Herria eta herriko ondarea ezagutzeko hamaika modu daude, eta Xalto pailazoak 'Herrian xaltoka' ibiliz ezagutzea proposatzen du: herritarren parte-hartzearekin osatutako bideo fresko, dinamiko eta berritzaileekin, haurrei eta familiei herriko kultura, jendea, euskara eta ondarea erakusteko asmoa du. Proiektuak aurrera egiteko herritarren ekarpena behar du, crowdfunding bidez azaroak 7 bitarte.
Zer da ‘Herrian xaltoka’ egitasmoa?
Piztu meta! 2022 programaren barruan aukeratua izan den kultur proiektuetako bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Goteo Fundazioak sustatzen duten programa da Piztu meta! 2022 eta 15 kultur proiektu aukeratu dituzte aurten. Orain herritarrek proiektu horiek finantzatzeko aukera dute azaroaren 7ra arte crowdfunding kanpainaren bitartez eta herritarrek jartzen duten euro bakoitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak euro bat jarriko du, crowdfundinga matchfunding bihurtuz. Piztu Metaren helburua herritarrek kultur proiektuen hautaketan eta finantzaketan parte hartzea da. Beraz, Herrian xaltoka egitasmoak herritarren aldetik gutxieneko kantitatea lortzen baldin badu, proiektua martxan jarriko dugu kanpaina bukatzean. Gutxieneko kantitatea lortzen ez baldin badu, ekarpena egin dutenei dirua itzuliko zaie.
Zein dira ‘Herrian xaltoka’ egitasmoaren ezaugarriak? Nolako egitasmo kulturala da?
Herrian xaltoka gure herriko kultura, jendea, euskara eta ondarea ezagutzera emateko egitasmo fresko, dinamiko eta dibertigarria da. Lezon (Gipuzkoa) kokatua dago edo hortik abiatzen da. Lezo herri txikia da (6.000 biztanle) baina lo-hiri bihurtzen ari da. Kanpotik eta inguruko herrietatik jende asko etorri da bizitzera, tartean bikote gazteak haurrekin. Garrantzitsua iruditzen zaigu herritar berriek gure herria, jendea, euskara, historia, bertako jaiak, inauteriak, txokoak eta pertsonaiak ezagutzea eta horixe ezagutaraztea da egitasmoaren xedea. Ezagutzera eta herriko dinamikan euskaraz parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, herrian batetik bestera saltoka ibiliz.
Xalto pailazoa izango dute bidelagun familiek eta haurrek herria ezagutzerakoan. Nola erakutsiko diezue herria eta herriko ondarea?
Astero 8-10 minutuko bideoak egingo ditugu —guztira 36— estudioan eta kalean, herriko ikastetxeetara, antzokira, kalera... joanez. Kalera atera nahi dugu, aurrez iragarritako ikuskizunez gain bat-bateko agerraldiak eginez herriko kaleetan, dendetan, baserrietan, ikastetxeetan, antzokian... Inori esan ez baldin badiogu ere, beti euskaraz arituko den pailazo youtuberra izatea amesten du Xaltok.
Bideoetan herriari lotutako hainbat gai, pertsona eta txoko erakutsiko ditugu modu arinean eta dibertigarrian. Zeharka agertuko dira ingurumena, parekidetasuna eta elikadura jarrera osasuntsuak bultzatzeko ideiak eta gaiak ere. Adibidez, pilarik edo bateriarik gabe ibiltzen diren jostailuak erakutsiko ditugu, edo elementu sinpleak oinarri hartuta —pintzak, puxikak...— gauza harrigarriak egin daitezkeela frogatuko dugu. Denboraren makinan sartu eta duela 400 urte Lope de Isasti lezoarrak idatzitako 80 bat atsotitz erakutsiko ditugu beste batean. Edota ahotsak.eus harrobian dauden ahotsak baliatuz 100 urteko amona baten hitzak jasoko ditugu.
Sormena eta freskotasuna izango dira bideoen osagai nagusiak. Eta euskara ardatza, jakina. Aipatu diren adibideetan, esate baterako, euskara eta euskalkien presentzia azpimarratuko dugu. Gaurkotasunik galdu ez duten euskarazko esamolde jator ugari daude eta aberastasun hori erakutsi eta erabiltzera bultzatu nahi ditugu familiak eta haurrak.
“Bideoetan zeharka ingurumena, parekidetasuna eta elikadura jarreraosasuntsuak bultzatzeko ideiak eta gaiak ere agertuko dira”
Bideoek Gure iturriak izeneko atal bat ere izango dute. Herria ezagutzeko haren iturrietara joatea ezinbestekoa da, eta kasu honetan, Lezoko plazara doazen hiru kaleetako iturrietara joango gara. Herriko iturriak komunitatearen eta herritarren topagune izaten ziren eta ederra iruditzen zaigu leku horietara joatea eta herriko pertsona interesgarriekin iturrietan bertan elkarrizketak egitea. Beraz, hilean behin elkarrizketa bat egingo dugu herritarren hitzak eta testigantzak jasoz.
Ostegunero bideo berri bat jarriko dugu Youtuben haurrek ostiralean ikastetxean ikus dezaten eta asteburuan etxean gurasoekin parteka dezaten. Helburu akademikorik gabe, familiek gure herria modu dibertigarrian eta erakargarrian gehixeago ezagutzea da helburua.
Haurrez gain, familia osoak ikusteko moduko bideoak izango dira, beraz.
Bai, eta herria ezagutzeaz gain, Xalto herriko erreferente euskalduna bihur daiteke, eta hori ere garrantzitsua da, alegia, herriko pertsonaiak ezagutaraztea eta gerturatzea euskaraz. Hori da proiektu honen apustua.
Proiektu honetan ekarpena egiten dutenek ordainsaria izango dute, gainera; eman eta hartu egingo dute.
Saria berez proiektua aurrera ateratzea izango litzateke. Halere, crownfundinga hartu-emaneko edo joan-etorriko harreman bihurtzea nahi dugu. Horregatik, ekarpen kopuruaren arabera opariak banatuko ditugu: Korri, Xalto ta Brinko Jaizkibelgo itsasertzean ipuina, Korri, Xalto ta Brinkoren abenturak hamar ipuinen bilduma, Lezokuak liburu bilduma, Dantzan CDa, bideoen kredituetan izena edo logoa jartzea... Badira Euskal Herriko herritar guztientzat erakargarriak eta interesgarriak izan daitezkeen beste opari batzuk: Xaltoren ordubeteko pailazo ikuskizuna, buruhandien tailer bat, Xaltok ekintza edo ekitaldi baten aurkezpena, dinamizazioa edo animazioa egitea... Auzo, herri eta eskola txikientzako aukera erakargarria izan daiteke, azken finean, proiektu bati laguntzearen truke Xalto euren auzora, herrira, eskolara, ludotekara, liburutegira edo elkartera joan baitaiteke.
Gure kultur ondarea eta hizkuntza oinarri dituen proiektu bat da eta hartu-emanean denok aberastuko gara kulturalki eta euskaraz.
Egitasmoa gustatuz gero edo egitasmoarekin bat eginez gero, nola lagundu daiteke?
Azaroaren 7a baino lehen eu.goteo.org/project/herrian-xaltoka helbidean ekarpena eginda.