Errazena beste aldera begiratzea izan badaiteke ere, heriotzarekin loturiko gaietan inklusiozko jarrerarekin jokatzea eta haurra gertatzen ari den horren parte egitea funtsezkoa dela uste du Patxi Izagirre psikoklinikoak, horrela soilik garatu ahalko baitu gertatzen ari denaren jabetza, kontzientzia eta onarpena.

Ama, zu ere hil egingo al zara?”. Ez litzateke harritzekoa haurrak momenturen batean horrelako edo antzeko galderaren bat egitea. Adituen esanetan, normala, beharrezkoa eta unibertsala da adin batetik aurrera haurrek heriotzaren inguruko zalantzak eta kezkak azaltzea. Batetik, 6-7 urtetik aurrera pentsamendu abstraktua gara-tzearen ondorioz itzulezintasunaren kontzeptua barneratuta daukatelako; eta bestetik, akaso etxean, eskolan edota inguru hurbilean heriotza kasuren bat izan dutelako.

Nola erantzun, ordea, haurrei horrelako galderen aurrean? Baietz, ama hil egingo dela esan? Edo baietz, baina ez dela berehala izango? Bere atsekabea ulertzen dugula adierazi? Galderari iskin egin eta beste gai bat atera hizpidera? Zaila izan ohi da besteei erantzunak ematea norberak heriotzaren inguruan bizi dituen atsekabeentzat ere ihardespen errazik ez duenean. Litekeena da horrelako galderekin haurra laguntza eskatzen aritzea; bakarrik gainditzeko zaila den oztopo bati aurre egiteko laguntza eskatzen. Auzia itxi gabe uztea, baina, ez da lagungarria. Gaia ukatzeak edota heriotza ezkutatzen saiatzeak haurrari ez baitio atsekabe, ezintasun, min horren aurrean bere bitartekoak sortzeko biderik emango. Nola jokatu, hortaz?
Inklusioa. Horixe da gakoa Patxi Izagirre psikoklinikoaren ustez. Heriotzarekin loturiko gaietan ere, inklusiozko jarrerarekin jokatzea eta haurra gertatzen ari den horren parte egitea oso garrantzitsua da, adituaren esanetan. Etxean gertaera gogorrak jazotzen direnean ere haurrak familia barruan dagoela eta bera ere egoera horren partaide dela sentitu behar duela dio, horrela soilik garatu ahalko baitu gertatzen ari denaren jabetza, kontzientzia eta onarpena. Sarri, ordea, kontrako jarrera hartu ohi dugu, eta beldurragatik, haurra babestu nahi izateagatik edota egoera oso mingarria delako, gertatzen ari den horretatik baztertu egiten dugu haurra. Adibide bat jartzen du Izagirrek: “Demagun haur bati aitona hiltzen zaiola. Bazterkeria litzateke umeari aitona agurtzeko aukerarik ez ematea, hilerrira edo tanatoriora joaten ez uztea, doluan parte hartzeko modurik ez eskain-tzea, eta gainera, sufritu ez dezan, lagun batzuen etxera eramatea. Inklusiozko jarrera izanez gero berriz, haurrari zer gertatu den azalduko genioke, eta esango genioke horrek ez daukala atzera bueltarik, aitonak betiko utzi gaituela. Prozesu guztian zehar haurra gurekin izango genuke, babesa emango genioke eta segurtasunezko zein konfiantzazko giro bat sortuko genuke berak ere gurekin batera bere dolu-prozesua bizi dezan”.  

Sufrimenduarekin, galerekin, heriotzarekin eta doluarekin lotutako balioak, jarrerak, sentimenduak ez dira ia batere aztertzen, giza errealitatearen beste alderdi batzuekin alderatuta. Badirudi ezagutzen ez denak ezin duela minik egin. Psikoklinikoaren aburuz, ordea, horrela jokatuz gero ezin zaie haurrei eta gazteei hezkuntza integrala eman. Horrexegatik, txiki-txikitatik heriotzaren pedagogia lantzen hasteak duen garrantzia azpimarratzen du: “Gure helburuak ez luke izan behar haurra heriotzatik babestea, baizik eta txikitatik heriotzaren egiazko izaeraz ohar dadin laguntzea”. Lanbidez ere horretan dihardu Izagirrek; urteak daramatza mina, heriotza, dolua, beldurra eta antzeko gaiak jorratzen, bai ikastetxeetan aholkulari lanak eginez edo saioak eskainiz, eta baita kontsultan gai horrekin loturiko arazoak dituzten pertsonak artatuz ere.

Horretarako guztirako, baina, garrantzitsua da helduak ere herio-tzaren inguruko bere etxerako-lanak eginda izatea. “Jaiotzetik heriotza zor; noiz ta nola ez jakin” euskal esamolde zaharrak iradokitzen duen moduan, heriotza bizitzako eguneroko gertakaria da, bizitzak heriotza berekin du. Maiz, ordea, heriotza estali egin ohi dugu eta bizitzaren gordintasunaren aurrean beste aldera begiratu. Izagirreren hitzetan, teorian helduak baliabide gehiago ditu gertuko heriotza bati aurre egin eta atzera bueltarik ez duen egoera hori onartzeko, pentsamendu abstraktua garatua baitu. Hortaz, egoera baten aurrean sortu den frustrazioari, ezbeharrari, saminari aurre egiteko tresnak izango ditu; negar egin dezake haurraren aurrean eta adierazi triste dagoela maite duen norbait galdu duelako, baina, aldi berean, egoera horri buelta emateko gaitasuna duela erakutsiko du arrazionaltasuna erabiliz. Helduok kognitiboki horretarako prest gaudela dio Izagirrek; haurrak aldiz ez, eta ereduak behar dituztela.

Aurrean eredu bat edo beste izan, modu osasungarriagoan edo kaltegarriagoan ikasiko du haurrak galerei aurre egiten: “Batzuetan pentsatzen dugu haurrarentzat hobe dela mundu sinbolikora soilik jotzea —haurrari hildakoa zeruan dagoela, handik begira ari zaigula eta gu ere egunen batean berarekin egongo garela esatea—, eta errealitate mingarria saihestea. Baina, benetan uste dugu modu horretan egoerari aurre egiteko tresnak eskaintzen ari gatzaizkiola haurrari? Ez, noski. Juxtu kontrakoa ari gara egiten. Haurra gehiegi babesten badugu eta errealitatea bizitzeak dakarren frustrazioa estaltzen badiogu, arriskua dago haurra atrofiatzekoa. Jakina da haurren ikaskuntzan funtsezko oinarriak behaketa eta imitazioa direla. Hori ulertzen baldin badugu, badakigu gure baitan dagoela hein handi batean haurrek heriotza barneratzea. Gure beldurrak haiengan proiektatzen baditugu, berriz, beraien bitarteko propioak sortzeko aukera kentzen diegu”.

Heriotza gai didaktiko ezin egokiagoa, bete-betean hezitzailea, izan liteke Izagirreren iritziz. Hasteko eta behin, heriotzak gizakia humanizatu egiten duelako, heriotzaren bidez pertsonok “tribu bateko kide” garela konturatzen baikara, eta “ondorioz, besteekin batzen baikaitu”. Bizitzan sufrimendua ere badagoela kontzientzia hartu ostean, bizitzaren zutabe inportantea izan liteke heriotza gizatasunaz, baloreez, harremanaren garrantziaz edota emankortasunaz hitz egin eta hausnartzeko. Hortaz, zergatik landu modu didaktikoan heriotzaren gaia? Argi erantzuten du Izagirrek: “Ezbeharrean eta krisien aurrean erabilgarri izango zaizkigun norbere bitarteko eta erremintak garatzeko. Gainontzean, haurrek arazo bati aurre egin behar dioten unean —eskola-porrota, gurasoen banaketa, heriotza bat…— ez dira alfabetatuta egongo, hizkuntza hori ez dutelako behar bezala garatu. Hizkuntza baldin badute, egoera berdin-berdin izango da mingarria, baina min horretatik ateratzeko baliabide gehiago izango dituzte”. Dolua modu osasungarrian lantzeak, bizitzan orain eta gerora negatiboa eta positiboa denari aurre egiteko indarra sustatuko duela gaineratzen du adituak. Bere hitzetan, heriotza bizitzaren iratzargailua dela erakutsi behar zaie haurrei, heriotzaren aurretik bizitza dagoela, eta garrantzitsuena bizitza hori disfrutatzea dela.