Gotzon BARANDIARAN ARTEAGA | Idazlea

Kukubiltxori esker barneratu genituen ikastolan azala ukitu ziguten gure mitologiaren eta ahozko kontagintza tradizionaleko hainbat istorio, pertsonaje eta mundu ikuskera. Azken hauxe da egun umeentzako elikagai intelektuala hautatzeko orduan berez nagusitzen zaigun zentzumena: eskain diezaiela gure umeei mundu ikuskera propioa garatzeko aukera, erakus diezaiola gure ahozko zein idatzizko tradiziotik belaunaldiz belaunaldi transmititu dizkiguten kanta, ipuin eta enparauak, norberaren galbahetik garandu daitezkeela, norberaren egunerokora moldatu daitezkeela, norberak bizi duen sasoira eguneratu daitezkeela. Horixe egin du Kukubiltxok 1977an sortu zenetik oholtzaratu dituen 30 bat ikuskizunetan, euskal kontagintza tradizionalaren berrikusketa kritikoa.

Laster 40 urte beteko dituen ibilbide horretan, Oskorrigaz batera burututako trilogia ezinbesteko erreferentzia iruditzen zait.1993an plazaratu zuten Katuen testamentua bilduman, Bizkaian baserriz baserri jasotako kanta sorta bildumatu zuten, 1997ko Marijane kanta zan M.J Minaberryk hegoaldean ezezagunak haurrentzat sortutako testuak, zonbait poematzat har ditzakegunak, musikatu zituzten. 2005ean R.M. Azkuek, Manuel Lekuonak eta Aita Donostiak jasotakoez gain, Pili Arin, Leire Ibañez, Juanito Etxetxipia, Daniel Goiburu eta Rosario Izagirreri ikasitakoak ere apailatu zituzten. Bai Katuen testamentua bilduman baita Doktor Do Re Mi sortako kantetan ere, gertakizunen kontaera puztu, arranditsu edo fantastikoak dira nagusi. Itzelak gertatzen zaizkie protagonistei, sinestezinak, entzuleak adi adi mantentzekoak. Marijane kanta zan naturari eskainitako ereserkia da, animalia, landare, zuhaitz zein urtaroei buruzko margolan koloretsua. Onomatopeiak, bertsoak, koplak, mikro-ipuinak eta ahozko kontagintza zein kantagintzaren urregorriak Oskorri taldekoek letrekiko mimetikoki musikatu zituztenak. Musikariak ohikoa du lehenik instrumentazioa landurik, berbak gero atxikitzea. Trilogian, ostera, aurrez aukeratutako hitzak izan zituzten abiapuntu Oskorrikoek eta hori igarri egiten da kantetan. Letrak dira zuzendari, berben aldartearen arabera dira kantak dantzarako, irrirako, gogoetarako, malenkoniarako, sosegurako. Okarinak, panderoa, gitarrak, mandolina, alboka, flauta, atabala, ttun-ttuna, zapatak, biolina, nyckelharpa, klabezinak, djembea, darbuka, bodhran, guiroa, bateria, toberak, txalaparta, trikitiak, heldu zein haurren ahotsak. Sasoi bateko euskaldunen imaginario askotarikoa.    

Hiru kanta bildumok entzungai ez eze, ikusgai ere paratu zituzten Kukubiltxok eta Oskorrik Euskal Herriko hainbat herritan. Emanaldi horietako ba-tzuk grabatu eta DVD eran ere argitaratu zituzten. Oskorrikoek, kanten azalpena barik, kanten interpretazioa egiten zuten, kanten irakurketa dramatikoa. Katuen testamentuan galtxagorriak ziren, Marijane kanta zanen otso-otsandak eta Doktor Do Re Min Hankoker extralurtarrak. Ahozkoaren transmisioa, irudimena, fantasia, kalitate musikal izugarria, mundu ikuskera propioa. Ez dut miresmena ostenduko, entzunaldi bakoitzeko aberasten nauen trilogia zait, egungo sorkuntzetan kausitzen ez ditudan ezaugarriez beterikoak.  

Oharkabean iragan zelako, aipatzekoa iruditzen zait Kirmen Uribek Mikel Zarateren Haurgintza minetan liburuan oinarrituta idatzitako Ekidazu, lehoiek ez dakite bibolina jotzen lana. Neoliberalismo basatiaren gehiegikerietako baten testuinguruan, animalien ahotan, gehiegizko kon-
tsumismoaz hausnartzeko gogoeta sano mamitsua izan zen antzezlana, disko formatoan plazaratu zuten 2003an, arestian aipatu ditugun lan guztiak legez, ELKAR etxeagaz lankidetzan.    

Kukubiltxo eta Oskorriren bidetik ez oso urruti, Josu Zabalak Emilio Donadoren  Canciones populares vascas de Olaeta, Gatzaga, Legutio y Ubidea liburuetako Aur kantak laugarren ataletik jasotakoekin Otxandioko umeak-Ala Kinkirrinera… egitasmoa abiatu zuen. Egitasmoa diogu, diskoa argitaratzeaz gain, Josu Zabalak Otxandioko eskolako ume eta irakasleak gogo biziz jardutera bultzatu baitzituen herri-ondarearen eta curriculum propioaren lanketa kolektibo hartan. Egun herriz herriko, tokian tokiko edukiak lantzeko aldarria sakon sustraitzen hasi delarik, ahozko tradizioa, herri kantagintza berreskuratu, kritikatu eta gaurkotzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, are gehiago, aukera izanez gero, Otxandion egin zuten antzera, herriz herriko, tokian tokiko musikari zein kantariekin gauzatzen bada. Kukubiltxokoek Oskorrikoen kantak antzeztu bazituzten, Ala Kinkirrinera… diskoko kantei Igor Elortza eta Unai Iturriagak ondu zizkieten sarrera kritikoak. Soka salto, txalotruke, biribilketa edo trukemean aritzen dira egun ere gure haurrak, gerra osteko doinuetan, emaztea jo, hil eta zatikatzen duten gizonen ahotsetan. Ala Kinkirrinera… sortak erakusten digu españazaleen diktadurak hori ere galarazi zigula, haur denborako mundu ikuskera ere erauzi zigutela.