IDAZTEN ETA IRAKURTZEN JAKITEA BIZITZARAKO OINARRIZKO GAITASUNA DEN BEZALA, “BISUALITATEAN ALFABETATZEA” (IRUDIAK ULERTZEA, TESTUINGURUAREN ARABERAKO ESANAHIA INTERPRETATZEA...) HAURRARENTZAT FUNTSEZKO TRESNA BAT DELA USTE DU ASIER MENDIZABALEK. TXIKITATIK HEZIKETA BISUALA JASOTZEA “MUNDUARI BEGIRADA KRITIKO BATEKIN“ BEGIRATZEKO ETA GAUZEN KONPLEXUTASUNA ULERTZEKO OSO LAGUNGARRIA LITZATEKEELA DIO ARTISTAK.
Norberak izan dezakeen trebetasun edo abilezia teknikoaren gainetik, bizitzaren aurrean “norbere erantzunak bilatzeko” hartzen den jarrera bat da artea, Asier Mendizabalen iritziz (Ordizia, Gipuzkoa, 1973). Ariketa hori txikitatik landu daitekeela uste du, haurrei heziketa bisuala emanez. ”Munduarekin harremantzeko oinarrizko ezagutza bat da, idazten eta irakurtzen jakitea bezala”.
Nola izan zen sorkuntzarekin, eta arte plastikoekin, lotzen zaituen harremanaren hasiera?
Irudipena daukat bokazio goiztiarrak gaizkiulertze baten ondorio izaten direla. Egia da ume batzuek trebezia berezia dutela marrazteko, plastilinarekin gauzak egiteko... eta teknikarekiko trebetasun hori sorkuntzarako ahalmen batekin identifikatu ohi dugu. Nire ustez, hori problema bat da artearen posibilitatearen transmisiorako. Irudikatzen duzu trebetasun hori desira bat bezala, baina gero kontura-tzen zara inporta duena ez dela hori, beste gauza bat baizik.
Nik banuen halako interes bat komikietan eta marrazkietan, eta, bestetik, trebea nintzen marrazketan. Nire gurasoek, horretaz konturatuta, animatu ninduten, eta une batean nik ere eskatu nuen herriko pintore batekin klaseak hartzea. Hurbildu nintzen mundu batera eta portaera batzuetara. Baina kontzientziarik gabe artean. Gerora jabetu nintzen horrek ez zuela zerikusirik artearekin dudan harremanarekin. Jabetze horretan ematen da benetako sorkuntzarekiko konpromisoa.
Zertan datza konpromiso hori?
Konpromisoa agertzen da kontura-tzen zarenean artea ez dela tresna bat bakarrik, baizik eta munduaren aurrean hartzen duzun jarrera bat. Mundua irudikatzeko halako borondate fuerte bat sentitzen duzu. Ulertzen duzu hor badagoela zure subjektibitatea eratzen duen zerbait, zure burua eta munduarekiko zure erantzunak antolatzeko behar duzun zerbait. Eta horra iristeko, ezagutza baino gehiago, behar da argitasun ideologikoa: zer nahi duzun eta zertarako nahi duzun.
Aukera hori maizago gertatzen da modeloak topatzen dituzunean, hezkun-
tza arautuan eskaintzen diren urratsak jarraituta baino. Ez dut esaten pauso horiek jarraitu behar ez direnik, baina benetan artista izateak zertarako balioko ote duen bakarrik ulertzen duzu proiektatzen zarenean beste baten modeloan.
Nolakoa izan zen zure modeloa?
Kasualitatez egokitu zitzaidan, institutuan topo egin nuen irakasle batekin. Irakaskuntzatik aparte bere lana egiten zuen artista bezala, oso gaztea zen, eta bere interes estetikoak eta nireak oso antzekoak ziren. “Artista izatea hori baldin bada, nik ere izan nahi dut”, pentsatu nuen. Ez zen egunkarietan ateratzen ziren artista ezagun horietako bat, ez, baina hark bere bizitzarako baliogarri zituen erantzunak niretzat ere baliogarri izan zitezkeela ulertu nuen. Modelo horretan proiek-
tatzea oso inportantea izan zen: ulertu nuen mundua irudikatzeko geure buruarentzat baliogarria den sistema bat eratzea dela guk egiten duguna, dena dela ere trebetasuna, ezagutza edo jakintza.
Konpromezuaren momentua noiz heldu zen?
Arte Ederrak ikastera joaten diren ikasle guzti-guztiak bezala, nik ere ez nuen ideiarik zertara nindoan. Banuen halako irudi bat, arteari buruz edo artista izateari buruz, baina karrerako bost urteak irudi hori desmuntatzen eta burutik kentzen pasa nituen.
Baina azken urtean zorte handia izan genuen, Angel Bados artista izan genuen irakasle, eta bera etortzearekin batera espektatiba bat sortu zen. Gizon hari ulertzea asko kostatzen zi-
tzaigun, bere diskurtsoa konplexua zen gure ezagutza mailarentzat, oso diskurtso espezializatua zen: linguistika, psikoanalisia, estrukturalismoa...Eta gogoan dut lehenengo egunetik zailtasun harekiko lilura sentitu nuela, oso desira indartsua. Lehenengo aldiz, irakasleak proposatzen zuena ez zen azalpen eskuragarri bat.
Hor ikasi nuen gauza bat, gerora oso baliogarria izan zaidana: ikasi nuen interesatzen zitzaidana jakin-minaren momentu hori zela, desiraren momentu hori, eta zailtasuna ez zela arazo bat, baldintza bat baizik. Ez zuela ezer ezkutatzen, erakutsi baizik. Baina ez dena emanda erakutsi, bide bat proposatuta baizik. Konpromezuan eratu beharreko bide bat.
Haurren hezkuntzan, nola landu beharko lirateke arte plastikoak?
Niretzat inportantea da hau ulertzea: guk umeei irakurtzen eta idazten erakusten diegunean, ez dugu pentsatzen idazle izango direnik. Bizitzarako funtsezko tresna bat ematen diegu, oinarrizko gaitasun bat. Zergatik uste dugu irudiarekiko harremana, irudiak ulertzea, irudiak proposatzea, irudi batek zertan datzan ulertzea, irudiek zeinu bezala –esanahiekin, alegoriekin, metaforekin...– nola funtzionatzen duten ulertzea ez dela oinarrizko ezagutza bat? Zergatik uste dugu ume bat plastikaren eremu zabal horretan jartzen dugunean, espresio edo askatasun eremu batean hezten ari garela? Zergatik atxikitzen diogu artistaren rol sortzailea umeari?
Hezkuntzan hori falta dela uste dut; heziketa bisual bat, zeinuen, formen, egitura linguistikoen heziketa sendo bat, ez duena artearekin eta sorkuntzarekin zerikusirik. Oinarrizko erreminta bat da, idazten eta irakur-tzen jakitea bezala. Zergatik? Arteak duen birtualitatea hori delako: irudiak irakurtzeak dakarren problematika guztia ikasteak harreman zailagoa proposatzen du irudiaren eta esanahiaren artean, irudiaren eta narrazioaren artekoa baino. Hitzezko lengoaiaren bidez naturalizatu egiten ditugu harremanak. Baina irudiarekin lan egiten dugunok badakigu hori ezin dela naturalizatu, hori beti dela lengoaiak finkatutako ezagutza bat, ideologiak edo historiak determinatua.
Ikasbide hori arlo guztietan aplikatu daiteke, begirada kritiko batekin begiratzeko. Esateko, “hau da hau, baina bada ere beste zeredozer”, “ideologiak, historiak, ekonomiak determinatzen du hau horrela izatea, irudi bat horrela izatea, telebistako saio bat horrela izatea, publizitateko orri bat horrela izatea...”.
Hori irakurtzen eta desmuntatzen ikastea, oso txikitatik, bada ikusiz-ko edukazio batetik egin daitekeen ariketa bat. Eta azkenean, hori ez al da gauzen konplexutasunari uko ez egitea, eta gauzak beti begirada berritu batekin begiratzea?
Haurrek nola jokatzen dute horrelako esperientzien aurrean?
Guggenheim museoak Galdakaoko ikastola batean antolatutako ikastaroa egin nuen 8 urteko umeekin, paisaiaren ideiaren inguruan. Bi aukera nituen: paisaiaren forma sinboliko edo naturalizatu hori ontzat ematea, alegia, paisaia mendiak, etxeak, itsasoa direla onartzea, edo umeei ikustaraztea paisaia dela kategoria mental bat, paisaia edozer gauza dela. 60-70eko hamarkadetako “land art” proiektuen diapositibak jarri nizkien. Gogoan dut asko gustatu zitzaiela Robert Smithsonen lan bat: basamortuan, kamioikada brea oso bat bota zuen amildegitik behera, mingain moduko bat sortuz [“Asphalt Rundown”, 1969]. Umeetako inork ez zuen galdetu zer zen artistak egin nahi zuena...
Horrek ez du esan nahi ulertu zutela “land art”-aren historia, ezta beharrik ere, baina batez ere ulertu behar izan ez dutena da paisaiaz daukagun irudi sinboliko hori dela paisaia. Haur bati ez zaio hori esplikatu behar, eta horren beharrik ere ez du. Intuitiboki ulertzen du.
Banandu egin behar dira irudiarekiko lana eta irudiak egiteko trebetasuna. Formekin lan egiteko era bat bilatu behar da, umeei jakin-min eta ikuspegi kritikoa emango diena. Erakutsi irudiarekin konpromezuzko harreman bat izaten, eta banandu trebetasunetik. Horretarako, egon beharko luke irakaslea ez den figura bat, lehen aipatzen nuen modeloaren antzekoa, arazoak harengan proiektatu eta erantzunak bilatzeko, eta ez ezagutza transmititzeko.
Elkarrizketaren hasieran bokazio goiztiarren inguruko gaizkiulertze bat dagoela esan duzu. Ez duzu bokazioan sinisten?
Ez eta bai. Oso eszeptiko naiz korronte kognitiboekiko, baina zientifikoki esparru kognitiboan lanean ari direnek lantzean behin ateratzen dituzte aurkikuntza berriak, nolabait proposatzen dutenak halako predeterminazio fisiko bat portaera batzuetarako. Nik ez dut erremintarik hori zalantzan jartzeko.
Aldiz, arlo izpiritual batetik, zaila da hori proposatzea. Bi gauzak banandu behar dira: gauza bat da gaitasun fisiko edo psikologikoa, eta beste bat lengoaia eskuratzea. Ezagutzen ditut trebetasun hori inoiz izan ez duten artista oso onak, hain zuzen trebetasun falta horren kontra eratu dutelako beren lengoaia. Ezintasun horri aurre egiten behar izatea bada artearekin erlazionatzeko bide nahiko aberatsa. Beraz, bokazioa ulertzen badugu trebetasun edo erraztasun batekin lotuta, esango nuke ez dela hain inportantea.