‘Zaldi Urdina’ antzezlana
Heroinak eragindako kalte pertsonal, kolektibo eta politikoaren inguruan hausnartzen du ‘Zaldi Urdina’ obrak. Gaztetxo baten ihesa du abiapuntu eta gaztetxoak ditu jomugan, haiekin ikastetxeetan heroinaz mintzatzeko proiektu pedagogiko bat ere prestatu baitute.
Gaurko gazte askok ez dute ezagutu ere egin heroinak edo zaldi zuriak Euskal Herrian 80ko hamarkadan eragin zuen triskantza. Belaunaldi oso bat kolpatu zuen, eta albo kalteak gutxien-gutxienez hurrengo belaunaldira iritsi ziren. Baina gaurko gazteek triskantza pertsonal, familiar, kolektibo eta politiko haren oihartzunik ez dute entzun apenas. Isiltasuna, edo argiago esanik, tabua haustera dator Zaldi Urdina antzezlana. Ikusle orokorrari, baina baita gaztetxoei ere zaldi zuria-ren ondorioez hausnartzeko parada eskaintzen die Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek elkarrekin ondu duten laugarren antzezlanak. Izenburua zaldi zuria-ren eguneratze metaforiko bat da, gaurko egunetik begiratzen baitio gertakari historiko hari. Justo Arriolak idatziriko A los pies del caballo ikerketatik abiaturik, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute gidoia eta bertan jasotzen da ikerketa askok heroina trafikoaren iturria Guardia Zibilaren kuartelera eramaten dutela, eta beraz, agertzen da heroinak sorturiko min indibidual eta kolektiboez gain, berau isilarazteko xede politikoaren oihartzuna ere. Ximun Fuchs da taula zuzendaria eta zuzendari laguntzaile Ainara Gurrutxaga da. Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Edurne Azkarate, Urko Redondo, Miren Alcala eta Oier Zuñiga dira aktoreak. Hiru belaunalditako aktoreak agertuko dira taulan, 30 urteko aldea dute zaharrenetik gazteenera: Olatz Beobidek 55 urte ditu eta 15-16 urterekin heroina pil-pilean zegoen garaia ezagutu zuen: “Zorionez, niri bizirautea tokatu zait, baina inguruan ikusi dugu heroinak egin zuen txikizioa. Gero, hiesa ere agertu zen, eta ikusten genuen arazoa ez zela bakarrik drogarekin, eta bat-batean fronte asko ireki ziren: sexua, drogak, harreman motak, eta abar. Mamuak ziren, baina mamu errealak. Halaber, poliziaren esku beltzaren presentziari buruz ere beti entzun izan dugu”. 48 ditu Lipusek, eta hark ere ezagutu zuen antzezlanak kontatzen duen errealitatea: “Ematen du droga hitz egin ezin daitekeen gai bat dela, eta gure herrian, drogaren ondorioz eta drogaren eraginez esan daiteke ia belaunaldi bat desagertu zela. Uste dut horretaz hitz egitea eta informatua egotea inportantea dela, eta gero bakoitzak hartu behar dio neurria”. Haatik, Azkaratek 26 urte ditu eta bere belaunaldia “drogen aurkako kanpaina-produktu bat bezala”·ikusten du, gaiari “beldur handia” izan diona.
Ihesaldi baten arrastoan
17 urteko mutil batek, Aingeruk, techno-musika-jaialdi batean aurrez ebatsi duen zaldi urdina izeneko droga berria saltzen dio beste gazte bati, baina bigarren hori gaizki sentitu, berehala koman sartu eta hil egingo da. Ondorioz, Aingeruk ihes egingo du. Polizia gaztetxoaren bila hasiko da trapitxeroa delakoan, baina baita familiakoak eta lagunak ere, Amets 22 urteko arreba errebeldeak gidaturiko bilaketan. Azkenean, Aingeruren bilaketa arrazoi handiago baten bilaketa bihurtuko zaio herri osoari, eta baita publikoari ere, eta araketa horretan gurutzatuko dira gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna ere. Gaztetxo bat historiaren abiapuntuan, eta gaztetxoak dira, halaber jomugan ere. Zaldi urdina antzezlanak ikasle gazteei hitz egin nahi baitie drogaz, zehazki heroinaz, eta baita honek 80etan Euskal Herrian eragin zuen txikizioaz ere. Horretarako, Axut konpainiako Arantxa Hirigoien hezitzaileak material pedagogikoa prestatu du ikastetxeetan aurrez edota ondoren gaia lantzeko. “Antzerkia irakaskuntzarekin lotu nahi genuen, bi mundu ezberdin izan arren oso lotuta daudelako biak, eta horretarako tresna pedagogikoa eman nahi genien irakasleei”. Txosten pedagogikoak baliabideak ematen dizkie irakasleei ikasleekin antzezalanaz hitz egiten dezaten. “Gai nagusia 80ko hamarkadan heroinak izan zuen eragina da, baina gai hori hainbat alderditatik landu daiteke ikasgela batean, alderdi historikotik, soziologikotik, literatura aldetik... eta nahi duenak nahi duenean baliatzeko tresna praktiko bat prestatu dugu”. Baliabide horien artean, dokumentazio anitza dute eskura, hainbat euskarritan bildu baitute gaiaren inguruko materiala, izan entzunezkoak, idatzizkoak, literatur testuak, bertsoak, artikuluak, bideoak...Ikastetxeek webgunetik bertatik jaitsi dezakete Ikerketa ataletik txosten pedagogikoa eta baita nahi duten materiala, edo bestela, interesatuak dauden ikastetxeek zuzenean eska dezakete. Antzezlan honek helburu sozial eta pedagogikoa duenez, ikastetxeentzako eskola-emanaldiak ditu Zaldi Urdina-k. “Orain arte eman ditugun saioetan sentitzen da irakasle eta ikasleek landu dutela gaia gelan, ikasleen jarrera antzerkian bertan oso interesgarria baita”. Hirigoienentzako garrantzitsua da ikasleek ez hartzea antzezlanaren emanaldia ohiko irteera edo txango bat bezala, lanketa bat izatea interesgarria zaio: “Aurretik nahiz ondotik egin daiteke lanketa, baina interesgarria da egitea. Behin antzelana ikusirik, oihartzun handiagoa izan dezake gaiak ikasgelan lantzen bada”. Ikastetxe batzuekin urrunago joan dira, eta emanaldiaz eta aurreko eta ondoko lanketaz gain, hitzaldi eta tailerrak antolatu dituzte eskolan batzuekin, eta antzokian bertan besteekin. Azken hitzaldi eta tailer horiek, kasu batzuetan, antzerkigintzaz izan dira eta beste batzuetan antzezlanak jorratzen duen gaiaz, Zaldi Urdina sorkuntzaz abiaturik, ikastetxearen nahien arabera moldatu dute saioa. Horrez gain, Ailaket Arrisku murrizketarako droga erabiltzaileen euskal elkartea ere prest dago antzezlanaren harira ikastetxeetan hitzaldiak eta tailerrak emateko, Hirigoienek jakinarazi duenez. Ikasleekiko harremana sorkuntza prozesutik estua izan da, zuzendari taldeak eta aktoreak obra prestatzen ari zirelarik Ziburuko Piarres Lartzabal kolegioan egin baitzituzten egonaldiak, ikasleekin denborak eta otorduak partekatuz.”Ikasleek ikusi dute hasieratik nola sortzen den antzezlan bat”.
‘Zaldi Urdina’ antzezlana
Fitxa teknikoa: Artedrama, Axut! eta Dejabu Panpin laborategia konpainien antzezlana.
Gidoia: Unai Iturriaga eta Igor Elortza.
Zuzendaritza: Ximun Fuchs.
Zuzendari laguntzailea: Ainara Gurrutxaga.
Aktoreak: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate, Olatz Beobide.
Bitartekaritza, hezkuntza artistikoa eta kulturala: Arantxa Hirigoyen
Ikastetxeentzat harremanetarako: ArteDrama: info@artedrama.com Tel.: (0034) 615 77 95 11 // Axut!: info@axut.eus Tel.: (0033) 678 19 23 97