Imanol Alvarez Varela Bilboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosofia irakaslearen iritzi artikulua.

 

Aurreko ikasturteko Bizikidetza izeneko artikuluaren jarraipena da hau. Ofizioak, gauza garrantzitsuak errepikatu behar direla erakutsi didalako agian. Palestinako genozidioaz edo Bernedoko udalekuei buruz idazten ari naiz baita ere, baina interesgarriagoa da atzean dagoena. Izan ere, gauza asko gertatu dira martxotik hona, gizartea dikotomikoegia dela demostratzen jarraitu dutenak, denak.

Heziketa, bizikidetza sustatzeko modurik onena dela errepikatu ohi dugu mantra baten antzera. Hutsala bilakatzen da, ordea, hezteko intentzioarekin egiten duguna doktrinatzea denean. Doktrinamendua ideia eta balio batzuen transmisioarekin lotua dago. Kritikotasuna eta pentsamendu autonomoa garatzen laguntzearekin, heziketa. Baina hori ez da lortzen dekretuan hitz magikoak jarrita. Sustatzeko gaitasuna duten metodologiak eta irakasleak behar dira.

Baina, zergatik elkarrizketa argudiatu kooperatiboa bizikidetzan? Pentsatzeko askatasunik gabe inork ez duelako iritzirik aldatzen, bereziki, nerabezaroan. Nork bere hausnarketak soilik eraman gaitzake ondorio ezberdin batzuetara, eta guk, hori gertatzeko testuingurua sor dezakegu. “Desegokia” den zerbait esaten duen ikasle bat isilarazten dugunean gauza bera pentsatzen jarraituko duelako, motibo gehiagorekin gainera. Argudioen eskakizunek behartzen dituzte pertsonak esandakoaren arrazoiak aztertzera. Gauzak ondo eginez gero, taldea bera da moderatzaile arrazoinamenduzkorik eta moralik onena, arau guztiak baino indartsuagoa.

Topiko utopikoetan ez galtzeko, argibide bi: marra gorriak beharrezkoak dira, baina lausoak izan behar dira. Zuzentasun politikoaren diktadurak dikotomien betikotzea besterik ez dakar. Eta hori ez da proposamen neutro edo erlatibista bat: arrazoia, koherentzia, elkarrizketa… bezalako balore instrumentalak daude atzean. Pertsona bakoitzak bere ideiak eta baloreak eraikitzeko, beharrezkoak.

Baina hori guztia nahikoa ez balitz, kontuan izan urteak daramatzagula kontrakoaren porrota ikusten. Ondo eta gaizki dagoena esateak ez garamatza inora. Elkarrekin pentsatzen bi gauza ikasten dira: pentsatzen eta elkarrekin egoten. Sinplea bezain konplexua.