HERRI BATEKO IKASTETXEAK SARETZEAN, ELKARLANEAN HASTEAN, BIZIKIDETZA HOBETZEN DA. HERRIKO IKUSPEGIA EDUKITZEAK KOHESIONATU EGITEN DU. ERANTZUKIZUNEZ ARITZEAK KOMUNITATEA INDARTZEN DU.

Interesgarria da —eta komenigarria, zergatik ez— erantzunkidetasunean oinarritutako kultura berri bat garatzea hezkuntza arloan, eta pozgarria da Errenterian hala egiten ari direla ikustea. 2017-2018 ikasturtean abiatu zuten Errenteriako hezkuntza komunitatea saretzen, erantzunkidetasunean sakontzen prozesua. Saretzea eta erantzunkidetasuna, bi hitz potolo eta sendo, erronka anbiziotsuak, baina heldu zieten, eta sakontzen eta garatzen darraite. 

Udalaren ekimenez sortutako prozesua da, Errenteriako udalak argi duelako herriko ikastetxe guztiek osatzen dutela hezkuntza komunitatea eta denen arteko elkarlana ezinbestekoa dela hezkuntza komunitateak bere lekua eta garrantzia izan dezan herrian. 

Prozesuan zehar 3-16 urte bitarteko ikasleak dituzten herriko bederatzi ikastetxeetako zuzendarien taldea sortu zuten eta ibilbide emankorra egiten ari da. Zenbaki honetako erreportajeko testigantzak irakurri besterik ez dago: “Zuzendarion artean sare bat sortu da, elkarri laguntzen diogu, berdin da zein ikastetxetakoa izan. Hori lehen ez zegoen eta orain bai”; “orain, herrian gertatzen denaz ikuspegi orokorragoa dut eta erlazionatzeko beste modu bat ere bai”; “niretzat beharra zen elkartzea eta herri mailako foro bat edukitzea oso egokia iruditzen zait”; “udalak herri moduan pentsatzen jarri gaitu; horrek ikastetxeko perspektibatik ateratzea eta herri mailako ikuspegia edukitzea, ezagutzea eta partekatzea ekarri dit”. 

Denen artean herriak dituen hamar erronka zehaztu zituzten eta horiei erantzuteko ekintzak aurrera eramaten ari dira. Ez zailtasunik gabe, inork ez du esan horrelako prozesuak errazak direnik. Gogorra, beldurra, krisia eta tentsioa hitzak erabili dituzte egindako bilerak deskribatzeko, baina baita konpromisoa, borondatea, sinesmena, ausardia eta adostasuna ere. Aurrera egiteko gogoa handiagoa izan da, eta adostasunetara iristeko nahiari tinko eutsi diote. 

Herri bereko ikastetxeak dira, hezkuntza eta heziketa jarduna dute denek egunerokotasuneko zutabe, eta bidea elkarrekin egitea emankorragoa eta gogobetegarriagoa dela frogatu dute. Erantzunkidetasunean oinarritutako kultura berria marrazten ari dira, eta gainerako herriek eta ikastetxeek ere, lekuan lekuko berezitasunekin, egin dezakete; zergatik ez.

Bere burua defendatzera behartuta dagoen haurra hobetzen saiatzen da, bere burua indartzen eta aldatzen

Jorge Oteitza