noizbait tabu izateari uzten badio ere, hezkuntzan heriotzaren pedagogia lantzen jarraitu beharko litzateke, finean bizitzarako hezkuntza delako.